Danborren burrunbak mende erdi

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 7a, 19:59
Artxibako irudi batean Aurrera kirol elkarteko danborradako kideak geldialdietako batean.

Aurrera kirol elkartearen danborradak 50 urte bete ditu eta berezia izan da aurtengo irteera; urteroko ekitaldia, bihar, Plaza Zaharrean egingo dute eta erraldoi eta buruhandiek hartuko dute parte

Geroz eta harrera hobea egiten zaio Aurrera kirol elkartearen danborradari Ostegun Gizen iluntzean. Aurtengo ekitaldia berezia izango da elkarteko kideentzat, 50 urte betetzen baititu danborradak. 19:00etan aterako dira bihar elkartetik, ohi bezala, baina lehenengo geldialdia Triangulo plazan egin beharrean Plaza Zaharrean egingo dute. Igor Tome danborradako antolatzaile eta barrilen kapitainaren ustez, sinbolikoki toki esanguratsua da udaletxeko plaza eta haientzat «ohore bat» izango da bertan jardutea. «Espero dugu hemendik aurrera egitarau ofizialean txertatuta geratzea gure danborrada eta urtero ekitaldia Plaza Zaharrean egin ahal izatea». 

Lehenengo geldialdi horretan egingo dute urteroko ekitaldia. Karrozan joaten diren erregina eta damak aurkeztuko dituzte, baita danborradarekin batera doazen majoretteak ere. Urtero une hori elkarteko kide bat omentzeko baliatzen dute, eta aurten, Joakin Zabala elkarteko bazkideari egingo diote keinua. Ia 40 urte daramatza ekimenean parte hartzen eta danborradarekin batera doan karrozan atera ohi da.

Aurtengo nobedade nagusia Tolosako Erraldoi eta Buruhandien parte hartzea izango da. Plaza Zaharrean danborradak jotzen dituen piezak dantzatuko dituzte buruhandiek: Aurrera elkartearen pieza eta Sasikoipatsu. Ondoren, danborradak egingo duen ibilbide osoan buruhandiak joango dira danbor eta barrilen artean.

Plaza Zaharretik aterata Kale Nagusia, Korreo kalea, Rondilla eta Agintari kaleak zeharkatuko dituzte bi orduz, berriro Andre Maria kalean kokatuta dagoen elkartera itzultzeko. Bidean Gure Txokoa eta Sukalde elkarteen atarian geldialdiak egingo dituzte eta elkarte horien piezak jo. «Noski, gurekin batera doan karrozan parodia eta umorea dira nagusi, guk ere, Ostegun Gizeneko giroarekin bat egin nahi izaten baitugu, baina danborradan goazenak serio joaten gara, gure paperean sartuta».

Inoiz baino jendetsuago

Bihar iluntzean inoiz baino jende gehiago aterako da danborradan. 70 pertsona danbor eta barrilak kontatuta, eta horiei karrozan joango direnak eta dozena bat majorette gehitu behar zaizkio. «Gutxi batzuk gara elkarteko bazkide, gainerakoak urteotan gurera batu diren pertsonak dira. Gizon eta emakume kuadrilla polita osatzen dugu», esan du Tomek. Bera arduratzen da barrilak gidatzeaz eta Juan Ramon Insausti, berriz, danborrak zuzentzeaz. 91 urte baditu Insaustik eta elkarteko fundatzaileetako bat da. Tomeren ustetan, harengatik ez balitz gaur egun ez litzateke Aurrera elkartearen danborrada aterako. «Bera izan da ekimenaren bultzatzaile nagusia».

Gaur egun, zortzi laguneko taldea dabil, Tome barne, Ostegun Gizeneko danborrada antolatzen. «Azaroan hasten gara dena prestatzen, udaletxeko kultura sailekoekin bilera egin eta ekitaldia muntatzeko beharrezko azpiegitura prestatzen dugu. Alde Zaharrean dago gure elkartea eta bertako saltokiek babes handia ematen digute. Asko eskertzen diegu laguntza». Iluntzean behin ibilbidea osatuta elkartean bilduko dira afaltzeko parte hartzaile guztiak. «50 urte hauetan gauzak aldatu dira. Lehen, adibidez, afalostean ateratzen ginen, baina jendea pasatu xamarra zegoenez ordurako, afalaurrera aldatu genuen irteera eta ikusi dugu asmatu genuela erabakiarekin. Arratsaldean poteoan dabilela jendeak izugarrizko harrera egiten dio danborradari».

Ostegun Gizeneko egitaraua osatzeko sortu zuen Aurrera kirol elkarteak danborrada duela 50 urte eta bere tokia egin du inauterien lehen eguneko programazioan. Urte ghauetan guztietan parte hartu duten gizon-emakumeak, eta bereziki, dagoeneko gure artean ez daudenak gogoan hartuta aterako dira danbor jotzaileak bihar iluntzean kalera. Sei egun iraungo dituen jai giroari doinua jartzen lehenengotarikoak izango dira. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!