Imanol Rojo: «Orain bi eta hiru urteko mailara itzuli naiz»

Imanol Garcia Landa 2024ko api. 11a, 19:58
Imanol Rojo aurtengo Espainiako Txapelketan. JULEN JUARISTI

Denboraldi berezia izan da eskiatzaile tolosarrarentzat: Espainiako selekzioaren laguntzarik gabe moldatu behar izan du eta espero gabeko emaitzak lortu ditu.

Imanol Rojo iraupen eskiatzaileak bukatu du denboraldia. Balantze «oso positiboa» egin du tolosarrak: «Espainiako selekziotik kanpo gelditu nintzenean, dena hasieratik antolatu eta egitea tokatu zitzaidan, eta ez nuen espero hain ondo aterako zenik. Emaitza txukunak lortu ditugu denboraldian zehar, eta pozik nago. Ez nuen espero nik dena planifikatuta horrelako emaitzak lortzea». «Orain bi eta hiru urteko mailara itzuli naiz, eta hori izan da niretzako onena», gaineratu du.

Emaitza zehatzei begiratuz hauek nabarmendu ditu: Europako Kopan hiru aldiz lehen hamar postuetan sartu da, Tour de Skiren azken etapan 19. postuan amaitu du eta sailkapen orokorrean 35. bukatu du, orain arteko bere bigarren emaitza onena izan delarik. Espainiako Txapelketan ere urrezko bi domina lortu zituen. «Ez zen nire helburuetako bat, baina konfirmatu nuen Espainiako onena naizela distantzia erdi-luzeetan. Klasikoan eta skating modalitatean irabazi nuen, eta alde handiarekin. Nahiz eta federazioak ez ikusi, hor gaudela erakutsi nuen. Federazioak gazteekin egin zuen apustua, eta ikusi da oraindik gogotsu nabilela eta goi mailan».

Izan ere, aurreko denboraldia oso zaila izan zen Rojorentzat. Gaixotasun bat izan zuen eta lehiatu ahal izan zuenean bere sasoi onenetik urrun aritu zen. «Esan daiteke aurreko urteko arantza kendu dudala. Lehengo urteko errekuperazioa oso luzea izan zen, eta ia ekainera arte ez nintzen guztiz osatu. Ez nuen arnasa ondo hartzen, eta pentsatzen nuen oso zaila izango zela aurreko urteetan nuen mailara iristea. Baina lortu dut eta poztu naiz, bai nire osasunaren aldetik, eta baita eskiatzaile bezala ere». Aukera ezberdinak begiratu zituen bere kirol ibilbidearekin jarraitzeko bukatu berri den denboraldian. «Norvegian taldea duten lagun batzuk ditut eta hasieratik esan zidaten beraien taldean sartuko nintzela, Madshus taldean, hain justu», esan du Rojok. «Talde hori lasterketa luzeetan parte hartzeko baliatu dut, baina Munduko Kopan ere lehiatu naiz, eta horretarako beste laguntza batzuk izan ditut. Hori nik antolatu behar izan dut eta horretarako Imanoleta egitasmoa jarri genuen martxan».

Aurrekontu bat zuen denboraldirako eta teknikariak ere ordaindu behar direla azaldu du kirolariak. «Denbora asko da etxetik kanpo, oso gastu handia da. Horregatik nire gurasoei galdetu nien ea nirekin etorri ahal ziren, furgonetarekin. Furgoneta eskiz eta materialez bete genuen, eta Europan zehar joan gara lastertzen eta munduko onenekin borrokatzen».

Orain atseden hartu eta hurrengo denboraldia prestatzea tokatzen dela dio. Datorren denboraldian, otsaila bukaeran eta martxoaren hasieran, Munduko Txapelketa izango da Norvegian, eta bertan parte hartu nahi du. «Dagoeneko sailkatuta nago, eta Norvegian Munduko txapelketa bat jokatzeak ilusio asko egiten dit», esan du Imanol Rojok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!