Erreportajea

«Mendizaletasunaren festa da»

Imanol Garcia Landa 2024ko api. 9a, 19:59
Artitz Garaialde, Onintza Lasa eta Jose Manuel Luluaga.

XIV Orduak Ibilaldian hainbatetan parte hartu dutenek garbi dute gozatzeko egun bat bezala hartu behar dela, bizitzen den giroa nabarmendu dute eta norbera bere erritmoan joatea aholkatu dute.

Erreportaje honetarako elkartu aurretik ez zuten elkar ezagutzen. Orain, ordea, elkar agurtuko dute maiatzaren 19an, XIV Orduak Ibilaldian. Aralarko Adiskideak elkarteak antolatzen duen ekitaldian ehunka mendizale izango dira parte hartzen, eta horietako hiru izango dira Onintza Lasa (Tolosa, 1972), Tolosan bizi den Jose Manuel Luluaga (Lizartza, 1962) eta Aritz Garaialde (Tolosa, 1978).

Lasak lehenengo aldiz parte hartuko du: «Tolosarra izanik eta kirolaren inguruan ibilita, eta XIV Orduak oso entzutetsua izanik, beti sortzen zaizu egiteko grina hori eta gai izango ote naizen bukatzeko». Askotan parte hartzea pentsatu izan duela dio Lasak, baina prestaketak atzera bota izan diola: «Hamalau ordu dira egunean bertan, eta zer esanik ez aurreko prestakuntzak. Baina noizbait izan behar zuen lehenengo aldia, eta oraingo honetan animatu naiz».

Luluagarentzat bosgarren aldia izango da aurtengoa. «Kirola gustatzen zaigunoi gustatzen zaigu erronka batzuk jartzea. Eta dudan adinarekin nire azkeneko aldia izan daitekeenez, biziari ere bere pausoak eman behar zaizkio. Semeak ere animatu ditut eta bere ingurukoak ere bai, eta hori pentsatuz eta ikusirik oraindik ondo gaudela, berriro egiteko gogoz nago».

Bosgarren aldia izango da Garaialderentzat ere. «Aurreko edizioetan ikaragarri ondo pasa dut, eta ez dut pentsatu ere egin: XIV Orduak datoz, eta izena eman dugu». Kuadrillan ateratzen dira, eta «dudarik gabe» aurtengorako ere izena eman dute: «Gozatu egin dugu aurrekoetan. Ni aisialdi talde batean egon nintzen, orain desagertzera doazen eskautak, eta guri txikitatik sartu ziguten mendiaren har hori. Ez dut nire burua kirolari bezala, baina bai mendizale moduan, eta iruditzen zait XIV Orduak mendizaleen festa bat dela».

Lasa lagun batekin joango da, eta taldean izena eman du: «Batzuk ezagutzen ditut eta besteak ez, baina elkarrekin joateko asmoa dugu». Animatu egin da Garaialderi entzutean ondo pasatzen dela eta errepikatzeko gogoa ematen duela. Bere kezkak ere baditu: «Lehenengo aldiak askotan izaten dira inkontzientziaren aldia. Kezkak baditut, baina inkontzientzia horrek ere pausoak emanarazten dizu. Niretzat ezezaguna denez, iristen denean aurre egingo diogu eta listo». Lasak ez du bere burua mendizale bezala hartzen, baina bi aldiz egin du T2T mendi lasterketa, eta aitzaki horrekin ere mendian ibili izan da. «Beste modu bateko entrenamenduak dira mendi lasterketetan parte hartzean», dio, eta beti «aritzen» den pertsona dela esan du.

«BURU ALDETIK, FRESKO JOAN»

Garaialdek dioenez, «bakoitzak bere burua ezagutzen du, eta badaki nola dagoen edo zer egin behar duen. Prestatu behar da XIV Orduak egiteko; ni neuk ez naiz gehiegi prestatzen, eta ez sekulako erresistentzia dudalako: ni astean bi edo hirutan Uzturrera igo eta jaitsi egiten naiz, eta hori da nire urteroko sasoia». XIV Orduak beste sasoi mota bat eskatzen duela dio, batez ere luzea delako. «Nik orain pare bat edo hiru ibilaldi luzeagoak egiten ditut, 30 edo 40 kilometro ingurukoak, eta horrekin lasai joaten naiz».

Luluaga futbol jokalaria izan zen Eibar taldean. «Kirolaria beti izan naiz, eta uste dut nire bizitza osoan izango naizela. Jakin behar da adinaren arabera nola jarraitu behar duzun kirola egiten», azaldu du. Beste norbaiti entzunez gerturatu zen XIV Orduetara, eta kuadrillarekin parte hartuz hasi zen. «Prestatu behar da, batez ere hankak egin behar dituzu, eta buru aldetik fresko joan behar duzu. Prestaketa gehiegi egitea ere ez da ona, nekatuta joaten bazara ez baita ona, ez zara ondo iritsiko». Garrantzia ematen dio horrelako ekitaldietan jende gehiagorekin joateari: «Korrika maratoi bat egitea edo Behobia-Donostia egitea bezala da, bakarrik egitea eta lagun taldean egitea ezberdina da, konturatzerako orduak pasatzen dira».

Bakoitza bere erritmoan joatea garrantzitsua dela diote parte hartzaile beteranoek. «Ikusi behar da nola erantzuten duen norberaren gorputzak», esan du Garaialdek. «Errespetua bai, baina ez zaio beldurrik izan behar». Luluagak badu istorio bat ibilaldi horrek suposatzen duen erronkaren inguruan: «2000. urtean Donejakue Bidea egin genuen emazteak eta biok. Han ezagutu genuen Madrilgo eta Sevillako jende bat, eta beraiekin sekulako harremana egin genuen. Gonbidatu genien XIV Orduak egitera, eta Sevillatik etorri zen emakumeak San Migelen utzi egin zuen. Hortik bi urtetara minbizia zuela jakin zuen. Buelta eman zion minbiziari eta 2016an batera atera ginen. Bere erritmoan joan ginen, eta bukatu egin genuen. Ez dut sekula ahaztuko bukaeran elkarri eman genion besarkada hura».

Garaialdek eta Luluagak ez dute ibilbidean zehar leku berezirik. «Lekunberri eta San Migel inguruek bere xarma dute, ez direnak ateratzen bertara joaten zaizkizulako kasu egitera. Niretzako bide guztia eta egun guztia da berezia», dio Luluagak. «Dudarik gabe», berretsi du Garaialdek. «Ez dut leku berezi bat, eta badaude zati batzuk jendea ezin dena joan, baina joan daitezkeen zatiak oso bereziak dira. Gogoan dut, Baraibarren, lagun baten kuadrillako batek salda bat prestatu zigula; momentu berezia izan zen. Ondoren, Amezketara jaitsi ginenean, han lagun batzuek sekulako merienda prestatu ziguten. Horrelako momentuek urrea balio dute, horrelako momentu txikiek egiten dute handi horrelako ekitaldi bat».

Lasa ere erakartzen du sortzen den giroak eta XIV Orduak Ibilaldian dagoen «lehiakortasun falta» horrek. Garaialdek gaineratu du ez dela lasterketa bat, mendi martxa bat dela: «Lehen aipatu dudan bezala, mendizaleen festa bat da, eta hori da niri gehien gustatzen zaidana».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!