Emozio handiko amaiera izan du Redline Mekanika TAKEren denboraldiko azken partidak. Batetik markagailuari buelta ematea lortu dute eta 75-65 irabazi diote Gipuzkoa Basket Easo taldeari. Bestetik, Lander Lasa tolosarrak saskibaloi jokalari izateari utzi dio, bere azken partida jokatuz.
EBA ligan lehiatu da denboraldi honetan TAKEren gizonezkoen lehen taldea, eta ez du urte erraza izan. Usabal itxita izan zen denboraldiaren hasieran langileen grebarengatik, eta Beasainen entrenatu eta jokatu zituzten etxeko partidak. Hainbat partida ere oso puntu gutxigatik galdu dituzte, eta azken laugarren bukatu dute denboraldia, jaitsiera postuetan. Goar Artetxe entrenatzaileak balantze «oso ona» egin du: «Oso talde gaztea dugu eta oso lan ona egin dute jokalariek, bai abuztuan hasi ginenetik orain apirila arte, eta oso harro nago egin duten lanarengatik». Oraindik aukera bat badute EBA ligan jarraitzeko; horretarako beraien multzotik talderen batek mailaz igo beharko luke, eta horrek suposatuko luke Redline Mekanika TAKE mailaz ez jaistea.
Lander Lasak, bere aldetik, partida amaitzerakoan «pixka bat arraro» sentitzen dela azaldu du. «Oso urduri egon naiz azken egun hauetan, lo egiteko arazoak ere izan ditut, eta uste dut ez naizela kontziente ez naizela berriro ere motzez jantziko. Astelehenean baliteke tristeago egotea, baina orain taldeak egin didan harrerarekin eta egin dugun partidarekin oso pozik nago».