Larunbat goizean, bi azoka izango dira Tolosako erdigunean

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 7a, 17:00

Trianguloan egingo den Lore eta Landareen Azokan zazpi mintegik parte hartuko dute; Alondegi plazan, berriz, bigarren eskuko materialen elkartrukerako azokan bizikletak izango dira protagonista.

Larunbat honetan, maiatzaren 11n, Tolosako Trianguloa kolorez eta lore usainez beteko da. Udalak antolatuta, Lore eta Landareen Azoka egingo dute, 09:00etatik 14:00etara, eta udaberri sasoiko lore eta landare mota nagusiak bilduko ditu. «Aukera bikaina da gure mintegizain eta artisauek eskaintzen duten edertasun naturalaz gozatzeko eta  gure etxeak apainduz udaberriari ongietorria emango dioten produktuak eskuratzeko», adierazi du udalak.

Aurten, udalerri ezberdinetako mintegiek eta artisauek parte hartuko dute azokan:

  • Ines Flores (Anoeta): hazi, landare, lore eta fruitu deshidratatuetan berezitua.
  • Iñigo Azpiazu Moreno (Anoeta): loreetan berezitua.
  • Karolina Peños Salinas (Bergara, Gipuzkoa): ukendu sendagarriak, gorputzeko xaboiak eta desodorante naturalak.
  • Txomin Bilbao Echevarría (Kortezubi, Bizkaia): lore, zuhaixka eta landare sorta.
  • Jose Javier Beaskoetxea (Iurreta, Bizkaia): sasoiko landare eta loreak.
  • Guillermo Guillen Monreal (Puiu, Nafarroa): lore eta landare sorta zabala.
  • Daniel Larena Santos (Zaragoza, Aragoi): bere landare eta lore bilduma.

Lorategi efimeroa

Azoka berezi honen bueltan egin izan den bezala, aurten ere Gaztelako Atea lore eta landarez atonduko du Gureak Berdeak lorezaintza taldeak, lorategi efimero bihurtuz. Banbu landareekin hostotza berdea eta kolore urdineko elementuak uztartuko ditu aurtengo proposamenak, zutoin, hesi, loreontzi eta tauletan. Landare hauek, udazkenean landatuko dira Elosegi parkean.

Elkartrukerako aukera, Alondegian

Egun berean, 09:00etan hasi eta 14:00ak bitarte, bigarren eskuko bizikleten elkartrukerako azoka egingo dute Alondegi plazan, Zumardia elkarteak sustatuta. Bertan, bizikleta, patin, patinete, kasko eta bestelako bigarren eskuko materialak trukatu, saldu edo erosi ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Jasangarritasuna, elkartrukea eta berrerabilpena bultzatzea izango da azokaren helburua. Materiala, baina, aurrez entregatu behar da, hain zuzen, ostegunean eta ostiralean Gurpilgunean (Zumardiandian), 17:00etatik 19:00etara, eta azoka egunean bertan, Alondegi plazan, 09:00etatik 11:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!