Kalitatezko enplegua sortzea lehentasuna izango da Tolosako EAJ-rentzat

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 22a, 15:58

Tolosako EAJ-PNVk herriko ekonomia eta enplegua indartze bidean, merkataritzari eta turismoari bideratutako proposamenak aurkeztu ditu. Olatz Peon alkategaiarekin batera, hautagaitza zerrendako kideek hartu dute parte goizeko agerraldian.

Hautagaitza jeltzaleko zerrendaburuak, gizartearen ongizatea jarduera ekonomikoaren martxa onak bermatzen duela nabarmendu du. “Herriko eragile ekonomikoen beharrak gertutik ezagutzea ezinbestekoa da guretzat egungo errealitateari eta etorkizuneko beharrei erantzuna emateko; horregatik, Lanbiderekin, Eskualdeko Garapen Agentziarekin, herriko merkataritzarekin eta enpresa txikiekin elkarlanean jarraituko dugu”, azpimarratu du Peonek.

Lan aukera berriak eskaintzea helburu hartuta, Enplegu Plana zein urteroko enplegu azoka babestu eta sustatzen jarraituko dute jeltzaleek, baita ekintzailetasuna ere, EMARI-coworking eremuaren bitartez, aukera berriak aztertuz. Era berean, “tokiko industria indartzeko lan egiten jarraituko dugu, kalitatezko enplegua sortu eta herritarren ongizatea bermatzeko”.

Hainbat proposamen dituzte:

  • Apattaren bigarren fasea garatzea.

  • Sustapen politikak eta lehiakortasunerako programa berriak indartzea eta Bikain Plan Estrategikoa garatzea.

  • Elikaduraren esparruan ekintzailetza bultzatzea.

  • Lanbide heziketa eskaintza inguruko enpresen behar berriei egokitzea.

Merkataritzari dagokionez, halaber, garrantzi berezia du Tolosan, lanpostuak sortzeaz gain, lehiakortasuna lantzeko eta belaunaldi eskualdaketa emateko Tolosa&Co-rekin hitzarmena sendotzea proposatu dute, baita lokal hutsak merkaturatzea ere. “Merkataritzak, aberastasun ekonomikoaz gain, aberastasun sozial handia eman eta kaleak biziberritzen dituelako”. Nekazal jarduera errazteko Hirigintza Plan Orokorrean jasota dauden oztopoak bideratuko dituztela azaldu dute. “Horrez gain, baserri bideak hobetzeko planarekin jarraituko dugu, eta landa auzoetako bizi kalitatea hobetzeko ekimenak sustatuko ditugu auzotarren partaidetza oinarri hartuta”.

Azkenik, jarraitzen duten ildoa turismo jasangarriarena dela azpimarratu du. Tolosa zein tolosarrentzat aukera gisa indartzeko, hiriaren kanpo proiekzioa lantzen jarraitzeko konpromisoa azaldu dute. Horretarako, besteak beste, turismo bulego berria zabalduko dute. “Trianguloa plazan jartzea proposatzen dugu, eta hori legealdi honetan gauzatu beharko litzateke”.

Atzo, hirigintzaz

Bestetik, atzo, Zumardi Txikian egindako agerraldian, hirigintzaz eta etorkizunean ikuspegi zabalago batetik lan egiteko arduraz aritu ziren. "Tolosako gure proiektuak ezin duelako legealdi batera soilik mugatu”, adierazi zuen alkategaiak. Legealdi honetan landu eta hurrengoan burutuko diren proiektuetatik, batzuk lehenetsi eta azaldu zituzten.

Batetik, Zumardi Txikia tolosarrentzat berreskuratzea. “Legealdi honetan zehar Oria ibaia berreskuratzeari buruzko azterketa burutu dugu. Berdeguneak dituen aisialdi eta elkargunerako espazio atsegin gisa berritu nahi dute. Horretarako, lehendabizi, bertako aparkalekua lekualdatu behar dugu; aukera ezberdinak aztertuz, eta herritarrekin elkarlanean".

Horrez gain, Rondilla kalea eraberritzea proposatu zuten, irisgarriagoa, atseginagoa eta erosoagoa izan dadin, espaloiak zabalduz eta errepidearen maila berean jarriz. “Hirigintza lan horien bitartez, merkataritza eta jarduera ekonomikoa bultzatzea dugu helburu".

Azpiegitura sozio-kulturalak ere berrantolatu eta hobetuko dituzte, azterketa sakonak egin ondoren. “Zerbitzuak hobetu eta berriak eskainiko ditugu, antzemandako behar eta lehentasunei jarraituz”. Besteak beste, udal liburutegia handitzea eta berrantolatzea, kultur etxea eta musika eskola egokitzea, musika taldeentzat entsegurako lokalak sortzea eta Emakumeen Etxea eraikitzea dira proposamenak. Kirol eragileekin elkarlanean, Usabalgo 3. fasea eta Berazubi ere garatuko dituzte, egungo guneak handitu, eta zerbitzu hobeak eta kalitatezko instalazioak eskaintzen jarraitzeko.

Azkenik, herriko kaleak berritzen jarraituko dutela adierazi zuten, oinezkoei leku gehiago eskaintzeko. “San Esteban eta Gorriti plazaren eremuetan urratsak egiten jarraituko dugu". Halaber, auzo-gune berriak bultzatuko ditugu bertan etxebizitza babestuak egin daitezen”.

Ingurumenari eta jasangarritasunari lotuta, genero ikuspegia barne hartuta landutako Mugikortasun Planean jasotako ekimenak ere gauzatuko dituzte. Garraio publiko, elektriko zein hibridoaren erabilera bultzatuko dute, kotxe elektrikoen kargarako guneak sortuz eta Trantsizio Energetikoaren Plana diseinatuz eta garatuz, energia eraginkortasunaren aldeko urratsak egiten jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!