Urtero bezala, udaberrian sartzear gauden honetan, Tolosa&Co Merkataritza Elkarteak Braderie jardunaldia antolatu du, Tolosako saltoki txikien festa. Larunbat honetan izango da, martxoak 9, 10:00etatik 20:00etara. Egun guztian zehar, 53 saltokik beraien denden atariak eta Trianguloa plaza eskaintza eta maukaz beteko dituzte. «Neguko produktuak eskuratzeko azken aukera izango da», adierazi du Jaione Bildarratz elkarteko kideak.
Saltokien eskaintzez gain, goizean eta arratsaldean (10:30-14:30 eta 16:30-19:30) Haur Txokoa egongo da Trianguloa plazan, 0 eta 5 urte bitarteko haurrentzat. Ordutegi horietan, gainera, Txu-txu trena herrian bueltaka ariko da; Trianguloan egongo da bertara igotzeko aukera.
Arratsaldean, 17:30etik 20:00etara, egurrezko jolas tradizionalak egongo dira Berdura plazan. «Inklusiboak izango dira, haurrak zein helduak jolasteko. Ziur oroitzapen politak ekarriko dizkizuela burura», esan du Bildarratzek.
Amaitzeko, ohartarazi dute Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa aurten ez dela kalera aterako. «Gure esku zegoen guztia egin ondoren, pena handiz, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa aurten ez da aterako, Tolosa&co-rekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik».