ELKARRIZKETA

«Goizean goiz joaten naiz, oraindik ilun dagoenean, eta tarteka, mendian lo egiten dut»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 6a, 07:59
Asier Mendia drone argazkilaria. J.A.

Natura bizi du Asier Mendiak (Tolosa, 1977), baina ez da naturaz bizi. Eguraldi eguzkitsurik gabe ere, dronea motxilan hartuta mendira abiatzen da, gehienetan, egunsentiaren aurretik, oso goiz. Bertan irudiak grabatu, eta gero, lanera joaten da.

Mendia du abizena, eta mendia da bere zaletasun nagusiena. Ikaragarri maite du tontorretara igo eta, ikuspegiaz gozatzeaz gain, irudiak grabatzea. Duela zazpi urte hasi zen argazkiak egin eta sare sozialetan argitaratzen, eta bi urte baino gehiago dira dronearekin lehen aldiz probak egin zituela. «Nire begiek ikusi dutenaren irudiak» esaldiarekin deskribatzen du Instagrameko @asiermendia kontua, eta ia 10.000 jarraitzaile ditu.



Noiz hasi zinen paisaien argazkiak egiten?

Betidanik joan izan naiz mendira. Oso gustuko dut batez ere egunsentia ikustea, baita ilunabarra ere, baina nahiago ditut eguneko lehen argi izpiak. Beti esaten dut bizitzan behin bizi beharreko momentua dela. Hala ere, behin pentsatzen jarrita, pena sentitzen nuen horrelako momentuak bizi eta ez gordetzeagatik. Egunsenti bat bizitzen ari nintzela, tontor berean, gizon bat ikusi nuen drone batekin irudiak hartzen, eta jakin-mina piztu zidan.

Eta noiz izan zen hori?

Nire jarraitzaileek uste dutena baino denbora tarte txikiagoa daramat dronearekin irudiak egiten. Bi urte edo izango dira lehen aldiz hasi nintzenetik.

Ia hasiberria zara, beraz?

Bai, bai. Egia da, hala ere, duela zazpi bat urte edo hasi nintzela mugikorreko kamerarekin lehen irudiak egiten. Gerora, argazki kamerarekin egiten nituen argazkiak. Oraindik ikasketa prozesuan nago, bete-betean, baita dronearekin ere. Erabat berria da niretzat; ez naiz aditu bat.



Betidanik gustuko izan duzu mendia?

Mendia baino gehiago, beti izan dut gustuko kirola, oro har, eta batez ere, naturari lotutakoa. Gaztetxoa nintzela txirrindularitzan ibiltzen nintzen, eta horrez gain, mendira joatea edota lasterka egitea ere oso gustuko dut. Mendiak, ordea, beste puntu bat du. Ez da korrika egitearen edo bizikleta gainean ibiltzearen parekoa.

Eta argazkigintza?

Ez. Lehen esan bezala, duela bi urte inguru hasi nintzen paisaien argazki dotoreak sare sozialetan argitaratzen. Orain oso gustuko dut.

Urte emankorrak izaten ari dira behintzat.

Bai. Dronea erosi ondoren, argi nuen etekina atera behar niola, eta hala izaten ari dela esango nuke.

Animalien maitalea ere bazara, ezta?

Bai. Hala ere, ez daukat animaliarik etxean. Lehen, lagun baten txakurrarekin joan ohi nintzen mendira, baina orain, artrosia du, eta beraz, bakarrik joaten naiz. Batzuetan bere falta sumatzen dut.



Hala ere, hau ez da ofizio bat zuretzat, edo bai?

Ez. Zaletasun bat da. Mundu berri bat izaten ari da niretzat.

Nola zaletu zinen?

Dronearekin lehen aldiz gizon hura ikusi nuenean, berarengana joan nintzen, nuen jakin-mina asetzeko. Ea nola erabiltzen zen galdetu nion, eta irudiak erakutsi zizkidanean, txundituta geratu nintzen. Beste ikuspegi bat da, erabat desberdina. Beste edozein kamerarekin heltzea ezinezkoa den leku batera iristeko aukera ematen du. Ez dauka zerikusirik.

Nola aritzen zara lanean edo irudiak hartzen? Nola izaten da prozesua?

Aurrez pentsatuta izaten dut nora joango naizen. Oso gustuko dut egunsentia, eta behe-lainoarekin bada, askoz hobeto. Hori dela eta, eguraldiaren iragarpenari begira egoten naiz egunero. Horren arabera erabakitzen dut nora joango naizen.

Argi dago egunsentiaren maitale sutsua zarela.

Bai, bai. Eguneko une politena da, zalantzarik gabe. Ilunabarra ere gustuko dut, baina ez horrenbeste.

Egunsentira iristeko, ordea, garaiz irten behar izaten da etxetik.

Goizean goiz joaten naiz, oraindik ilun dagoenean, eta tarteka, mendian lo egiten dut. Udalaitz mendira, adibidez, egun argiz bi aldiz igo eta gauez ia ehun aldiz igo naiz.

Behin tontorrean zaudela, momentuan bertan erabakitzen duzu zein irudi hartu?

Askotan, lehendik pentsatuta izaten dut zein plano egingo dudan. Hala ere, gertatu izan zait gero bertara joan eta plano desberdin bat grabatzea; askotan inprobisatu beharra izan dut. Egunsentiaren kasuan, eguzkia ere kontuan izan behar da.

Horretarako mendia oso ondo ezagutu beharko da, ezta?

Lauzpabost mendi edo badira oso ondo ezagutzen ditudanak: Txindoki, Aizkorri, Beriain, Udalaitz, Anboto...

Eta Uzturre?

Hori gehiegi ezagutzen dut. [Barreak]

Dronea erabiltzen jakiteko ikastaroren bat egin zenuen edo zure kabuz ikasi zenuen?

Zerotik hasi nintzen, eta nire kabuz ikasi nuen, YouTube plataformako bideoak ikusiz eta behin eta berriro praktikatuz. Irudipena dut gaur egun ni bezalako asko egongo direla, hutsetik hasi eta ikastarorik egin gabe ikasi dutenak.

Eta horrek segurtasuna ematen al dizu?

Ez guztiz. Nik dronea erosi aurretik zalantza asko izan nituen, eta zenbait adituri galdezka ibili nintzen. Izan ere, ez da jostailu bat eta kontu handiarekin ibili behar da. Gero, baimen eta eskubide kontuak daude. Ezin duzu edozein tokitan erabili, ezta edonoren irudiak hartu ere, eskubiderik ematen ez badizu behintzat.

Egunsentiaren aurretik, hala ere, ez duzu askorekin topo egingo, ezta?

Nire kasuan, hori da alderdi positiboetako bat. Askok zoratuta nagoela esaten didate, mendira gauez bakarrik joateagatik, baina hori da gustatzen zaidana. Tentsio puntu bat ematen dit.

Goizeko zein ordutan atera izan zara etxetik?

Udan, esaterako, 04:30ean edo 05:00etan, garaiz argitzen duelako. Batzuetan, lehenago ere bai, baldin eta zein tontorretara joan nahi duzun.

Mendian gauak ere igarotakoa zara.

Bai. Ohituta nago.

Euskal Herrian bakarrik aritzen zara edo hemendik kanpo ere bai?

Pirinioetan ere egoten naiz urtean behin. Udazken aldean joaten naiz hara grabaketak egitera.



Zein helburu edo asmorekin egiten dituzu argazki eta bideoak?

Ez daukat helburu jakin bat. Sare sozialetan zintzilikatu eta jarraitzaileei erakusteko, eta bere garaian niri gertatu bezala jakin-mina pizteko egiten ditut. Horretarako bakarrik erabiltzen dut nire kontua.

Ia 10.000 jarraitzaile dituzu Instagramen.

Horrek ere eragina du eta eskertzekoa da. Pozgarria da nik egiten dudan lana askoren gustagarri dela jakitea. Geroz eta jarraitzaile gehiago ditudala ikusten dudanean, berotu egiten naiz pixka bat; ilusio berezia sorrarazten du. Horregatik, baina, ez dut helbururik ezartzen.

Zer ematen dizu honek guztiak? Asetzen zaitu?

Egunsentia bizitzea zoragarria da. Beti esaten dut, behintzat, bizitzan behin bizi behar dela. Ezin da hitzez deskubritu. Nire kasuan, bizitzen dudan hori partekatzen saiatzen naiz, baina ez da gauza bera; bertatik bertara bizi egin behar da.

Lehiaketetarako edo publizitate kanpainaren baterako ere egin izan dituzu irudiak?

Proposamen onak izan ditut tarteka, kolaborazioak egiteko, baina ezezkoa eman diet orain arteko guztiei. Ez naiz hortaz bizi, ez naiz profesionala, ezta aditua ere.

Esan didate ETB-rako irudiak ere hartzen dituzula.

Eguraldia saiorako bidali izan ditut argazki eta bideoak. Tarteka, beraien sare sozialetan nire irudiak erabiltzeko baimena ere eskatu izan didate.

Eta aurrerantzean zein asmo edo erronka dituzu?

Berdin jarraitzea da nire asmoa. Proposamenak jaso arren, zaletasun bat da eta ez ofizioa. Hala ere, ikusiko da etorkizunak zer esaten duen. Erronken kasuan, gogoa dut atzerrira joateko, esaterako, Azore uharteetara.

 

MOTZEAN

 

Mendi bat?

Beriain, Txindoki edo Udalaitz. Hiruretako edozein.

Irudiak hartzeko toki bat?

Mendian edonon.

Paisaia irudiak edo erretratuak?

Paisaia argazkiak.

Argazkiak ala bideoak?

Bideoak.

Eguneko zein ordu da egokiena irudietarako?

Egunsentia.

Inoiz bisitatu duzun toki gustukoena?

Egipto.

Eta bisitatu nahiko zenukeen toki bat?

Azoreak edo Himalaia.

Irudiak egitea gustatuko litzaizukeen leku bat?

Azoreak edo Islandia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!