ERREPORTAJEA

Hezkuntzaren aldeko aldarri bat

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mar. 18a, 07:59
'Esnearen kolorekoa' antzezlana eskainiko dute Leidorren. ATARIA

Tanttaka teatro konpainiak, Esnearen kolorekoa obra eskainiko du, martxoaren 22an, Tolosako Leidor aretoan, 20:00etan hasita. Eskarmentu handiko sei aktore eta eszenografia ikusgarria, euskal antzerkigintzan egin den ekoizpen indartsuenetako batean.

Ingalaterra. 1830. urtea. Maryk 15 urte ditu eta errena eta albinoa da. Bere familia analfabetoarekin nekazaritza giroko baserri batean bizi da, baina ihes egitea lortzen du, bikarioaren etxean neskame aritzeko. Irakurtzen eta idazten jakitea gustatuko litzaioke Maryri, baina familian inork ez daki, eta ez diote irakatsiko. Hala ere, familiak ezarritako kondena horretatik ihes egitea lortu, eta bikarioaren etxean ikasiko du. Hori bai, ikaragarri garesti ordainduko du. Liburuetan «marra beltz pila bat besterik ez» ikusteari utziko dio. Itzalen mundua uzten duen heinean, argiak are itsugarriagoak izan daitezkeela ohartuko da, eta horregatik, Maryri bere istorioa kontatzeko ahalmena baino ez zaio geratuko.



Irene Aldasorok 2018an euskarara itzuli zuen Nell Leyshonen The colour of milk ingelesezko eleberria, Alberdania argitaletxeren eskutik. Tanttaka teatro konpainiak istorio hori taularatzea erabaki zuen, Esnearen kolorekoa obra sortuz. Denboraldi honetan euskal eszenan egin den ekoizpen indartsuenetako bat da, eta martxoaren 22an, Tolosako Leidor aretoan eskainiko dute, 20:00etan hasita. Jose Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Miren Arrieta eta Jon Olivares ariko dira oholtzan, fikziozko nobela euskaraz gorpuzten.

Garmendiak interpretatzen du Mary, obrako protagonista. Aktore zaldibiarrak aitortu duenez, «ekoizpen handiko apustu sendoa» da antzezlana. «Orain arte antzeztea egokitu zaizkidan obrekin alderatuta, oso desberdina da. Hizkuntza oso jasoa du, garai hartako berezitasunekin. Zuka, hika, noka, doka eta berorika jasotzen dira. Beraz, badu konplexutasun puntu bat, orain arte izan ez dudana».



Duela ia 200 urte gertatutako istorio bat bada ere, Garmendiari «ezinbestekoa» iruditzen zaio kontatzea. «Perspektiba bat ematen du. Emakumeon egoerak historikoki zer-nolako aldaketa jasan duen ikusi daitekeelako. Nobela bat da, fikziozkoa, baina argi dago garai hartako errealitatearen ispilu nabarmena dela, baita, neurri batean, gaur egungo errealitatearena ere. Ezagutzen ditut ondo irakurtzen eta idazten ikasi ez dutenak, eskola oso garaiz utzi eta lanean hasi behar izan zutelako. Aipatutako egoera horiei emakume izatea eta baserri giroko famili batean jaio eta baratzean lan egiteko fisikoki gaitasunik eta trebetasunik ez edukitzea gehituz gero... akabo! Ondorioz, garrantzitsua da ahots horren egia kontatzea».

Horri lotuta, nobela irakurri zuenean, antzezlanaren testua lantzen hasi zirenean, honakoaz konturatu zen Garmendia: «Egun, emakume izatea oraindik ere gogorra eta zaila bada, 1830. urtean, zer esanik ez! Ez zeukaten nondik abiatu, ezta nora heldu ere. Orduan, arrakala erraldoi bat ikusten da, eta berez, ez daukagu urrutira joan beharrik, baina kasu honetan, 1830. urteaz ari garenez, nabarmena da».

 

Aitziber Garmendia: «Egun, emakume izatea oraindik ere gogorra eta zaila bada, 1830. urtean zer esanik ez!»



Eleberrian bertan kontatzen da, gainera, Mary bera ari dela nobela idazten, behin ikasi ondoren. Eta amaieran honakoa dio: «Noizbait norbaitek nik idatzitakoa aurkituko du, noizbait norbaitek benetan zer gertatu zen jakingo du». Horri erreferentzia eginez, honakoa esan du zaldibiarrak: «Polita iruditzen zait, norbaitek testu hori aurkitu ahal izan zuela irudikatuz, guk oholtzara eramatea».

Biziraule bat, buelta erdirik ez duena

Ez da bizimodu erraza Maryrena. «Aitarentzat karga bat da; semeak nahi zituen, eta alabak izan zituen. Hori gutxi balitz, alaba gazteena hanka batean arazo fisiko bat zuela jaio zen, eta ilea esnearen kolorekoa du. Hori ez da lagungarria baratzean lanean aritzeko, eta karga areagotzen du. Orduan, bikarioaren etxetik aterako duen diruarekin, benetako gizon on bat kontratatuko du baratzerako», azaldu du Garmendiak.



Biziraupenaren adibide garbi bat da Maryren bizitza. «Borrokalaria da. Berak ikasi eta erabaki behar du zer irabazi eta galdu nahi duen, egiten dituen aukeren bitartez. Obra, beraz, hezkuntzaren aldeko aldarrikapen handi bat da», esan du aktoreak. «Generoaren eta klase gatazkaren ikuspuntutik, aztertzeko asko ematen duen biografia bat da», gaineratu du.

Publikoa bere bizitzaren lekuko izendatzen du protagonistak. Garmendiaren iritziz, ikuslearentzat «oso erraza» izango da Maryrekiko enpatia izatea, berarekin identifikatzea. «Nobela idatzita dagoen moduagatik, asko laguntzen du; horren baitan dago eginda dramaturgia. Berehala publikoaren onespena izango du». Obrako pertsonaia guztien artean, «argi pixka bat duen bakarra» dela nabarmendu du. «Pertsonaia ilunak dira besteak, pobreziak erasandakoak, egunero lanean ari direnak. Orduan, argi puntu bat duen heinean, errazagoa da publikoarentzat Maryren ondoan edo bere alde egotea».

 

Aitziber Garmendia: «Maryren indarra ikustean, Aitziber txiki sentitzen da; oraindik asko du ikasteko» 



Pertsonaia interpretatzean izaten dituen sentimenduei buruz galdetuta, aktoreak honakoa esan du: «Maryren indarra ikustean, Aitziber txiki sentitzen da. Askotan gustatuko litzaidake berak duen indarraren erdia izatea, aldarrikapenerako, borrokarako, benetan sinesten duen horren alde egiteko... Saiatzen naiz, baina oso urrun geratzen naiz. Oso indartsua eta oso gardena da Mary, buelta erdirik ez duena. Pentsatu bezala esaten ditu gauzak, maleziarik gabe. Horrek liluratu egin ninduen nobela irakurri nuen lehen unetik. Ondorioz, Aitziberrek oraindik asko du ikasteko Maryrengandik».

Teknika berri bat euskal eszenan

Gaur egun, euskal antzerkigintzan ez da batere ohikoa sei aktore dituen obra bat aurkitzea, ia guztiak formatu txikikoak izaten direlako. Errazago saltzen dira eta bideragarriagoak dira konpainientzat. Esnearen kolorekoa obraren kasuan, apustu sendoa egin dute. Aktore beteranoak dira batzuk, ibilbide handikoak besteak, eta etorkizunekoak ere badira tartean. «Gozamen hutsa da euskal eszenan lau belaunaldi biltzen dituen aurpegiak izatea, eta ondo jositako talde bat garela ikustea. Abaniko zabala osatu dugu, eta nire kasuan, ikasgai ugari jaso ditut guztiengandik. Oso aberasgarria izaten ari da beraiekin oholtza partekatzea», azpimarratu du Garmendiak.

Antzezlan honetan, gainera, euskal antzerkigintzan oso ohikoa ez den teknika bat erabiltzen dute: funtzioa hasten denetik, pertsonaiak ez dira inoiz oholtzatik ateratzen. «Uneoro ikusten gaitu publikoak, batez ere Mary eta bere aitona. Beti daude oholtzan, lehen planoan. Aitona aulki berean eserita dago eta denbora guztian lanean ari da; oholtzatik mugitzen ez den pertsonaia bakarra da. Artisau lanak egiten ari da, eta bera da antzezlaneko soinu banda, ez daramagu musikarik. Gainerako pertsonaiak ere ez dira oholtzatik ateratzen; lehen planoan ez daudenean, atzealdean dagoen erdi ageriko gune batean egoten dira», azaldu du Garmendiak.

Hasiera batean, teknika hori lantzeak nolabaiteko «bertigoa» ematen ziola aitortu du zaldibiarrak. «Behin oholtzan zaudela, obra aurrera doa eta zu pertsonaian sartuta zaude, eta istorioarekin batera zoaz; ez duzu pentsatzen ezin zarela bertatik irten. Hala ere, oholtzara igo aurreko uneak beldurgarriagoak ziren lehen, gero ordu eta erdi egon behar nuelako isildu ere egin gabe, eta zenbait ezinegon etortzen zitzaizkidan burura: Eztulka hasten banaiz? Eta egarria badut? Gauza txiki horiek, alarma guztiak pizten dizkizuten momentuan, handi bilakatzen dira, eta gero ohartzen zara badaudela mila modu horiei aurre egiteko. Gainera, funtzioa gure baitan edo gure erritmora lantzen hasi gara dagoeneko».

Garai jakin batean kokatzen da antzezlana; hori dela eta, lan handia egin behar izan dute obra garatzeko. Besteak beste, berebiziko garrantzia du eszenografiak eta atrezzoak. «Atmosfera propioa sortzen du, unibertso berezi bat». Gaztelaniaz ere antzezten dute Del color de la leche, horrek dakartzan zailtasunekin. «22 urte hauetan, ikasteko gehien kosta zaidan testua izan da. Uda osoa pasa nuen gaztelaniazko bertsioaren gidoia buruz ikasten. Buelta asko eman dizkiot testuari oporretan, eta lan handia egin behar izan nuen guztiz barneratzeko. Bakarrizketa luzeko testu asko dira, eta horietako zenbait, oso poetikoak», aitortu du Garmendiak.

 

ESNEAREN KOLOREKOA

 

FITXA ARTISTIKOA

Egilea. Nell Leyshon.

Zuzendaritza. Fernando Bernues.

Itzulpena. Aizpea Goenaga.

Antzezleak. Jose Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Miren Arrieta eta Jon Olivares.

Eszenografia. Fernando Bernues.

Jantziak. Ikerne Gimenez.

Argiztapen diseinua. David Bernues.

Teknika. Acronica producciones.

Administrazioa. Maite Gorrotxategi.

Ekoizpen exekutiboa. Ane Antoñanzas.

Ekoizpena. Paola Eguibar.

Banaketa. Portal 71.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!