Urteko aizkora apustua

Asier Imaz 2024ko api. 24a, 19:00
Iker Vicente eta Julen Alberdi 'Txikia IV.a', gaur, Tolosako zezen plazan.

Iker Vicente eta Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ aizkolariek desafioa jokatuko dute larunbatean Tolosako zezen plazan.

Ikusmina sortu duen aizkora apustua egingo dute larunbat honetan Tolosako zezen plazan. Aurrez aurre izango dira Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a. 18:00etan hasiko da norgehiagoka, eta egin beharreko lana zortzi enbor 60 ontzako eta hamalau kanaerdiko izango da. Urteko apustua dela esan daiteke: momentu honetan maila handienean dauden bi aizkolari dira eta lana horrek emango du beraien arteko lehia erakusteko modua. 50 euro balio du sarrerak. eta Tolosako Kantrabriko tabernan eta Azpeitiko Mendizabal tabernan daude salgai. 

Urtarrilaren hasieran adostu zuten apustua, eta Alberdik Ataria Irratiko Desafioa saioan azaldu zuenez, «momentuz nahiko gustura nago egindako prestaketarekin». Lana aukeratzerakoan «tirabira» pixka bat izan zutela esan zuen Alberdik, baina 60 ontzakoa urtean zehar dezentetan ebakitzen duten enbor mota dela gaineratu zuen. «Alde horretatik ez dut izan arazorik egur neurri horretara egokitzeko. Nahiko ondo moldatu naiz bi neurritara». Egur motari dagokionez, egunean bertan jakingo dela aizkolari bakoitzak zer eramango duen aitortu zuen. «Egur leunak eta gogorrak, bietatik aritu naiz ebakitzen, eta bietako prestatutako egongo naiz».

Fisikoki apustu baterako hobeto prestatzen dela esan zuen Alberdik: «Denbora gehiago sartu dugu, eta jatekoak-eta hobeto zaindu ditugu, eta fisikoki hobeto iritsiko naiz». Bi edo hiru kilo hartu ditu, eta orain 94 kilotan dago. «Indarrez hobeto ote nagoen errezeloa dut». Lehenengo apustua da Alberdirentzat: «Momentuz nahiko lasai nago, eta prestaketa ere nahiko lasai eraman dut».

Vicentek eskarmentu handiago du apustutan, dagoeneko zenbait egin baititu. «Gustura nago; hilabete gogorrak izan dira, eta entrenamendu asko egin ditut, eta uste dut lan oso  on bat egingo dudala», azaldu zuen Desafioa saioan. Entrenamenduetan denetik sartu duela esan zuen: «Erresistentzia asko landu dut, hasieran batez ere, entrenamendu oso luzeak eginez. Gero aizkoran ere aritu naiz, lan oso serioa dugu egiteko eta». 

Apusturako ezberdin egin du prestakuntza eta elikadura: «Ikusten nuen azkeneko urtetan Txikia-k lan handiak ematen zizkidala, eta apustuan irabazteko sentitzen nuen zerbait berria probatu behar nuela. Saiatu naiz kiloak hartzen, eta batzuk hartu ditut, kolpea-eta hartzeko. Bera fisikoki badakigu nolako ona den, eta egurrari asko ematen dio. Bere parera iritsi nahian, kilo batzuk hartuta joango naiz plazara, eta 92 kilorekin nago orain». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!