Gazteen artean boluntariotza sustatzeko azoka, urriaren 18an

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 13a, 09:59
Iazko boluntariotza azokan hartutako irudia.

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak eta Tolosako Udalak lankidetzan antolatzen dute azoka eta helburua da gazteen artean boluntariotza sustatzea eta boluntariotza proiektuak ezagutzera ematea.

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolaren  ekimenez eta Tolosako Udalarekin elkarlanean, gazteen boluntariotza azoka egingo dute urriaren 18an, asteazkena.

Azokaren helburu nagusia da gazteen artean boluntariotza sustatzea, baina baita, aldi berean, boluntariotza- proiektuak ezagutzera eman eta horiek esperimentatzea, etorkizunean, ikasle horiek, gizarte eraldatzaile herritar konprometituak  izan daitezen.

Herri Batzarra

Udalak esan du azokak boluntariotza, solidaritatea eta elkar-laguntza bezalako balioak indartzen dituela, «Tolosa eta tolosarren elkartegintza sarea indartzen eta ehuntzen jarraitzeko». Gehitu du bat egiten duela herri eragileen sarea indartzeko, gazteen ekintzailetza sustatzeko eta sendotze komunitarioa zein elkarlan publiko-komunitarioa sendotzeko dituzten helburuekin. 

Era berean, iaz lehen aldiz egindako Tolosako Herritarren Batzarrean, herritarren osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko gomendioak egin zizkien batzar kideek Tolosako Udalari eta hain zuzen, horietako bat zen «boluntariotza sustatzeko pizgarriak, azokak eta gizarte eragileak eta herritarra elkar saretzeko egitasmoak aurrera eramatea». Horrelako ekintzei jarraipena emanez,  gomendio horiei ekintza bidez erantzuteko konpromisoa berresten duela esan du.

15 erakunderen eta 700 gazte ingururen partaidetza 

Azoka Tolosako Izaskun auzoan egingo dute, 10:00etatik 13:30era. Tolosaldeko ikastetxe guztiak daude gonbidatuta eta 700 gazte inguruk hartuko dute parte. Horrez gain, 15 erakunde ere bertaratuko dira, hala nola: Urrats bat, Dementzia bizitzen, Abegi, Garagune, Jatorkin, Adinkide, Itaka-Eskolapios, Gizalde, Atzegi, AECC, Gautena, Asebier, Fundacion Goyeneche, Zu eta ni, Aspace eta Dya. 

Erakunde eta gizarte eragileek boluntariotza-proiektuak aurkezteko stand bat izango dute eta ikasle zein herritarrak gerturatu ahal izango dira; 10:00etatik 11:15era lehen ikasle txanda pasako da, 11:15etik 12:15era herritarren txanda izango da, eta ikasleen bigarren taldea 12:15etik 13:30era pasako da. Eguraldiak lagunduko ez balu, azoka Zerkausian egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!