Aldaketak eta berrikuntzak izan dira ekainera bitarte Tolosako Udalak antolatuta duen kultur programazioan. Udalak adierazi duenez, bere arduraz kanpoko arrazoiengatik ekitaldi bat atzeratu da. Bestalde, emanaldi gehiago programatu dituzte uda iritsi bitarteko asteetan.
Mirua talde tolosarrak maiatzaren 3an eskaini behar zuen kontzertua bertan behera geratu da. Disko berriaren argitalpena atzeratu du taldeak eta, horrenbestez, kontzertuaren data berria diskoa aurkeztutakoan zehaztuko da. Kontzertuaren ordez, egun berean, J.J. Vaqueroren bakarrizketa izango da Leidorren, 20:30ean.
Berrikuntzei dagokienean, igande honetan, apirilaren 21ean, Gero Axular dantza taldearen emanaldia izango da Leidorren, 11:30ean. Aurten 20. urteurrena betetzen du taldeak eta hori ospatzeko, taldearen izaera eta ibilbidea erakusten dituen ikuskizuna osatu dute. Hain zuzen, emanaldiaren estreinaldia izango da Tolosakoa, eta elkartasun kutsua izango du, etekinak epilepsia eragiten duten gaixotasun arraroak dituzten pertsonekin lan egiten duen Apoyo Dravet elkarteari bideratuko baitzaizkio.
Arimaz Kamera Orkestrak ere ikasturte amaierako emanaldia egingo du maiatzaren 5ean, igandea, Leidorren, 12:30ean hasita. Piano eta orkestra kontzertua izango da, Izaro Yañez bakarlari gisa dela. Luis Mariano lirika elkartearen laguntza izango du orkestra tolosarrak.
Maiatzaren 24an, berriz, Anari Alberdiren kontzertua izango da, 20:00etatik aurrera. Abeslari azkoitiarrak argitaratu berri duen bere zazpigarren lana, ‘Giza Zarata’ izenekoa, emango du ezagutzera. Emanaldirako sarrerak ostiraletik aurrera izango dira salgai.
Horrez gain, Berdintasun Sailak antzerki emanaldi bat antolatu du ekainaren 28rako: Xabin Fernandez eta Intza Alkain antzezle dituen ‘Kanpora sartzen’. Seropositibo baten egunerokotasunean gertatzen diren kontuak azaleratzen ditu antzezlanak, eta kritika onak jaso ditu. 20:00etan izango da, Leidorren.
Emanaldi berrietarako sarrera guztiak Kutxabanken webgunean eskuratu daitezke eta eszena bonutik kanpo daude.
Kontsultatu egitarau berritua hemen