Diktadura osteko eskualde baten esnatzea jaso dute liburu batean

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko abe. 15a, 07:00

Francoren garaia eta ondorengo trantsizio aldia izan ziren hizpide, atzo iluntzean, Tolosako Zerkausian; Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariaren eskutik argitaratutako 'Frankismoa eta Trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean' liburua aurkeztu zuten, Jon Mintegiaga eta Joxemi Saizar egileek. Berria egunkariko zuzendaria Martxelo Otamendi ere eurekin izan zen agerraldian.

Mintegiagak eta Saizarrek bi zati nagusitan banatu dute liburua. Horrela, historiaren beraren kontakizunaz gain, «eskualdeko bizitzan zeresana izan duten hamasei lagunen lekukotza» jaso dute, elkarrizketa formatuan. Liburuko hitzaurrearen arabera, bi atalak osagarriak dira. Kontakizunean gehiegi garatu gabe geratu diren gaiak elkarrizketatutako pertsonaien testigantzek osatzen baitituzte.

Aipatzekoa da, era berean, 2008. urtean Mikel Errazkinek eta Joxemi Saizarrek argitaraturiko 1936ko Gerrako Oroitzapenak liburuaren nolabaiteko jarraipena dela atzo aurkeztu zutena.

«Gertu eta urruti aldi berean»

Eskualdean frankismoa ezarri, eta 1980ko hamarkadaren hasiera bitarteko gertakariak ditu hizpide liburuak. Martxelo Otamendiren ustez, «gertakari haiek, batzuk besteak baino gehiago, oso gertu daude gure egunetatik. Gertu eta urruti aldi berean. Gertu, bizi eta, askotan, jasan zutenentzat; urruti, bizi ez zituztenentzat».

Bide honetan, Otamendik 'Frankismoa eta Trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean' liburua apustu bat dela nabarmendu zuen. Era berean, 80ko hamarkada bitarteko bizitza politiko, sozial, sindikal eta kulturalean gertatutakoa biltzea eta kontatzea ausardiatzat jo zuen, «sekula horrelakorik egin ez delako eskualdean».

Liburuko hitzaurrean nabarmentzen duen bezala, liburua protagonistak bizirik dauden bitartean egin nahi izan dute, historikoa izateaz gain, lana garaikidea izan dadin.

Garaituen ikuspegia

«Liburu hau ez da neutroa, objektiboa». Hauxe da liburuan, egileen argibideetan irakur daitekeena. Jon Mintegiaga eta Joxemi Saizar garaituen ikuspegian lerrokatu dira lana idazterakoan, baina «zentzu zabala eskaini» nahi iza diote liburuari, ikuspegi hirukoitz batetik.

Antifrankismoa da lanaren ardatzetako bat. Erregimenari aurre egiten saiatu ziren askotariko taldeak hartu dituzte kontuan, iraultzaileetatik hasi eta erreformazaleagoa zirenetaraino; talde independistak nahiz estatu ikuspegia zutenak izan dituzte hizpide.

Ildo abertzaleari ere tira diote 'Frankismoa eta Trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean' liburuan. Abertzalea bera ‘herri maitalea’ bezala ulertu dutela argitu dute egileek hitzaurrean, eta beraz, «nazionalista edo independentista zertan izanik ez duena». Hala ere, Euskal Herria herri bezala tratatu dute, «erregimen frankistak inplizitoki onartua» ere izan zela baieztatuz.

Azkenik, lanaren hirugarren adarra soziala da: «Jendartea antolatzeko moduak talkak eta gatazkak sortzen ditu talde edo interes kontrajarrien artean». Egoera honen aurrean, egileek «gutxien duenaren edo behar handiena duenaren arrazoietan gehiago sakonduz» osatu dute lana.

Hiru ildo hauei jarraituz, duela hamarkada batzuetako historia jaso dute,beraz. Hamaika izen-abizen ere ikusiko ditu irakurleak, ordea, liburuko orrialdeetan, historia gertukoak diren pertsonaiekin identifikatzean, gertukoagoa edo errealagoa suertatuko delakoan.

Bizipenen ahotsak

Gerraosteko garaiarekin hasten da liburua, eta bost kapitulutan, trantsizio garaiko frankismoaren erreformarainoko gertakariak ekartzen ditu gogora.

Testigantzen atalak, eskaintzen du, ordea, historiarik gertukoena. Urte haietan, modu batera edo bestera, eta ideia batzuekin edo besteekin, erregimenaren aurka azaldu ziren 16 ahots bildu dituzte Mintegiagak eta Saizarrek.

Elkarrizketatutako hamasei gizon-emakumeak, eskualdekoak edo eskualdearekin harreman zuzena izandakoak dira: Amnistiaren Aldeko Gestorako eta Euskadiko Ezkerrako zinegotzia izandako Martin Agirrezabala; ELA-STV sindikatuko eta Euskal Sozialista Biltzarra alderdiko sortzailea izan zen Kepa Anabitarte; Jokin Aranalde, ETAko nahiz ORTko kidea izandakoa; Jesus Artetxe, ETAko kide izandakoa, PCEn aritutakoa, eta azken urteotan Ibarrako Ezker Batuako zinegotzia izan dena; Tolosako Udaleko zinegotzia nahiz diputatua izandako Jesus Maria Azurza; CIT-TEEko sortzailea izan zen Antxon Elosegi; Xabier Elosegi tolosarra, ETAko kide izatea leporatuta atxilotu zuten lehenengo pretsona, gaur egun Baionan bizi dena; hauteskunde ondorengo lehen hiru legealdietan, PNV alderdiarekin Tolosako alkatea izandako Mirentxu Etxeberria; Pello Ezeiza, Herri Gaztedi mugimenduan hasi, hainbat mugimendu komunistetako militante izan, eta STEE-EILASeko nahiz Elkarriko kide izandakoa; Laskorain ikastolako guraso batzordean lanean aritutako Pepi Gorostidi, lehen hauteskundeetan Herri Batasunako zinegotzia izan zena, eta gaur egun Senideak eta Etxerat erakundeetan lanean aritzen dena; gozogile bezala ezagunagoa den Jose Mari Gorrotxategi, Oargiko lehenbiziko lehendakaria; Antton Karrera amezketarra, Burgosko prozesuan ETAko kide izateagatik epaitua, eta gerora, CCOOko kide eta Ezker Batua alderdiarekin Donostian zinegotzi izana; erbestean jaiotako Ramon Labaien, PNV alderdiarekin Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Donostiako alkatea izandakoa; Oargin Juventud Obrera Católica mugimenduan hasi, eta ETA VI. batzarrean nahiz ORTkokomite nazionalean aritutako Juan Jose Martinez Leunda, gaur egun Eusko Alkartasunako militantea dena; Jesus Mari Penilla, zinemari loturiko pertsona izan arren, manifestazio nahiz gose grebetan parte hartutakoa; azkenik, Euskal Herriko Alderdi Karlistarekin, lehen hauteskundeen ondoren Tolosako zinegotzia izandako Bitxori Salinas.

Liburua eskuragarri

Etzi Tolosan egingo den Gabonetako azoka berezian, eskuragarri izango da 'Frankismoa eta Trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean' liburua, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariak jarriko duen postuan, Gernikako Arbola inguruan. Liburuak 18 euroko prezioa izango du; harpidedunentzat berriz, 15 eurokoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!