Bi asteburutan bereiziko dira Tolosako Dantzari Txikia eta Erromeria

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mar. 14a, 07:59

Larunbat honetan egingo dute Dantzari Txikia, hurrengoan Korrika Tolosatik igarotzen baita; egun horretan izango da Erromeria eta afari txartelak salgai daude dagoeneko.

Tolosako Udaberri Dantza Taldeak berrikuntzekin aurkeztu ditu aurtengo Dantzari Txiki eguna eta Erromeria. Orain arte, egun bakarrean antolatzen zituen bi ekitaldiak, Aste Santuaren aurreko larunbatean. Aurten, baina, martxoaren 23an, eguerdi aldera, Korrika igaroko da Tolosatik, eta beraz, Dantzari Txikia ez dute egun horretan egingo. Larunbat honetan egingo dute, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.

Euskal Herriko hainbat talde gonbidatu dituzte Tolosako kaleak alaitzera: Hendaiatik (Lapurdi) Akelarre, Beratik (Nafarroa) Gure Txokoa, Errenteriatik (Gipuzkoa) Ereintza, Algorta-Getxotik (Bizkaia) Itxartu eta Amurriotik (Araba) Aiara. Horiekin batera Udaberriko haurrak ere dantzan ariko dira. «Kanpotik, orotara, 140 ume inguru etorriko dira; haiekin batera, 25 bat begirale eta musikari. Eta hemengoak 130 inguru izanik, gutxi gorabehera 300 lagun izango gara», azaldu du Irene Plazaola taldeko kideak.

67 urte dira Udaberri martxan jarri zenetik. «Taldeak beti izan du helburu euskal kulturaren zati garrantzitsutzat daukan dantza lantzea, ezagutaraztea eta gizarteratzea. Horregatik, urteak daramatzagu haur, gazte zein helduak dantzan jartzeko egun berezi hauek antolatzen». Hain justu, aurten, hamazazpigarrenez antolatu dituzte Dantzari Txikia eta Erromeria. «Tolosa berriz ere euskal doinu, dantza eta tradizioz betetzeko asmoa dugu», gaineratu dute Udaberritik.

11:00etan hasita, haurrak Tolosako kaleetan barrena ibiliko dira beren dantzak eskaintzen, Alde Zaharrean batzuk eta herriaren erdigunean besteak. 12:15ean Trianguloa plazatik Plaza Berrira jaitsiko dira eta 12:30ean talde guztiek batera dantzatuko dute bertan. Ondoren, haurrak herriko elkarteetara joango dira bazkaltzera; talde desberdinetako haurrak nahastuta egongo dira. «Taldeen eta taldekideen arteko loturak sendotzea da asmoa». Plazaolak eskerrak eman dizkie boluntario ariko diren taldeko guraso guztiei, baita elkarteetan bazkariak prestatu eta zerbitzatuko dituzten herritarrei ere. «Beraien laguntzarik gabe ez litzateke posible izango eguna aurrera ateratzea».

Behin sabela bete ondoren, emanaldi berezia izango da Plaza Berrian, 16:00etan hasita. Azken edizioetan bezala, plaza dantzak egiteko aukera izango da. Dantzei musika jartzeaz, Udaberri Dantza Taldeko fanfarrea arduratuko da. «Berez, haurrentzako zabalduko da deia, baina helduren batek parte hartu nahi izanez gero, ongi etorria izango da», esan du Plazaolak. Euria eginez gero, goizeko nahiz arratsaldeko saioak San Frantzisko pasealekuko Herrikide ikastetxeko jolastokiko pilotaleku estalian egingo dituzte.

Korrikatik, Erromeriara

Martxoaren 23an, gazte eta helduek hartuko dute haurren erreleboa, egun horretan Erromeria antolatu baitu Udaberrik. Eguerdian, baina, lehen aipatu bezala, Korrika Tolosatik igaroko da. «Egun berezia izango da, zalantzarik gabe. Beraz, festa giroari jarraipena emanez, arratsaldean ere oinak astintzeko gonbita luzatuko dizuegu».

19:00etan hasiko da festa, Zerkausitik, fanfarreak girotuko duen poteoarekin. Alde Zaharrean zehar ibiliko dira, eta 21:00ak aldera, berriz ere Zerkausira itzuliko dira, lagun giroan afaltzeko. Herri afariaren ondoren, erromeriaren txanda izango da, Laket taldearen eskutik. Fandangoak, arin-arinak, jauziak edota plaza dantzak ez dira faltako. Erromeriaren atsedenaldian, 00:00ak aldera, Larrain dantza egingo dute.

Herri guztiari irekia izango den ekimena da, eta afari txartelak salgai daude dagoeneko 15 euroren truke, Ikatza, Asteasuarra eta Orbela tabernetan. Herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte ekitaldi honetara. «Batetik, euskal kulturaren zati garrantzitsu bat mantendu nahi dugulako, eta bestetik, benetan gau atsegin eta alaia izango delako», esan du Oier Gastesi taldekideak. Nahitaezkoa ez bada ere, bertaratzeko asmoa dutenei artzain eta artzain-andrez jantzita joatea aholkatu die Gastesik: «Modu horretara jantzi gabe datorrena nabarmenago geratuko da jantzita dagoena baino».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!