Elkarrizketa

«Ezerk ez dit bidaiatzeak bezainbeste energia ematen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mar. 19a, 11:59

Azken urteetan zenbait herrialdetan bizitako esperientziekin eta egindako erreportajeekin osatuta, 'Album Latinoamerikarra' hitzaldia eskainiko du ostiralean Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarrak, 19:00etan hasita, Tolosako Topic aretoan.

Aurreko astean itzuli zen Kolonbiatik Ander Izagirre kazetari eta idazlea (Donostia, 1976). Hilabete eta erdi igaro du bertan, besteak beste, istorio bitxi bat ezagutzen. Esperientzia hori ez ezik, Latinoamerikan azken urteetan egindako erreportajeak ere kontatuko ditu, ostiralean, hilak 22, Album Latinoamerikarra izeneko hitzaldian. Topic-en izango da saioa, 19:00etan hasita; Amalur Jardunaldietako azken hitzaldia izango da.

Zer moduz Kolonbian?

Ekuadortik gertu dagoen lurralde indigena batean egon naiz. Duela 10-15 urte, garai odoltsua izan zuten bertan. Biolentzia handia egon zen, arauz kanpoko landaketa bategatik. Istorio horrekin abiatuko dut ostiraleko hitzaldia.

Zer kontatuko duzu Tolosan?

Kromo desberdinez osatutako bilduma bat izango da. Landa-eremuetan zein hirietan bizitako esperientziak azalduko ditut. Mexikon, esaterako, Oaxaca de Juarez hirian, zabortegi erraldoi ilegal baten inguruan auzo bat nola sortu zen eta bertako gazteek musika banda bat nola osatu zuten kontatuko dut. Baikortasunez betetako istorioa da, eta denak ez dira hala izaten.

Zer lortu nahiko zenuke?

Topiko batzuk hautsi nahi ditut. Latinoamerikari buruz hitz egitean, beti pentsatzen dugu indigenen bizimoduan eta landa-eremuan. Hala ere, asko dira hirietan bizi direnak; gizarte urbanoa da. Batzuetan, indigenak idealizatu egiten ditugu, garbiak eta zintzoak balira bezala, eta hori hala da, baina beraien artean ere badira banaketak. Beraiek ere badituzte zenbait ardura gerora sortu izan diren biolentziazko egoera batzuetan.

Arantxi Padilla ere Latinoamerikaz jardun zen bere hitzaldian, baina gehienbat Kolonbiako egoera soziopolitikoaz. Zure saioa desberdina izango al da?

Bai. Ez dut analisi politikorik egingo. Latinoamerikako zenbait lekutako herritarren bizitza nolakoa den eta izan dituzten esperientziak eta istorioak zeintzuk izan diren kontatuko dut.

Mexikoko mendietako hizkuntzen eta kulturen ingurukoa izango da horietako bat.

Mundu oso konplexua ezagutu nuen. Oaxacan nengoela, gaztelaniaz gain, 17 edo 18 hizkuntza indigena zeudela esan zidaten. Horietako asko, hiztun gutxikoak dira; batek, zazpi hiztun besterik ez omen ditu. Badira beste batzuk 1.000 edo 2.000 hiztun dituztenak, eta horiek ere desagertzear daude. Mendian barrena joan nintzen bertako irakasle batekin, eta azken hiztunekin egoteko aukera izan nuen. Gida ezin hobea izan zen.

Komunitate isolatuetako hizkuntzak dira, eta beraz, ez daukate erremediorik. Kilometro gutxitan hiruzpalau hizkuntza ezagutu nituen, eta elkarrengandik oso desberdinak. Urte gutxiren buruan, gaztelania erabiltzeagatik, galdu egingo dira.

Istorio politekin egin nuen topo. Seinalerik ez zegoen herri batean, adibidez, gizon bat topatu genuen mugikor batekin. Bera zen bakarra, eta beraz, ez nuen ulertzen, harik eta arrazoia jakin nuen arte. Etxe bat grabatzen zuen, eta bere hizkuntzan esaten zuen «hau etxe bat da». Grabagailu modura erabiltzen zuen bere hizkuntza gordetzeko; gero, memoria txartela erregistratzen zuen. Hizkuntza galtzen ari zenaren kontzientzia zuen, denek gaztelaniaz egiten zutelako.

Bestetik, zabortegi batetik sortutako auzoa eta orkestra.

Milaka lagun bildu ziren zabortegiaren inguruan, zerbitzu publikorik gabeko auzo txiro bat sortzeko. Ez zegoen aginterik, eta kontrabandorako gune bilakatu zen. Horren aurrean, apaiz bat musika lantzen hasi zen bertako gazteekin, eta azkenean, talde bat sortzera iritsi ziren. Gaur egun, musika klasikoko orkestra bat da eta Mexikoko zenbait jaialditan aritzen da. Istorio hori baliatuko dut menditik hirira salto egiteko. Latinoamerikan kontuan hartzeko fenomenoa da. Azken hamarkadetan migrazio handia egon da landa-eremuetatik hirietara; milioika pertsona joan dira pobreziatik ihesi, aukeren bila.

Halaber, itsasoaren igoeraren mehatxua Panamako irletan.

Ekosistemek dituzten mehatxuen barruan sartzen da. Aldaketa klimatikoarekin zerikusia du, eta akaso, errefuxiatu klimatikoak izan daitezke bertako herritarrak. Gaur egun, uharteak eta horietako herriak ebakuatzeko plana osatzen ari dira. Panamako lur eremutik oso gertu daude, eta erabakita dute non egingo lituzketen herri berriak.

Azkenik, emakume futbolari guaraniarren istorioa ere azalduko duzu.

Oso urrutiko lurraldeen artean eta gure artean lotura estua egon daitekeela erakutsi nahi dut. Boliviako Chaco eskualde txiroan ezagutu nituen. Emakumeek biolentzia handia jasaten zuten, eta batzuk antolatu egin ziren, futbol taldeak osatzeko. Aurrez, sekula futbolean aritu gabeak ziren. Gainera, etxe askotan gaizki ikusia zegoen emakumeak jendaurrean galtza motzak jantzita ibiltzea. Azkenean, herrien arteko txapelketa bat osatu zuten. Beranduago, Donosti Cup txapelketan parte hartu zezaten lortu genuen, eta Xabier Azkargorta izan zen beraien entrenatzailea. Gehienek hemen ikusi zuten itsasoa lehen aldiz.

Zein da istorio horietatik jaso duzun ikasgairik handiena?

Gure etxeko leihoak oso estuak dira, eta batzuetan uste dugu horietatik mundua ulertu dezakegula. Non jaio zaren eta inguruan zer daukazun konturatzen zarenean, bizitza askotarikoa eta aberatsa dela ikusten duzu.

Zer ematen dizu zuri honek guztiak?

Lanbide hau dudan poz handiena da. Lan mota asko egiten ditut, baina ezerk ez dit bidaiatzeak bezain beste energia ematen. Autonomoa naiz eta nik aukeratzen dut zeri buruz idatzi.

2017an ere aritu zinen Amalur Jardunaldietan. Zure iritziz, zertan lagundu dezakete gisa honetako saioek?

Mundua zabala eta askotarikoa dela ulertzen, eta ondo pasatzen; hori ere ez da ahaztu behar. Askotan joaten naiz Tolosara; lagun handiak ditut bertan. Beti iruditu izan zait, herri honetan bereziki, jakin-min eta ohitura handia dagoela bidaien eta kazetaritzaren inguruan. Herri oso aktiboa dela ohartu naiz, eta hori transmititu izan didate joan naizen bakoitzean. Oso pozik eta gogotsu joaten naiz beti.

ETZI, REBORDINOS, ZINE-HIRIEI BURUZ

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariaren txanda izango da, etzi, Amalur Jardunaldietan. 19:00etan hasiko da Zine-hiri batzuetan ibilbide laburra eta pertsonala, zineman izeneko saioa, Topic-en. «Bizitzan zehar, hiri asko bisitatu ditut fisikoki, eta asko, zinemagatik. Batzuetan zortea izan dut bi modutara egiteko. Maite ditudan zenbait hiritan barrena egindako ibilbide sentimental eta pertsonala izango da: Berlin, Buenos Aires, Paris, Tokio eta Donostia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!