Laponia 74 espedizioaren 50. urteurrenaren harira, espedizioaren nondik norakoak kontatzen dituen dokumentala izango da ikusgai gaur, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan, 19:30etik aurrera.
1974. urtean 600 kilometro inguruko eski zeharkaldi bat egin zuten Gipuzkoako sei eskiatzailek, eta tartean ziren Tolosako lau; David Hernandez —espedizio haren burua izan zen—, Jose Luis Lekuona Gorri, Antxon Bandres Euskal Mendizale Federazioko lehendakari izandakoa eta Mikel Zabala. Jose Mari Rebollar beasaindarrak eta Alfredo Feliu kazetari donostiarrak osatu zuten taldea.
Samiek elur oreinekin batera egiten zuten transhumantzia bideari jarraituz egin nahi izan zuten zeharkaldia. Hala, Ivalo (Finlandia) eta Nordreisa (Norvegia) arteko bidea egin zuten, 21 egunetan zehar. Euskal Herrian espedizio polar horizontalen aitzindaria izan zen zeharkaldi hura.
Bidaia hori guztia grabatu eta muntatu zuen David Hernandezek. Super 8 kamerekin hartu zituen irudiak, pare bat ordu orotara. Tolosako Iparragirre zineman eskaini zuten lana, eta leporaino bete zen aretoa. Ondoren, eskoletan ere eskaini zuten.
Bada, 50 urte geroago, berriro ikusi ahalko da lana. Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan izango da, 19:30etik aurrera. David Hernandez filmaren egilea bertan izango da, eta baita Jose Luis Lekuona Gorri eta Mikel Zabala ere.