Desagertu da San Bernardo baina arrasto ederra utzita

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 12a, 10:59

Dani Telleria, Aritz Garaialde, Andrea Vitoria eta Xabier Arcelusek San Bernardo Escauten Astelenitako konpartsarekin lotura izan dute urte guztiotan.

Eskaut elkartea desegingo dute aurten, eta beraz, Astelenitan ez dira gehiago aterako; haurrentzako lehen konpartsa sortu zuten 1980an

2020an pandemia lehertu aurretxoan atera ziren azkeneko aldiz San Bernardo Eskaut-Gia taldekoak inauterietako Astelenitan. Haiek abiatu zuten, 40 urte lehenago, umeez osatutako konpartsa ateratzeko ohitura. Dani Telleria kide beteranoak gogoan du nola piztu zitzaien ideia: «Ikusten genuen danborradaz aparte ez zegoela inauterietan haurrentzako ekimenik eta haientzat zerbait pentsatu beharra zegoela». Hammelingo flauta jotzailearen mozorroa aukeratu, karro batean gazta baten irudia jarri, eta umeak saguz disfrazatu zituzten. 60 lagun inguru atera ziren lehen urte hartan.

Ordutik 40 urtean etenik gabe atera dira Eskaut taldekoak inauterietan. Haiek hasi eta urte batzuetara hasi ziren ikastetxeen bueltan sortutako aisialdi taldeetakoak ateratzen. «Uste dut gaurko egunari begiratzea besterik ez dagoela ikusteko azierto bat izan zela Dani eta haren belaunaldikoek hartutako erabakia. Milaka ume ateratzen dira mozorrotuta», esan du Aritz Garaialdek, urteetan San Bernardoko haur eta begirale izan denak.

Telleriak aitortu du arraro begiratzen zietela lehenengo urte horietan, «hauek nora doaz» esanez bezala. «Gure arteko sestrak izaten genituen lekua egin ziezaguten baina azkenean irabazi genuen tokia karroza eta konpartsen aldamenean». Aldirik oparoenetan 200 kide baino gehiago izatera iritsi dira San Bernardon. Garaialderen iritzian begiraleentzat ardura handia zen  hainbeste umeren kargu egitea, baina beste aisialdi taldeekin alderatuta, kide gutxiago izateak ahalbidetu die gertuagoko tratua haurrekin.  

Azken urteetan begirale bezala jardun duen Andrea Vitoriak ere nabarmendu du San Bernardok izan duen «familia» izaera. «Ni 10-11 urterekin hasi nintzen Eskaut-Gia taldean eta gero begirale izatera pasa nintzen. Aurreko belaunaldikoak aita-ama bezala hartzen ditut, nire kintakoak anai-arreba bezala eta nire ardurapean egon direnak nire ume bezala». Balore batzuen inguruan ardaztu da taldea Vitoriaren iritzian: «Bizikidetza, errespetua eta naturarekiko harremana ikasi ditugu. Nik asko ikasi dut».

Telleriarekin batera hasierako taldean parte hartu zuen Joxelu Andueza zenak sustatu zituen balore horietako asko eta bera izan zen San Bernardo taldearen arimetako bat. Bere ilobak, Xabier Arcelusek, ez du tamaina horretako inauterizaletasuna jaso, txikitan gurasoekin eskiatzera alde egiten baitzuen festa egunetan: «Gerora deskubritu ditut inauteriak eta inbidi pixka bat izan dut ez dudalako umeetako inauteri giro hori bizi izan. Gaur egun ondo pasatzen dut baino askotan galdetzen diot nire buruari oraindik ere inauteri zaleago izango ote nintzatekeen txiki-txikitatik bizi izan banu». 

Inauterietarako zaletasunaren  hazia umeengan landatu izana lorpen handitzat dute San Bernardokoek. Arrasto horren tamainaz hitz egin du Garaialdek: «Garai batean konpartsek gehienbat parodiak eta antzerkitxoak egiten zituzten eta dantza oso gutxi. Gaur egun, karrozetan ateratzen diren gehienek koreografiak prestatzen dituzte eta nago ez ote den hori Astelenitako aisialdi taldeetako konpartsen eragina».

Mozorro ugari

Hammelingo flauta jotzailearena lehenengo urtean eta handik aurrera urtero mozorro berria prestatu izan dute San Bernardokoek. Telleriak gogoan du 1993koa, Peter Panez atera zirenekoa, eta akordatzen da zenbat ordu eman zituen atera zuten belaontzia prestatzen. Hark moldatu izan ditu urteetan karrozak.

2011 urte berezia izan zen taldearentzat. Eskaut-Gia elkarteak 50 urte betetzen zituen eta Kabi Alai elkarteak Inauterizale Kuttun izendatu zuen taldea. Txupinazoa botatzeko ohorea izan zuen Telleriak. «Uste dut gure urteurrena baino gehiago, Astelenita eguneko ohitura hori ezarri izana saritu nahi izan zigutela», dio kide beteranoak. Urte hartan, taldetik pasatako belaunaldi guztiak batu zituzten eta eskautez jantzita atera ziren guztiak.

San Bernardo taldea desegitea erabaki dute, orain, 63 urte hauetan bertatik pasatako kideek. Agur festa egiteko asmoa dute udaberrian. Telleriak, Garaialdek, Vitoriak eta Arcelusek uste dute desagertu arren lorratza utzi duela taldeak tolosarren artean. Arcelusek eutsi nahi lieke ohitura horiei: «Burgiko aterpetxera egiten den urteroko irteera edo Azkaratera egiten den martxa ez lirateke galdu behar». Eta San Bernardo gabe, baino galduko ez den ohitura izango da Astelenitako haurren konpartsena. Tolosako kaleak izango dira gaur horren lekuko.

Erlazionatuak

San Bernardo 1980-2020

Tolosaldeko Ataria ots 12 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!