Elkarrizketa

«Sute asko piztu zaizkigu azken hilabeteetan eta herriak epaitu gaitu»

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 29a, 19:58

Azken hauteskundeetatik hona mila boto galduta, oposizioan arituko da EAJ datozen lau urteetan; zazpi zinegotzi izango dituzte.

Aztertzeko eta hausnarketarako denbora hartu nahi du Xarles Iturbek (Tolosa, 1978) datozen egunetan, atzo jasotako emaitzen ondotik.

Nola baloratzen dituzue EAJk lortu dituen emaitzak?

Ez da egun erraza izaten ari. Ez dira espero genituen emaitzak. EH Bildu eta Andu [Martinez de Rituerto] zoriondu nahi genituzke, garaile argiak izan direlako. Gure aldetik, 3.500 pertsona inguruk eman diote alderdiari botoa, eta azpimarratu nahi genuke jende horren sostengua. Eskerrak eman nahi dizkiegu emandako konfiantzagatik. Herriarengatik, beste leku batetik, lanean jarraituko dugu, ez dago besterik.

Duela lau urteko hauteskundeetatik hona, 1.000 botoko galera izan duzue. Zerk eragin du?

Oraindik goiz da zergatiak ondorioztatzeko. Arrazoi desberdinak egongo direla pentsatzen dut. Denok ikusi dugu Tolosan gertatu dena, ez dela bakarrik Tolosan gertatu, Gipuzkoa osoko herrietan gertatu da, Bizkaian ere bai neurri batean. Aztertzeko garaiak datoz, alderdiak bere hausnarketak egin beharko ditu. Gu geure onena ematen saiatu gara azken zortzi urteetan, Tolosan.

Inkestek EAJren beherakada etor zitekeela zioten. Hala ere, espero zenuten halako emaitzarik?

Egia esateko ez. Azken EITB Focus inkestaren aurretik, beste inkesta bat egin zen, eta halakorik ez zen ikusten. Olatu handia izan da. Jende asko etxean geratu da, eta abstentzioak eragina izan du gurekiko. Hausnartu beharko dugu, pentsatu, ulertu, zergatik jende hori guztia etxean geratu den.

Kudeaketan zerbaitetan huts egin duzuenaren irudipena duzue?

Seguru baietz, ez gara perfektuak. Geure onena ematen saiatu gara. Ez da agintaldi erraza izan, sute asko piztu zaizkigu azken hilabeteetan, batzuk artifizialak, baina edozein kasutan, herriak epaitu gaitu.

Alde Zaharra, Zumarditxikia, Zubi Berria, Asuncion eta ospitale berria... polemikarako gaiak izan dira.

Proiektu bakoitzak programa oso bat eskatuko luke, gauzak nola diren, zergatik izan diren azaltzeko. Hemendik aurrera beste batzuei tokatuko zaie problema guzti horien kudeaketa, eta ikusiko dugu gauzak ez direla hain errazak.

Andu Martinez de Rituerto zoriontzeko tarterik hartu duzu?

Noski baietz, gu pertsona dotoreak eta eleganteak gara. Atzo berarekin hitz egin nuen, eta beragatik pozten naiz.

Zein uste duzu izan dela EH Bilduren emaitzaren arrazoia?

Gure alderdiak ez du jakin bere boto emaile potentziala aktibatzen, eta aldiz, EH Bilduk hori ondo egin du. Galdetu izan didatenetan EH Bilduren ze gaitasun aipatuko nukeen, uste dut ahalmen hori daukala ezker abertzaleak, eta guk halako zerbait edukitzeko lanean jarraitu beharko dugu.

Auzoz auzo emaitzak aztertu dituzue?

Atzo batzokian ordenagailu aurrean neroni aritu nintzen datuak jasotzen. Mahai gutxi batzuetan irabazi dugu, gehienbat zentroko mahaietan. Oro har, beste hauteskunde batzuetan gertatutakoa gertatu da, baina diferentziak nabariagoak izan dira. Zentroa da alderdiak boto gehien jasotzen duen eremua, eta beste eremu batzuetan gutxixeago; hor ezker abertzalea nagusitu da argi eta garbi.

Zazpi zinegotzi lortu dituzue. Zer nolako lana egingo duzue oposiziotik? 

Eraikitzailea. Hausnarketa egin eta ondorioak atera behar ditugu, talde berria enpastatu beharra daukagu, digestioa egin beharra daukagu. Ikusi beharko da, baita ere, gobernuaren jarduna nolakoa den eta zer jartzen duen mahai gainean, eta horren arabera alderdiak bere posizioak hartuko ditu. Poesiatik prosara pasatu beharko dute beste batzuek.

Taldean gehientsuenak berriak zarete. Transmisioa egin al dizuete aurretik zinegotzi izan direnek?

Zazpi zinegotzitatik bi udalean eskarmentu handiko pertsonak dira, Patxi Amantegi eta Xabier Balerdi. Neronek urte eta erdi daramat udalean, eta beste pertsonak udaletxean berriak dira baina eskarmentu eta esperientzia handiko pertsonak dira, neurri batean. Alderdian talde logikan jolasten dugu, udaletxean batzuk egongo gara, baina alderdia eta batzokia askoz ere zabalagoa da eta denak eskutik emanda hitz egingo ditugu hitz egin beharrekoak.

Zertan jarriko duzue indarra legealdi berrian?

Herriak beste leku batean jarri gaitu, eta lidergoa beste batzuei tokatuko zaie. Udalak egin nahi duen bidea EH Bilduren eskuetan egongo da. Guk gure programa daukagu, baina ikusi beharko dugu gobernutik zer planteatzen den, eta horren arabera, gure posizioa hartzen joango gara.

Ze erronka ezin du alde batera utzi Tolosak?

Erronka asko dauzka. Gazteentzako etxebizitza erronka oso urgentea da, eta gero badaude beste proiektu garrantzitsu batzuk. Zumarditxikiari bere mementoa iritsi zaiola esango nuke, era batera edo bestera. Aparkalekuen kontua ere mahai gainean dago, baditugu erronkak, baina gu oposizioan izango gara eta beste batzuek tiratu beharko dute orain.

Kargu hartzeko plenoaren aurretik nola aurreikusten dituzu aste hauek?

Azkeneko egunera arte lanean jarraituko dugu, eta ekainaren 17ra arte badauzkagu zereginak. Gure ardurekin jarraituko dugu eta Tolosaren hobe beharrez ere eskualdaketa egin beharko da EH Bildurekin, eta horrek ere bere denbora beharko du.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!