Bihar irekiko da XIV Orduak mendi martxarako izen ematea

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 18a, 17:00

Urko Iturbe Aralarko Adiskideak elkarteko lehendakaria, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea eta Patxi San Sebastian XIV Orduak ibilaldiko antolakuntza taldeko kidea.

Maiatzaren 19an egingo da XIV Orduak mendi martxa, eta izena eman ahal da 'Zirkuitua.com' webgunean.

Bihar hasi eta maiatzaren 10a arte izango da aukera XIV Orduak mendi martxan izena emateko. Zirkuitua.com helbidean sartuta egin daiteke, edo martxaren 14orduak.eus webgunean sartu eta bertatik bideratzeko aukera dago. 25 euroko kostua du, eta diru hori antolakuntza gastuak estaltzera eta ekitaldiaren kalitatea eta parte hartzaileen segurtasuna bermatzera bideratuko da. Parte hartzaileek, gainera, kamiseta eta kantinplora bana jasoko dute opari. Hauek maiatzaren 1etik aurrera jaso ahal izango dira. Izena emateko gunean izango dira ikusgai parte hartzeko arauak. Aralarko Adiskideak elkartea da antolatzailea eta Urko Iturbe bertako lehendakariak jakinarazi duenez, 16 eta 18 urte bitarteko mendizaleek heldu baten ardurapean parte hartu ahalko dute. Orotara 1.500-2.000 mendizalek parte hartzea espero dute.

1925. urtean 14 mendizalek egindako txangoa ekarriko du gogora mendizaletasunaren ikur den ibilaldiak, beste behin. Tolosa abiapuntu eta helmuga izanda, Gipuzkoa eta Nafarroa mendi bidez lotuko dituzte mendizaleek, naturaz gozatzea helburu nagusi hartuta. Lau urtez behin egiten da mendi martxa, baina aurrekoa, 2020an, ez zen egin, COVID19a zela-eta hartu ziren neurriengatik. «Poz handia ematen du berriro ere antolatu dezakegula ikustea eta jendeari aukera ematea», azaldu du Iturbek. «Animatu nahi diogu jendeari parte hartzera, eta deialdi berezia egiten diogu gazteei».

Aurten tradizioak, naturak eta mendizaletasunak bat egin dute berriro XIV Orduak ibilaldiarekin. Hain zuzen, Iturbek gogora ekarri du ez dela lasterketa bat, mendi-ibilaldi bat baizik: «XIV orduetan parte hartu eta amaitzea garaipen bat da bere horretan. Mendiaz gozatzea eta erronka mendizaleekin partekatzea da saria, ingurune paregabe batez lagunduta, gainera». Hain justu, parte hartzaileek txartel bat izango dute, eta bertan zigilu bat jarriko zaie, anoa guneetatik pasatzerakoan. «Kontuan izan behar da zigilua jartzeko denbora tarte bat dagoela, beraz, ezin da joan azkarregi ezta mantsoegi ere. Azkarregi doana geldiarazi egiten dugu, helburua ez baita irabaztea, helburua mendiaz gozatzea baizik», zehaztu du.

Izaera hori mantentzeari esker, «14 Orduko Ibilaldia mendizaletasunaren ikur» bihurtu dela azpimarratu du Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak: «Behin baino gehiagotan parte hartu dut mendizale modura. Parte hartzaileontzat esperientzia paregabea da, gozamena; baina atzetik boluntario askoren lana ere badago, baita ere larrialdi eta segurtasun zerbitzuen lana, eta udalaren izenean eskertu nahi ditut guztiak, batez ere Aralarko Adiskideak elkarteko antolakuntza taldekoei». Partaidetza zabala izaten duela ekarri du gogora Martinez de Rituertok: «Gizonak, emakumeak, gazteak, helduak, Tolosakoak, eskualdekoak eta beste herri askotako jendea etorriko da, eta uste dut gauza ederra dela hori».

Iturbek, bere aldetik, Tolosako Udalari eskerrak emateaz gain, ibilaldia pasako den udalerrietako udalei ere eskertu die ematen duten laguntza. «Eskertzekoa da ere bertako mendi elkarteek ematen duten laguntza hau dena aurrera ateratzeko».

Natura zaintzeko deia

Iturbek eta Martinez de Rituertok mendi martxarako prestatzearen garrantzia nabarmendu dute. «Jende askok egin dezakeen ibilbidea da, baina sekretu bakarra prestaketa egokia egitean datza», esan du Tolosako alkateak.

Ingurumena babesteko eta autosufizientzia sustatzeko neurriak hartzen jarraitzen dute antolatzaileek. Hori horrela, aurreko edizioetan egin bezala, anoa guneetan ura bakarrik banatuko da. Hortaz, parte hartzaileek gainean eraman beharko dute jan-edana. Aurten beste proba bat egingo dute, gainera: sareko ura iturri anitzeko hodi batera lotuko dute Gorritin, eta mendizaleek hortik hartu ahal izango dute, beren botila edo kantinploretan. «Plastiko edo beirazko hondakin gutxiago sortu nahi ditugu horrela. Aurten ondo ateraz gero, ikusiko dugu beste puntu gehiagotara eraman ote daitekeen», azaldu du Iturbek.

Era berean, mendizaleen laguntza eskatu dute antolatzaileek eta udalak, ibilbidea txukun mantentzeko: «2000 mendizale bide beretik joatean gauzak behar bezala egiten ez badira, ingurugirorako karga da. Errespetuz jokatzeko dei egiten dugu, horregatik, ibilbidean zehar sortzen den zaborra modu egokian kudeatzea eskatzen dugu, horretarako prestatuta dauden tokiak erabiliz, ondo sailkatuz edota ez dagoenean, gainean eramanez».

Autobus zerbitzua Amezketara

Aurten ere doako autobus zerbitzua jarriko da Tolosatik Amezketara, laguntzaileen eta parte hartzaileen joan-etorria errazteko, eta trafikoan ahalik eta eragin txikiena izateko. 16:00etan hasiko dira irteten autobusak, eta orduerdiro izango da zerbitzua, 20:00ak arte.

68 kilometro, 17 udalerri zeharkatuz

Ibilbidea Tolosan hasi eta amaituko da, 68.529 metroko luzera izango du. Guztira 17 udalerri zeharkatuko dira bidean: Ibarra, Leaburu, Gaztelu, Berastegi, Orexa, Lizartza, Areso, Gorriti, Azpiroz, Lekunberri, Baraibar, Iribas, Uharte Arakil, Amezketa, Alegia, Altzo eta berriro Tolosa. Hau da, Gipuzkoako 10 udalerri eta Nafarroako beste 7.

Hauxe da ibilbidea: Tolosa - Gaztelu - Uli - Merku - Gorriti - Azpirotz - Lekunberri - Burnigurutze - San Miguel - Guardetxe - Igaratza - Minak - Amezketa - Alegia - Tolosa. Azken edizioarekin alderatuta, bada aldaketa bat: aurten ez da Zaratetik egiteko aukera izango.

Ibilbidea anitza da: igoera eta jaitsiera gogorrak ditu, 1.946 metroko malda positiboa baitu. Lautadak, belarrezko bideak, lokatza, harria eta errepidea edota ibaiak gurutzatzen ditu, baita basoak eta zabalguneak ere.
 Gainera, ibilbide berean egunsentia eta ilunabarra ikus daitezke. Izan ere, mendi martxa goizeko 05:00etan abiatuko da, minutuero 80 pertsona, eta 17:00-21:00 bitartean amaituko da.

Ibilbidea ordu horien barruan amaitzen duten pertsona guztiek 14 orduko txangoa bete dutela jasotzen duen ziurtagiri bat jasoko dute. Ziurtagiri hori lortzeko, ordea, ezinbestekoa da bidean zehar dauden kontrol-gune guztietatik pasatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!