Aste Santuaren atarian egin ohi dute saioa —berez, martxoaren 23an izango zen—, baina egun horretan Korrika Tolosatik igaroko dela eta, astebete aurreratu dute.
Saio berezia izango da, estreinaldiz jositakoa. Izan ere, kontzertuan entzun ahal izango diren sei obretatik lau, bere historian lehen aldiz interpretatuko ditu bandak.
Musikagile ezagunen obrak interpretatuko ditu bandak. Henry Mancini izango da horietako bat; bere obra ezagunenez osatutako pot-pourri bat joko dute. Bestetik, Jacob de Haanen pop estiloko bost zatirekin osatutako kantu bat ere entzun ahal izango da. Azkenik, James Barnesen Eagle Bend kantua entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
«Herritar guztiak gonbidatzen ditugu kontzertuaz gozatzera, musika zaleek arratsalde polita igarotzeko aukera izango dute eta», esan dute bandako kideek.