Parte hartze prozesua abiatu du udalak nerabeen aisialdia indartzeko

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 8a, 18:09

Hiru fasetan burutuko da, eta fase bakoitzean nerabeen inplikazioa eta parte hartzea sustatuko dute. Lehen fasea dagoeneko abian da eta nerabeek herriko aisialdiaren inguruan duten iritzia ezagutzeko inkesta anonimoa egin dute.

Tolosako Udalak gazteei zuzenduriko parte hartze prozesua jarri du abian, herrian nerabeei zuzenduriko aisialdi-jarduerak indartzeko asmoz. Egitasmoaren bitartez, erantzuna eman nahi zaie Haur, nerabe eta gazteen diagnostikoa eta ekintza plana 2023-2027 dokumentuan identifikatutako kezkei. Antzerako proposamen eta kezkak ere plazaratu ziren 2022ko Herritarren Batzarrean, baita Udalak martxan jarri berri duen Hezkuntza Mahaian ere. 

Udalak azaldu duenez, gazte eta nerabeentzako aisialdi-aukerak hobetzeko «konpromiso irmoa» du eta, parte hartze prozesuaren bidez, dauden aisialdi-eskaintzak aberasteaz gain, gazteengan komunitatearekiko lotura eta erantzukizuna sustatu nahi ditu. Osoigo enpresa izango da parte hartze prozesuaren arduradun eta dinamizatzaile, eta teknologia eta metodologia berritzaileak erabiliko ditu prozesua aurrera eramateko. 

Hiru fasetan gauzatuko da: Entzute fasea izango da lehena; Deliberazio fasea ondoren, eta Aurkezpen faseak emango dio amaiera. Guztietan nerabeen inplikazioa eta parte hartze zuzena sustatuko dira. Horretarako, besteak beste, ikastetxeekin elkarlanean eta eskola ordutegiaren barruan egingo dira saioak, inplikazio hori errazte aldera. 

Lehen fasea, hau da, entzute-fasea, dagoeneko abian da eta helburua da Tolosako nerabeek herriko aisialdiaren inguruan daukaten pertzepzioa edota ideiak jaso eta ezagutzea. Horretarako DBH 1 eta 4 bitarteko nerabeek inkesta digital guztiz anonimoa osatuko dute, aisialdiari buruzko lehentasunetan eta iritzietan oinarrituta. Inkesta hori dagoeneko ikusgai eta erantzuteko prest dago Udalak gazteei zuzenduta espresuki sortu duen atarian

Parte hartze saioak

Inkesta horren emaitzetatik abiatuta diseinatuko dute bigarren fasea, deliberazioarena. Horretarako, prozesuko bigarren atala osatuko duten aurrez-aurreko 3 lan saioetan parte hartzeko interesa duten nerabeen artean, zozketa zibikoa egingo da. Behin talde parte hartzailea osatuta, apirilean ekingo zaie lan saioei, eskola-ordutegiaren barruan betiere. Gainera, prozesuaren partaide izateak nerabeen hezkuntzan eraginik izango ez duela ziurtatzeko, parte hartze saioak egun ezberdinetan egingo dira, beti ikasgai berdina galdu ez dezaten. Era berean, saio horiekin hasi aurretik, prozesuari buruzko informazioa emango zaie hautatuak izan diren nerabeen gurasoei. 

Lan saio horietan landutako proposamenak txosten publiko batean jaso eta argitaratuko dituzte eta aurkezpen fasean udalari aurkeztuko zaio, nerabe-taldeen lana mahai gainean jarriz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!