Osasun publikoaren afera

Arreta gutxi lehen arretari

Irati Urdalleta 2019ko ots. 7a, 19:59

Medikuen paziente muga errespetatzea, ordezkapenak betetzea, aurrekontua handitzea eta burokrazia murriztea eskatzen ari dira osasun langileak. Erizainek sinadura bilketari ekingo diote.

Osasungintzan lehen arreta hobetzea. Hori eskatzen ari da Lehen Arreta Arnasberritzen plataforma. Bertako kideak dira Ina Idarreta Tolosako osasun zentroko famili medikua eta Ramon Zabala Tolosako anbulatorioko harrera administratzailea.

Urtebete baino gehiago da plataforma sortu zutela, eta lehen arretan hutsune estrukturalak daudela salatzen dute. Hasieran medikuek bakarrik osatzen zuten, baina erizainak, harrerako langileak, farmazialariak eta pediatrak ere sartzen joan dira. Izan ere, bizi duten egoera ez da erraza. Egunero 25 kontsulta eta bi urgentzia artatu beharko lituzkete, baina 40 pazientera ere iritsi izan dira. Hamar minutu dituzte, hain zuzen ere, mediku nahiz erizainek, paziente bakoitzarekin egoteko, baina batzuetan hori ez da betetzen. Izan ere, sistemak sar ditzake hiru edo lau gaixo minutu berean, edo bi minuturen aldearekin.

Egoera horrek ezinegona eragin du, bai anbulatorioko langileen artean, baita pazienteen artean ere. Idarretak azaldu duenez, askotan izaten dute nahikoa artatu ez izanaren sentsazioa: «Harreran ere gerta dakiguke ez konturatzea gaixo batek zein behar dituen. Hor ere beste antolaketa bat eduki beharko litzateke», dio Zabalak. Izan ere, harrerakoek ere lasaiago lan egingo balute iragazki bat pasatzeko aukera izango lukete eta, larritasunaren arabera, hobeto bideratuko lirateke kasuak. Gainera, osasun zerbitzuek ondo funtziona dezaten, beharrezkoa da behar direnean soilik erabiltzea. «Gauza bat da erraza izatea guregana iristea, baina, bestea, pazienteak nahi duen orduan eta nahi duen moduan egitea», dio medikuak.

Gehienez 27 paziente izatea eta horiekin egoteko nahiko denbora edukitzea, ez da plataformak duen eskaera bakarra. Ordezkapenak ere betetzea nahi dute. Hala ere, ez dute eskatzen %100ean ordezkatzea, horrek jende pila bat baldintza txarretan lan egiten edukitzea ekarriko lukeela uste dutelako, baina plangintza orokor bat falta delakoan daude. «Esaten digute medikuen %50 ere ezin dituztela ordezkatu, ez dagoelako medikurik, baina bestelako langileak badaude, eta ez dituzte ordezkatzen», salatu du Idarretak. Zabalak dio lau ordezkapenetatik bat edo hirutik bat betetzen dituztela: «Oporrak aurreikus daitezke eta egokitu gaitezke, baina bajak eta erretiroak bete egin behar dira. Ez dakit nola egingo duten, baina beraiek dute giltza eta ez guk». Azterketa bat ere egin dute eta eskatzen dute mediku bakoitzeko erizain bat egotea, gutxienez, eta 0,7 harrerako langile. Ratioen arabera, Tolosan, esaterako, mediku bat gehiagok egon beharko luke.

Aurrekontua handitzea ere nahiko lukete. Lehen arretak eduki beharko luke aurrekontuaren %20, baina, momentu honetan, %13 edo %14 dauka. «Diruarekin egoera hobetuko litzateke, baina ez da hori bakarrik: gure kontsultak burokraziaz bete dira». Hain zuzen ere, azken hori da identifikatu duten beste arazoetako bat. Adibidez, unibertsitatean Bologna plana sartu zenetik, ikasleek klasera faltatzen badute, medikuaren frogagiria behar dute. «Langile bat goizean, lantegian zegoela, gaizki sentitu zen, eta etxera bidali zuten. Arratsaldean urgentziazko kontsulta bat eskatu behar izan zuen, lantegira paper bat eramateko, eta hori absurdoa da», azaldu du Idarretak.

Gizartea aldatzen ari da etengabe, eta osasungintzak ere horretara egokitzeko gaitasuna eduki beharko luke. Azken urteetan gaixotasun kronikoak asko zabaldu dira, bizi itxaropena handitu egin da eta botikak hartzea gero eta ohikoagoa da. Etxez etxeko zerbitzuari ere arreta berezia jarri behar zaio: «Zerbitzu hori behar dutenak ez badira ondo zaintzen, ospitalera joango dira. Hori askoz garestiagoa da eta pertsonak alferrik sufritzen du», dio Idarretak. Gainera, ikusten dute zuzendaritzak plangintza guztiak bulegoetatik egiten dituela. Idarretaren arabera, gelditu, hausnartu eta beste bide batzuk jorratu beharko lirateke.

 

ERIZAINEK SINADURA BILKETA EGINGO DUTE, LARUNBATEAN, TOLOSAN

Herri ekimen legegile bat aurrera eramateko sinadura bilketa egingo dute erizainek, larunbatean. Trianguloa plaza eta Zerkausi aldean egongo dira goiz partean. Amalia Gonzalez Satse erizainen sindikatuko kidearen arabera, erizain bakoitzak artatu behar dituen paziente kopurua mugatzea eskatzen dute, gaur egun, ez daukatelako mugarik. Horrela, erizain kopurua Europako zifretara hurbiltzea nahi dute. Hain zuzen ere, gaur egun, 7,1 erizain daude mila biztanleko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Europan, berriz, 8,8. Garrantzitsua da erizain kopurua handitzea gero eta zaharragoa den gizarte honetan, prebentzioa ere beraien lana baita, Gonzalezek dioenez. Gipuzkoan 9.000 sinadura biltzea behar dute, eta 7.000 badauzkate dagoeneko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!