Hiru euskarri norabide berean

Ainhoa Oiartzabal 2013ko urr. 3a, 18:45
Orain arte Txolarre Irratiak, Galtzaundi aldizkariak eta Tolosaldeko Hitza egunerokoak egin duten eskaintza informatiboarekin jarraituko du Tolosaldeko Atariak, baina indartu egin nahi ditu asteburu bezperako eskain- tza, herritarren parte hartzea eta irismena. Hala, ostiralero, astekaria izango du aurrerantzean Tolosaldeak, eta egunero eta etenik gabe, herritarren parte hartze zuzena izango duen atari digitala. Horri, eskualdearen zatirik handienean irratia ongi entzuteko eginiko inbertsio gehitu behar zaio.

ATARIA PRENTSA

Astean lau egunetan

Zortzi orrialde asteartetik ostegunera, eta 24 orrialde ostiraletan. Galtzaundi aldizkariaren eta Tolosaldeko Hitzaren oinordekoa sasoiko aterako da plazara. Orain arteko prentsaren publikazio egunei eu-tsi eta gainera, astero-astero, koloretako 24 orrialdetako astekariari eman dio bide proiektu bateratuak. Bezperako albisteak biltzeko ez ezik, asteburuan Tolosaldean izango denaren berri luze eta zabal emateko intentzioarekin atera da eskuartean duzun astekariaren 0. zenbakia. Behin Kilometroen festa pasatakoan, Atariaren kolabora-tzaile askoren lanarekin egingo dugun astekaria. Besteak beste, Irene Larraza edo Estitxu Eizagirreren iritzi artikuluak aurkitu dituzu bertan, Fernando Rojoren eta Joxemi Saizarren historiari buruzko artikuluak, Itxaropena Urkiolaren nahiz Ainhoa Barandiaranen gogoetak, Joseba Antxustegietxarteren komikia,... eta abar gehiago.


Ostiralaren aurretik, ordea, eguneroko gertaeren kronikak eta eguneroko protagonisten lekuko-tzak jaso nahi ditugu 8 orrialdetan. Tolosaldeko 28 herriei egin nahi diegu tokia, nork bere burua ikus dezan Atarian islatuta. Eta horren berri etxeraino helduko zaie orain arteko Hitzako harpidedun eta Galtzaundiko bazkide izan direnei, eta, Atariaren lagun edo Atarikide egingo direnei.

ATARIA INTERNET

Foro irekia

Gaur zintzilikatu dugu Atariaren atari digitala sarean, etenik izango ez duen jarioa biltzeko helburuarekin. Horretarako, Komunitatea izeneko leihoa atondu dugu, non herritar orok eta elkarte guztiek izango duten bertan zuzenean parte hartzeko aukera. Foro libre eta ireki honetan, elkarrekiko errespetuz jardunez gero, Tolosaldeko herritarrei kezka sortzen dizkieten gaiak, interesa eragiten dieten albisteak edota partekatzeko gogoz bizi dituzten iritziak eman daitezke. Laburbilduz, Tolosaldeko egoerari pultsua hartzeko foroa izatea nahi dugu. Atarian jarduten dugunontzat berri iturri paregabea izango da, eta albisteen artean sailka di-tzakegu bertan jaso dezakegun informazioa.


Horrekin batera, eskualdeko herri bakoitzak bere atala izango du, eta bertan herriarekin loturiko informazioa ordenatuko dugu. Eskualde mailako beste zenbait gai, ordea, gaiaren arabera sailkatuko ditugu. Eta urte hauetan guztietan eskualdeko komunikabideok sortu dugun hemeroteka oparoa ere paratuko dugu.


Internetek ohiko kazetaritzaren euskarrien zurruntasuna irauli egin duenez, ikus-entzunezko informazioa eta informazio idatzia eskutik joango dira atari digitalean, eta informazioa gertatzen ari den unean bertan eskaintzea izango da helburuetako bat.


Codesyntax enpresak garatu eta Tokikom euskarazko tokiko hedabideen elkarteak saretu asmo  duen herri komunikabideen arteko plataforma digitalaren Tolosaldeko webgunea izango da Tolosaldeko Ataria.

ATARIA INTERNET

Irismen zabalagoa

Orain arte Txolarre Irratiak egin duen bezala, goizez lau orduz euskarazko irratia zuzenean ariko da aurrerantzean ere, baina irismen gaitasun handiagoarekin; 107,6 fm irrati frekuentziak Aiztondo bailara gainditu dezan eta Tolosaldearen zatirik handienean entzun dadin egin beharreko lanak burutu baititu Ataria Irratiak. Gainera, ohiko esatariarekin batera beste esatari baten ahotsa izango du Ataria Irratiak, eta Atariako kazetari guztien parte hartzea. Horri, irratiko uhinetan gertatuko den beste jauzi bat gehitu behar zaio; paperezko zutabeetatik irratiko zutabeak egitera jauzi egingo duten kolaboratzaileena. Garbiñe Biurrun, Joxe Austin Arrieta, Antton Izagirre, Ibon Artola eta beste zenbait ahots ezagun izango baititugu Atariaren mikrofonoen bestaldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!