ELKARRIZKETA

«Etikoa eta errespetuzkoa izan daiteke, baina arau batzuk jarraitu behar dira»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko mar. 8a, 07:58
Miriam del Rio kazetaria turismo ilunean aditua da. ATARIA

Dark tourism edo turismo iluneko gidaria da Miriam del Rio; gaiari buruzko bi liburu argitaratu ditu eta, gaur, hitzaldia emango du Amalur jardunaldietan.

Heriotzarekin era batera edo bestera lotuta dauden edo sarraskiak gertatu diren lekuak bisitatzea da turismo iluna; eta hilerri bat, espetxe bat eta hiri mamu bat bisitatzen dituena, turista iluna. Horri buruzko bi liburu argitaratu ditu Miriam del Rio (Bartzelona, Herrialde katalanak, 1980) historian eta kulturan espezializatutako kazetariak, eta gaiari buruzko hitzaldia emango du, gaur, Tolosako Amalur jardunaldietan. Gaia maite duenaren irrikaz aurreratu ditu turismo iluna ulertzeko hainbat gako.

Nola izan zenuen turismo ilunaren berri?

Haren berri izan baino gehiago, jakin gabe egiten nuen. Eta, egia esan, jende askori gertatzen zaio hori, hau da, turista iluna da horretaz jabetu gabe. Izan ere, nork ez du noizbait bisitatu hilerriren bat, presondegiren bat edo kontzentrazio esparruren bat? Horiek guztiak turismo iluneko lekuak dira.



Funtsean, bidaiatu egiten nuen; eta bisitatzen nuen leku bakoitzean historiaren «b aldea» bilatzen nuen. Beti saiatzen nintzen ikertzen zein bisita bitxi edo ezberdin aurki nezakeen leku bakoitzean. Gainera, bidaia-gidaria naiz, beraz, jaiotzatiko akats bat ere bada [barrez]. Ohiko bidaia moldetik ateratzen saiatzen naiz, eta zerbait ezberdina eskaintzen. Gaia ikertzen hasi eta konturatu nintzen egiten nuena turismo ilun bezala izendatzen zela; eta baditu izen gehiago ere: turismo morbidoa, tanatoturismoa... Dena dela, nabarmendu nahi dut gertaerak zein lekuak beti lantzen ditudala ikuspegi historiko eta kultural batetik. Egia da jende asko iristen dela zati tetriko edo makabro horren bila, baina nire liburuen, bidaien zein ibilbideen oinarria beti da historikoa.

Nondik datorkizu interesa?

Betidanik erakarri naute toki eta istorio horiek. Dei iezaiezu goibel, dekadente, ilun... Aukeran jartzen badizkidazu hilerri goibel bat eta Dominikar Errepublikako hondartza bat, badakizu zer aukeratuko dudan [barre txikiarekin]. Izan ere, dena ordaindu duzula erakusten duen eskumuturreko batean datzan turismo tipikoa... niretzat, hori bai dela benetan turismo iluna [barrez].

Ihes egiten diot horri. Gehiago interesatzen zaizkit istorioak, pertsonak... Gauzak bertatik bertara ezagutzea atsegin dut, ez zait batere gustatzen kontatzen didatena bakarrik jakitea. Azkenean, leku horiek zerbait berezia helarazten dute. Modu batera edo bestera heriotzarekin lotutako lekuak dira eta, jakina, historiaren pisua hor dago beti.

Gaur hitzaldia emango duzu Amalur jardunaldietan. Zer topatuko du bertaratzen denak?

Hitzaldira joaten direnei turismo iluna, oro har, zer den azalduko diet. Baina, batez ere, erakutsiko diet ez dela turismo mota bat, zeina jende jakin bati bakarrik bideratuta dagoen. Turismo iluna egiten dugun guztiok ez gara morbosoak eta goibelak; ez gara goitik behera beltzez janzten eta ez gaude tatuajez beteta [barrez]; izatez, guztiz kontrakoa naiz ni. Erakutsiko dut turismo iluna iceberg bat bezalakoa dela: azaleko ehuneko hamarra ezagutzen dela, eta azpian dagoela ehuneko laurogeita hamar. Bada, ehuneko laurogeita hamar horri buruz hitz egingo dut: zein den turismo ilunaren jatorria, nork sortu zuen hitza, noiztik egiten den...

Horrez gain, mota ezberdinak ere aurkeztuko ditut: existitzen da gerrei eta sarraskiei buruzko turismoa, espetxeen ingurukoa, hilerrietakoa, etxe sorginduena... Eta izatez, badira erromesaldiak pertsonaia ospetsuak hil diren tokietara ere.

Bigarren liburuan erantsi dudan kategoria berezi bati buruz ere hitz egingo dut: muturreko esperientziak. Horietan lehen pertsonan bizi ditzakezu interesa piztu dizuten istorioetako esperientziak. Adibidez, Sarajevoko ostatu batean irits zaitezke hiri setiatu batean bizitzea zer den sentitzera edo Indiara joan eta 20.000 arratoi sakratu baino gehiago dituen tenplua bisitatu dezakezu. Historiaren parte izango zaren esperientziak dira.

 

«Turismo ilunaren inguruan dauden gauza asko desmitifikatuko ditut, eta estereotipoak eraitsiko ditut»



Aipatutako guztiaz gain, turismo ilunaren inguruan dauden gauza asko desmitifikatuko ditut, eta estereotipoak ere eraitsiko ditut. Finean, dark tourism zer den azalduko dut.

Muturreko esperientzia horiek badute arrisku puntu bat, ezta?

Noski; halaxe da. Munduan dauden gauza askori buruz hitz egiten dut, eta hainbatek nire liburuak bidaia-gidatzat hartzen ditu; baina sofaren erosotasunetik ere goza daitezke. Leku askori buruz hitz egingo dizut, baina ez denak bisita ditzazun; baizik eta existitzen direla jakin dezazun.

 

«Hainbatek nire liburuak bidaia-gidatzat hartzen ditu; baina sofaren erosotasunetik ere goza daitezke»



Adibidez, Txernobyl inguruko Pripyat (Ukraina) hiri mamua bisitatzen duzunean zoragarria da, leku abandonatuak gustatzen zaizkigunontzat Geiger kontagailu batekin joan behar duzu, eta gomendatzen dute lekua bisitatu ondoren erabilitako arropa botatzea. Bestalde, Papua Ginea Berriko kanibalen tribu bati buruz hitz egiten badizut, ez da joan zaitezen; agian ez baitzara itzuliko [barrez]. Ez, hau guztia mundua oso handia dela konturatzeko da, eta oraindik leku asko daudela, zeinak ezezagunak bezain liluragarriak diren.

Nola topatzen dituzu leku berriak?

Nire bidaietatik informazio asko ateratzen dut; nire ehiza barruti pribatua dira pixka bat [barre txikiarekin]. Maite dudan gai bat denez, bidaiariei hitz egiten diet eta horrek, azkenean, konfiantza giro bat sortzen du. Elkarri tokiak gomendatzen dizkiogu, eta gauza batek bestera eramaten zaitu. Egia da kontinente batzuetan zailagoa dela gaiak aurkitzea edo aukera mugatuago dela. Afrikan, adibidez, aukera zabala dago sorginkeriari, buduari edo kolonialismoari buruz; baina batzuetan zaila da gai horietatik ateratzea.


Londresko Ebakuntza Antzoki Zaharreko anestesia aurreko operazio gela; ebakuntzak nola egiten zituzten eszenaratzen.


Hori dela eta, liburuak osatzeko garaian, batzuetan, kosta egiten zait borobiltzea, denetik pixka bat egotea nahi dudalako. Argi dagoena da Europan, Amerikan eta Asian turismo ilun gehien dauden lekuak direla. Baina Afrikan eta Ozeanian ere gauza interesgarri eta ezezagun asko daude. Benetan interesa baduzu, informazioa aurkituko duzu; baina lan egin behar da horretarako.

Pentsa liteke turismo ilunaren kontua zerbait berria dela; baina, izatez, aspalditik dator, ezta?

Aspalditik dator, bai. Erromatarren garaian zirkuak eta koliseoak, exekuzio publikoak Erdi Aroko garaian, urkabeak, iraultza frantsesaren garaian gillotina... Eta ildo antzekotik, Waterlooko (Belgika) gatazkan jende aberatsak gudua gurdietatik begiratzen zuela ere aipatzen da. Hori guztia turismo iluna zen; kontua da hitza ez zegoela egina.


Whitby abadia (Erresuma Batua), Bram Stokerren inspirazioa 'Drakula' idazteko. ATARIA


Zentzu horretan, Ponpeia (Italia) bisitatzea ere turismo iluna da?

Hori da, baina jendeak ez du bere horretan ikusten. Nire liburuetan ez da Ponpeia azaltzen, oso ezaguna iruditzen zitzaidalako; baina ezin hobeto sar liteke kategoria horretan.

Azken urteetan gorakada bat izan da arloan. Zergatik izan liteke?

Nire teoria garatu dut. Gaur egun turismo eskaintza zabala dago, baina, azken finean, beti gauza bera da: itsasontzi bidaia tipikoa eskumuturrekoarekin; ez dakit non egonaldi ordaindua... Azkenean, ordea, jendea nekatu egiten da eta zerbait ezberdina bilatzen du: seduzitu eta erakarriko duen zerbait.


Nicholas Cage aktorearen hilobia (zeina ez den oraindik hil), AEBetan. ATARIA


Jendeak aisiarekin lotzen ditu leku batzuk, non ezbeharrak gertatu diren. Ez al da existitzen gertakari horiei garrantzia kentzeko arriskua?

Leku hauetan egin behar dena da bisitatu, baina beti arau batzuk daudela kontuan hartuta. Turismo ilunak arau batzuk izan behar ditu. Kontua da denek ez dituztela betetzen; eta, hein batean, hortik dator turismo ilunaren fama txarra. Kontzentrazio-eremu bat bisitatzen ari bazara, bertako arauak errespetatu behar dituzu: ez egin argazkirik onartzen ez denean, ez fribolizatu lekua, ez atera argazki txepela sare sozialetara igotzeko, isilik egon... Turismo iluna etikoa den? Bai, baina egiten duen pertsonaren arabera. Guztiz etikoa eta errespetuzkoa izan daiteke, baina oinarrizko hezibide arau batzuk jarraitu behar dira.

Uztartu al daitezke turisten jakin-mina eta tokiko biztanleen intimitatea edo errespetua?

Posible da. Gertatzen dena da turismoa edukazioz egin behar dela. La Palmako (Kanariar uharteak, Espainia) sumendia lehertu zenean jendea aritu zen eremu babestu batetik erupzio osoa ikusten, argazkiak egiten eta liluratzen sumenditik jaitsi zen laba mihiarekin. Eta, ondoan, jendea negarrez, etxea galduko ote zuen ez zekielako. Hori da kontua: egin nahi baduzu, egin; baina kontuz eta errespetuz egin. Esate baterako, argazki bat atera nahi baduzu, urrundu pertsona horrengandik. Egin daiteke, baina kontuz ibili behar da eta tentuz jokatzen jakin behar da, noski.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!