Gaur ekin diete Tolosako Gazte Topaguneak antolatutako auzolandegiei

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 26a, 09:47

Miserikordia zaharreko eremuan ariko dira datozen bi asteetan, goizez. Auzolandegien helburua da gazteen artean ingurumenaren zaintza sustatzea, kontzientziazio eta sentsibilizazio ariketa gisa.

Auzolandegia urtero errepikatzen den ekimena da eta 11 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Aurten ere, bi txandatan eramango da aurrera eta biak daude jada beteta: ekainaren 26tik 30era izango da lehen txanda eta uztailaren 3tik 7ra bigarrena. Goizez izango da, 9:30etik 13:30era eta parte-hartzaileek, besteak beste, miserikordia zaharreko landare igokariak eta belar txarrak kendu eta moztu edota harresia txukunduko dituzte, baita telegrafo zaharren inguruko belarrak txukundu eta moztu ere. Horretarako aditu baten laguntza izango dute gazteek, hain zuzen, sasiak garbitzeko makina edo bestelako materialak nora erabili erakusteko.

Auzolandegien helburua da gazteen artean ingurumenaren zaintza sustatzea, kontzientziazio eta sentsibilizazio ariketa gisa. Behin bi txandak amaituta, parte-hartzaile guztiak Sendavivara joango dira egun pasa, egindako lanaren eskertza gisa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!