Erreportajea

Perla beltzaren egun koloretsua

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 17a, 11:59

Babarrunaren Festa eta euskal jaia ospatuko dituzte bihar Tolosan, eta egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. Azokarekin batera, Ekoizleen 28. Lehiaketa eta 35. Lehiaketa Gastronomikoa egingo dituzte goizean, eta festa giroak musika eta dantza izango ditu lagun egunean zehar.

Erreportaje hau Gipuzkoako Hitzan argitaratu da

Gainean da tolosarren urteko egun berezienetako bat; bihar ospatuko dituzte Babarrunaren Festa eta euskal jaia. Topaketa garrantzitsua da herritarrentzat, herriaren ikur nagusietako bat baita perla beltza —halaxe deitzen diote babarrunari herritarrek—, Tolosaren nortasunaren «ezinbesteko zatia». Horretarako, egitarau zabala antolatu dute Tolosako Udalak, herriko Eliker zentroak, Tolosako Babarruna Elkarteak, Tolosako Babarrun Kofradiak eta Gure Kaiola elkarte gastronomikoak, elkarlanean. «Ekoizleen lanari balioa ematea», horixe izango du helburu biharko ospakizunak, Imanol Zubelzu Eliker zentroko koordinatzailearen hitzetan. «Historian zehar, uzta garaia beti izan da festa garaia gure kulturan. Hori dela eta, festa giroa indartu nahi dugu, babarruna baita Tolosak duen lehengai preziatuena».

Bat dator harekin Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azoka Saileko zinegotzia. Nabarmendu du babarruna geroz eta beharrezkoagoa dela herritarrentzat: «Ezinbestekoa da dastatzen ditugun bertako produktuak gure mahaietara iristeko modua ematen duten ekoizleen lana azpimarratzea eta balioa ematea». Horrenbestez, bertaratzeko deia egin du: «Gozatu dezagun eguna festa giroan, mahaiaren bueltan, familian eta lagun artean», esan du Agirresarobe zinegotziak.

Babarruna da biharko festa herrikoiaren «epizentro» eta «protagonista», antolatzaileen arabera, eta, hain justu, babarrunaren ingurukoak izango dira egitarauko ekintza nagusiak. Perla beltzari eskainitako «azoka berezi» bat antolatu dute, besteak beste. Denera, hamabost postu izango dira, Trianguloa plazan, 09:00etatik 14:00etara.

Goizean zehar, bi lehiaketa egingo dira. 06:30ean, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen 28. Lehiaketak emango dio hasiera egunari, ordu horretan piztuko baitituzte suak ekoizleen lehiaketako babarrunak prestatzeaz arduratuko diren sukaldariek. Eskualdeko ekoizle ugarik parte hartuko dute txapelketan, eta inguruko sukaldariek prestatuko dituzte babarrunak.

Joxe Mari Aranburu Antxon Iglesiasi babarrunak ematen.

Dastatzeko aukera

Babarrunaren aurtengo uzta dastatzeko aukera ere izango da azokan. Horretarako, Babarrunaren Kofradiak platerak banatuko ditu eguerdian, Trianguloa plazan. Ohi moduan, bazkalorduan, herriko elkarte eta tabernetan babarrun jateak izango dira. Jatekoaz ez ezik, egun osoan zehar eta goizaldera arte, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera ere izango da, talde ugari izango baitira.

Gainera, euskal jaia izanik, soinean euskal jantziak eramateko deia egin diete herritarrei Tolosako Babarrunaren Kofradiak eta egunean zehar festan parte hartuko duten gainerako eragileek.

Ekoizleena, ordea, ez da biharko txapelketa bakarra izango. Izan ere, Gure Kaiola elkarte gastronomikoak antolatuta, Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren 35. aldia egingo da. Aurten, San Frantzisko pasealekuan egingo da estreinakoz, eta Tolosako babarrunik onenak zein bikotek kozinatzen dituen erabakiko dute. Guztira, 21 bikotek hartuko dute parte, eta 08:30ean ekingo diote babarrunak prestatzeari. Ekoizleen Lehiaketako azken irabazlearen babarrunak kozinatuko dituzte lehiakideek; Joxe Mari Aranbururenak, hain zuzen.

 

Juan Mari eta Gema Aramendi anai-arrebak, iazko lehiaketa gastronomikoko irabazleak.

Iaz, lehen aldiz, larunbatez egin zuten Gure Kaiola elkarte gastronomikoak antolatutako lehiaketa gastronomikoa; aurreko urteetan, igandez izan ohi zen. «Festatik kanpo geratzen ginelako irudipena genuen. Beraz, festa egun bakarrera mugatzea erabaki genuen antolatzaile guztien artean. Iaz, azkenean, festaren parte sentitu ginen», adierazi du Antxon Iglesias elkarteko lehendakariak.

Lehiaketa «entzutetsua»

Iglesiasen iritziz, lehiaketa gastronomikoa «prestigio handiko» txapelketa da, eta «urtetik urtera, entzutetsuagoa». «Txapeldunen Liga jokatzearen parekoa da elkarteko kideontzat. Euskal Herri mailako lehiaketetan parte hartzen duten sukaldariak etortzen dira, eta, besteak beste, Martin Berasategi eta Pedro Subijana aritu izan dira epaile. Tolosan irabaztea, beraz, sari handia da partaideentzat», gaineratu du.

Urria izan ohi da babarrunak biltzeko sasoia. Aurten, ordea, beranduago hasi dira uzta biltzeko lanetan, eta azken asteotan jaso dituztela esan du Estitxu Sudupe urretxuarrak, Tolosako Babarruna Elkarteko lehendakariak: «Abuztuan sekulako beroa egin zuen, eta lore asko erori egin ziren. Bizirik iraun zutenek beren prozesuari jarraitu zioten, baina, handik hiru bat astera, landareak berriro lore batzuk bota zituen». Gaineratu du aurtengo babarruna txikiagoa dela: «Azal fina du, eta egosteko oso erraza da». Urtean bostehun bat kilo ekoizten ditu Sudupek; elkarteak, hogei tonatik gora. «Euskal Herrian saltzen dugu, batez ere. Amaitu egiten da otsailerako».

Urretxuarrak betidanik izan du gustuko babarruna, eta, elikaduraren gaineko interesa piztu zitzaionean, elkarteko bazkide egin zen. «Baratzea nire gimnasioa da, nire psikologoa, baita ondo pasatzeko tokia ere. Zuk erein eta zaindutakoa zerorrek jatea zoragarria da. Poztasun handia ematen du prozesu horrek». Sudupe 2017an batu zen Babarruna Elkartera, eta iaztik da lehendakari. Gaur egun, 45 lagunek osatzen dute elkartea, eta adierazi du bazkide gazteagoen beharra duela elkarteak: «Adineko ugari erretiroa hartzen ari dira, eta, beraz, erreleboa behar dugu. Ekoiztera animatuz gero, besoak zabalik hartuko ditugu».

Egitaraua
  • 06:30-11:00. Tolosako Babarruaraen Ekoizleek 28. Lehiaketa, Trianguloa plazan.
  • 08:30-12:00. Gure Kaiola elkarteak antolatuta, Tolosako Babarrunaren 35. Lehiaketa Gastronomikoa, San Frantzisko pasealekuan.
  • 09:00-14:00. Azoka berezia, Trianguloa plazan.
  • 11:00. Trikitilarien kalejira Eingo taldearen eskutik, kaleetan.
  • 11:15. Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren kalejira, Trianguloa plazatik abiatuta.
  • 12:00. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, babarrun jatea, Trianguloa plazan, eta Udaberri dantza taldearen kalejira Alde Zaharrean, taldeko fanfarreak lagunduta
  • 13:00. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa, Trianguloa plazan.
  • 13:30. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa, San Frantzisko pasealekuan.
  • 14:30. Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea.
  • 19:00. Kalean txaranga, Alde Zaharrean, Gure Kaiola elkartetik abiatuta.
  • 22:00. Itzal taldearekin erromeria, Plaza Berrian.
  • 23:30. Jainekin txaranga, Alde Zaharrean.

* Euskal jaia izanik, soinean euskal jantziak eramateko deia egin dute Babarrunaren Kofradiak eta festan parte hartuko duten gainerako eragileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!