«Errespetutik egiten dugu inauteria tolosarrok, idatzi gabeko arauetako bat da»

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 21a, 07:58

Joxe Mendizabal, bere seme-alaben erdian, Ero-Etxe txarangan.

Ibartarra da jaiotzez eta Villabonan hazi zen Joxe Mendizabal Aldadur (Ibarra, 1967). Iruran bizi ondoren, orain Tolosan hartu du habia. Bertakotzat du bere burua, batez ere inauteriei buruz ari garela. 

Zeintzuk dira inauterien inguruan dituzun lehen oroitzapenak?
Lotuta daude akordeoiarekin eta musikarekin. Ni Villabonan bizi arren, Isidro Larrañagaren eskolan aritzen nintzen, eta hark esanda, 12-13 urte nituela karroza batean atera ginen musika jotzen. Berazubiko karroza zen eta Berdura plaza irudikatu zuten urte hartan.

Ordutik hona asko aldatu al dira inauteriak?
Garai hartan musika ekiporik ia ez zegoen eta zuzenean eramaten zuten musika karroza askok. Gaur egun aldatuta dago eta potentzia handiko ekipoak erabiltzen dira, oso ozen entzuten da musika. Ez dut esaten gaizki dagoenik, baina aldaketarik handiena hor sumatzen dut. 

Nola azaltzen diezu kanpotik datozenei zer diren Tolosako inauteriak?
Duela gutxi Galiziako gazte batekin hitz egin nuen. Bere lehen aldia du inauterietan. Kanpotik etortzen denari agian irudituko zaio edozerk balio duela eta edozer egin litekeela, baina ez da horrela. 
Errespetutik egiten dugu inauteria tolosarrok eta hori da idatzi gabeko arauetako bat. Jendearekin egon eta elkarrekin ondo pasatzeko gogoa da inportanteena, dena delakoa izanik ondoan duzuna. Jai handia da. Niretzat urtea ez da urtarrilaren 1ean hasten, Hausterre Egunean baizik. Oso inauterizalea naiz.

Inoiz hutsik egin al duzu inauterietan?
Ez. Tokatu izan zait lanagatik egunen batean egon ezina, baina ahal dela jai hartuko ditut egun horiek, behintzat Zaldunita, Astelenita eta Asteartita. Ez zait burutik pasatzen hemen ez egotea. Badaukat lagun bat New Orleansera (AEB) joateko gonbidapena egiten didana urtero, han ere inauteri ezagunak egiten dituztelako, baina ez naiz inoiz joan. Egia esan nahiago dut hemen.

Zeinen alboan bizi dituzu inauteriak?
Ostegun Gizenean hamaiketakoa egitera joaten naiz Larrañagatarrekin, Ero-Etxe elkartera. Garai bateko musika eskolako jendearekin ibiltzen naiz egunez. Gauean Casino elkartera joaten naiz afaltzera. Zaldunita egunean kuadrillarekin ateratzen naiz. Astelenita Ero-Etxekoekin, 30 urtetik gora dira haiekin ateratzen naizela txarangan. Asteartita, lasaiago, familiarekin eta inguruko lagunekin pasatzen dut. Ohitura horiek mantentzen ditut.

Txaranga edo tabernetako musika. Zer  duzu nahiago?
Txaranga zalea naiz. Gainera iruditzen zait oso presente dagoela inauterietan, ez bakarrik kalean, baita taberna zuloetan ere. Belaunaldiz belaunaldi pasatzen den ohitura dela iruditzen zait. Nik Ero-Etxen perkusioa jotzen dut. Tronboia jotzen ikasten ere hasi nintzen bere garaian, baina utzita daukat. Ea aurki berreskuratzen dudan.

Ero-Etxe txarangarako moldatu eta sortu izan dituzu inauterietako piezak.
Bai aurretik txisturako osatutako pieza bat moldatu nuen txarangarako eta urte batzuk beranduago Eronera habanera osatu nuen 2007 inguruan.

Inauteriak badu alde txarrik?
Gertakari desatseginak toki guztietan gertatzen dira, baina ez dut uste inauterien kontua denik, bestela ere edozein garaietan gertatu daitezke, errespeturik ez badago. Gainerakoan, uste dut asko aipatzen direla gazteak eta sortzen den zarata eta haiei botatzen zaiela errua. 
Nire esperientzia bestelakoa da, ordea; txarangarekin pasatzen garen guztietan jaisten dute musika. Masifikazioa ere askotan aipatzen da. Gu aritzen gara inauteria gora eta behera, oso harro, ezingo gara hasi orain jendeari ez dadila etorri esaten.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!