Trialsin txapelketa egingo dute berriro Usabal parkean

Imanol Garcia Landa 2024ko api. 11a, 19:59
Irene Caminos, urtarrilean, Usabal kirol parkeko trialsin eremu berrituan.

Gipuzkoako Trialsin Txapelketa izango da jokoan igande honetan, Tolosako Usabal kirol parkean.

Tolosako Bideak Bike Eskolak antolatzen du eta bertako arduraduna da Irene Caminos: «Aspaldi ez genuela txapelketa bat antolatzen. Lehen urtero Gipuzkoako Txapelketa antolatzen genuen, baina COVID-19a iritsi zen eta gero Usabal atzeko obrak hasi ziren. 2020an egin zen azken Gipuzkoako Txapelketa, eta gogoz berriro ere bueltatzeko».

10:00etan hasiko da txapelketa eta 14:00ak ingurura arte irautea espero da. Lehenengo txikien kategoriakoak hasiko dira, eta gero kadeteak, juniorrak eta elite mailakoak lehiatuko dira. Txikien kategorian bost urtetik hasi eta infantil arte izaten dira. Neska gutxiago izan ohi dira parte hartzen, eta hauek kategoriaren batean podiuma osatzeko bezainbeste parte hartzaile badaude, neska eta mutilen kategoria sortzen dute antolatzaileek. Bestela, kategoria berean lehiatzen dira neskak zein mutilak. «Beti izan da zaila Gipuzkoako triansinean neska asko aritzea, pixkana bagoaz aurrera, baina zaila izaten da kategoria bat ateratzea. Gutxi gara eta zaila izaten da denak maila berean egotea, beraz, mutilen kontra ariko gara denak. Nire kasuan aspaldidanik ohituta nago Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketetan mutilekin lehiatzera eta horrelaxe egin beharko dugu berriz ere», esan du.

Caminos antolatzaile moduan ari da, baina parte hartuko du ere txapelketan, elite mailan. «Guk antolatu dugu, eta eskolako haurrekin egingo naiz, eta gero lehiatzen ere izango naiz. Beraz, denetatik pixka bat egiten ariko naiz», esan du. «Antolatzea askoz zailagoa da. Bizikletan ia egunero ari naiz, eta ez da hain zaila. Antolatzea beste mundu bat da, baina gogoz gaude igandea iristeko».

Elite mailakoan ez dela faboritoa izango dio tolosarrak: «Onagoak badaude; Jon Areitio hor dabil berriro ere lehian eta espero dugu etortzea, eta etortzen bada bera izango da faboritoa». Caminosek berarekin askotan entrenatu izan du eta anaiatzat hartzen du: «Hasi nintzen momentutik beti lagundu dit. Munduko Kopetara batera joaten gara».

Bideak Bike Eskolatik zortzi parte hartzaile inguru izango dira, eta orotara 30-40 parte hartzaile izango direla espero dute. Bestalde, antolakuntzatik deia egin dute txapelketa ikustera joatera, «ikuskizuna» ziurtatuta izango delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!