«Niretzako gozamena da tokan jokatzea»

Imanol Garcia Landa 2024ko mar. 16a, 07:59
Antonio Amundarain toka jokalari tolosarra San Blasen. I.G.L.

Begirada pizten saio Antonio Amundaraini toka jokatzeari buruz hitz egiterakoan. Aurten 70 urte beteko ditu, baina hor jarraitzen du tokan jokatzen, eta sariak irabazten. Tokako fitxak eramaten ditu beti soinean.

San Blas auzoan jaio zen Antonio Amundarain Arrospide (Tolosa, 1954) eta gaztetatik sortu zitzaion pasioa mantentzen du: tokan jokatzea. Gaur egun Irunen bizi da, eta jokatu diren azken Lehendakari Txapelketak irabazi ditu. Egun, tokako jokalari onena dela esan daiteke.

Nola hasi zinen tokan jokatzen?

Hamalau bat urterekin hasi nintzen, eta pixkanaka joan ginen gehiago jokatzen. Aita zenak bilatu zuen materiala fitxak egiteko, eta baserrian ibiltzen nintzen, aitarekin batera. Gerora, lehiaketak non ziren jakin, eta haietara joaten nintzen.



Ohikoa zen orduan tokan jokatzea?

Bai, ohikoa zen, leku askotan jokatzen zen. Gogoan dut Leaburuko Bentan biltzen ginela jai goizetan, eta sekulako jende pila izaten zela. Bertan apustuak egiten genituen, sagardo botilak-eta. Soldaduskara joan aurretik izan zen hori, 1975. urte inguruan. Beste batean gogoan dut, San Blasen egiten zela Emendek ontziko arraunlarien bazkaria santiotan, bazkaldu eta gogoan dut taxia hartu eta Astigarragara joan nintzela tokako lehiaketa batera; garai hartan Matxain aritzen zen puntan, eta hark hamar jo zituen eta nik hamaika. Berriz taxia hartu eta oraindik San Blaseko ermitaren arkupean han zeuden bazkarikoak, eta koparekin azaldu nintzanean harrituta begiratu zidaten.

Puntan ibiltzen zen Matxain horri ere irabazten zenion, beraz.



Tolosan, sanjoanetan, garai batean toka jokatzen zen Zumardi Txikian. Orduan, larunbatetan ere lana egiten zen, eta ni hamabi orduz aritzen nintzen lanean Mustad fabrikan; baimena eskatu eta joan nintzen bertara. Hor zeuden denak: Matxain, Pedro Erdozia... Lau tiradatan hamahiru jo zituen Matxainek eta nik hamabost. Gogoan dut Matxainek berak esan zidana: «Hik tokan segi ezak, ona izango haiz eta». Orduan hamazazpi urte izango nituen, eta gogoan hartu nuen.

Toka asko bizitzen zenuen, eta gaur ere bizi duzu.

Niretzat pasioa da. Afizio handia dut eta ahal dudan heinean jarraituko dut. Lanean ibiltzen nintzenean ere, asteburuetan hor aritzen nintzen. Banekien non izaten ziren lehiaketak, edo bestela telefonoak ere izaten genituen eta jakiten genuen non izaten ziren tiraldiak.

Jendeak ez zuen nahiko zu joaterik...

Hori kirol guztietan gertatzen da. Denok irabazi nahi eta norbaitek galdu behar du, nahiz ondo ibili. Askotan ondo tiratu arren, ez duzu asmatzen. Burdina ez badu jotzen, ez da kontatzen.

Zein da zure marka esanguratsuena?

Soldadu joan nintzen urtean, 1975ean, Ibarran, 30 jo nituen zortzi tiralditan. Orduan bi tirada segidan jo nituen, sei eta sei, eta hurrengo tiradan aurrenekoa ere bai, beraz, hamahiru segidan. Txapelketa hark Vasco-Navarro izena zuen. Egunkarian idatzi zuten denak txundituta utzi nituela nire tiraldiekin. Ez dut inor ikusi bi tiralditan sei jotzea segidan. Beste bat ere badut gogoan, 1982ko Euskadiko Txapelketan egindakoa, Errenterian: han berdintzeko sei jo behar nituen, eta horrela egin nuen; ondoren, berdinketa hausterakoan, irabazi egin nion. Gogoan izateko beste bat, orain bi igande, Belauntzan 23 jo nituen.

San Blasen, jaio zinen auzoan, urtero egiten da toka bertako festetan. Urtero izaten zara bertan?

Bai, eta askotan irabazi izan dut. Bertako jendeak bakarrik eman dezake izena, eta horregatik abantaila ere izaten dut. Parte hartzen duten askok urtean behin bakarrik botatzen dute, festetan, eta horregatik ez daude ohituta jokatzera. Horregatik diot nik abantaila pixka bat badudala. Esan beharra daukat, gaztetxoei parte hartzea merkeago jarri behar zaiela, horrela giro gehiago sortuko litzateke.



Lehendakari Txapelketan murgilduta zaudete. Nola zabiltza?

Igandean, Herreran (Donostia) jokatu genuen eta irabazi egin nuen. Bigarren noa sailkapenean, puntu batera. Jose Antonio Calvo doa lehen postuan. Halere, ez nago urduri horregatik. Igande honetan Mutiloan berriro jokatuko dugu.

Zenbat aldiz irabazi duzu Lehendakari Txapelketa?

Antolatzen hasi denetik denak irabazi ditut. Bost bat izango dira.

Eta zenbat jokalari elkartzen zarete?

35 bat elkartzen gara. Ibaetan 50 inguru elkartu ginen. Herri txiki bateko festa denean, herriko gazteek ere izena ematen dute, eta bertako giroan jendea animatzen da.

Nola landu duzu teknika?

Lehengoko beteranoei nola tiratzen zuten eta nola jartzen ziren begiratuta. Beraiek ere aholkuak ematen zizkidaten; adibidez, besoa gehiegi luzatzen banuen edo indar gehiegirekin botatzen banuen. Izan ere, gaztetan adrenalina goian izaten dugu.

Nolakoa da zure teknika?

Bakoitzak berea izaten du. Batzuk bueltaka botatzen dute; nik hiru hatzen gainean hartuta eta hatz lodiarekin helduta botatzen dut. Batzuek esaten didate besoa oker jartzen dudala, eta ea nola ateratzen zaidan fitxa zuzen. Badira hanka bat aurrean eta bestea atzean jartzen dutenak; beste batzuk, ni horien artean, bi hankak parean jarrita botatzen dugu. Besoa dezente mugitzen dut aurrera eta atzera; ez guztiz zuzen, pixka bat kizkurtuta. Makurtu eta gerriarekin laguntzen dut mugimendua, hori garrantzitsua baita fitxa ateratzerakoan; badakizu, pilotan ere errebotera botatzeko gerria ondo sartu behar da.

Begirada non jartzen duzu?

Burdinara begiratzen dut. Burdina baino pixka bat ezkerrerago jartzen naiz. Probak egin izan ditut, baina gehienetan burdina baino pixka bat ezkerrerago jartzen naiz. Gero ikusi egin behar da nola dagoen zorua; zelaia baldin baduzu azpian, zuzen zaude, baina gertatu daiteke zulotxoren bat izatea eta gorputza orduan egokitu egin behar duzu fitxa zuzen ateratzeko.

Aholkuak eman izan dituzu?

Bai, eman izan ditut. Irunen Ola sagardotegiak badu toka eta hor askotan aritzen naiz. Landetxa auzoan ere badago toka bat, futbol zelaiaren inguruan. Ibarran badago toka bat, herriko plazara iritsi baino lehen, elkartean, eta hor ere aritu izan naiz; aurrekoan, Belauntzan izan zen lehiaketara joan aurretik, hamabost bat tirada bota nituen bertan, entrenatzeko pixka bat.

Fitxak gainean eramaten dituzu, badaezpada?

Bai, beti. Horiek ez didate pisatzen, gustura eramaten ditut; esku hutsetan baino hobe horiekin. Leku askotara joaten naizenez, agian aurretik hamar bat daude izena emanda, eta nik txoko bat topatzen dut eta bertan aritzen naiz tiratzen; burdina zati bat ere eramaten dut kasu horietan.

 

«Fitxak eta burdina zati bat eramaten ditut soinean, entrenatzeko»



Zer du tokan jokatzeak?

Niretzako gozamena da. Gustuko lana bezalakorik ez dagoela esaten da; nahiz billeterik ez maneiatu, gustura bazabiltza... Pasio onena hori da, gustura ibiltzea, gustura bizitzea. Nik lehen ere plater tiraketan sari asko irabaziak ditut, baina aspaldi utzi nuen. Askori tokarekin gertatzen zaiona da, hasi eta sariren bat irabaziz gero animatu egiten direla. Baina hurrengoan igual ez dute saririk lortzen, eta desanimatu egiten dira. Horrela atzera egin dutenak asko dira. Hori ez gertatzeko konstantzia behar da. Hasi eta segituan irabazi nahi duenak gaizki dabil; egin behar duena da segitu, eta oraingoan ez badu saririk lortu, ea hurrengoan hobeto tiratzen duen. Nik uste dut kirol guztietan onak atera direnak saiatuta izan direla, eta asko zainduta. Nabarmentzeko bidea hori da: saiatu eta aurrera egitea.

Gaur egun dagoen toka jokalari onena zarela esan daiteke?

Lehendakari Txapelketan ematen den diplomari begiratuz gero, hori esan daiteke. Bederatzi jardunaldietan puntuazio handiena lortzen duenari ematen diote saria, eta hor ez dute ezer erregalatzen. Abenduaren 8an egin ohi da bazkaria, eta bertan ematen dituzte sariak.

 

TOKAN JOKATZEKO ARAUAK

 

Tokan erabiltzen diren fitxek 12 eta 16 milimetro arteko lodiera izaten dute. Federazioak antolatzen dituen lehiaketetan 15 milimetrokoak izaten dira. Zabaleran denek 60 milimetro izaten dituzte. Fitxak botatzeko burdinatik 11,20 metrora jarri behar da jokalaria. Txapelketetan sei fitxa botatzen dira, eta sei tirada egiten dira.

Federazioak antolatzen duen Lehendakari Txapelketan bederatzi jardunaldi izaten dira. Jardunaldi bakoitzean asmatzen direnak batzen joaten dira, eta irabazten du puntu gehien lortzen dituenak. Bazkari bat egiten da urte bukaeran eta bertan banatzen dira sariak. Gipuzkoan jokatzen dira jardunaldiak, eta aurtengoan horietako bat Belauntzan egin da. Aurten Lasarteko lehiaketan Gipuzkoako Txapelketa izango da jokoan, eta Altzan (Donostia) jokatuko denean Euskadiko Txapelketa.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!