'Aitzol'en inguruko dokumentala egin du Aranzadi Zientzia Elkarteak

Mikel Iraola 2013ko urr. 10a, 18:43
Aitzol
Aranzadi Zientzia Elkarteak, Jose Ariztimuño 'Aitzol'-en bizitzaren inguruan dokumental bat ekoitzi du, euskal pizkundean Aitzolek egindako lana eta gerra zibilean bizi izan zituen esperientziak kontatzen dituenak. Juantxo Agirre tolosarra izan da dokumentalaren zuzendaria. Datorren urriaren 16an aurkeztuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean.

75 urte pasa ondoren Jose Ariztimuño "Aitzol" XX. mende hasierako kultur pizkundearen erreferenteetako bat da, euskararen, literaturgintzaren eta euskal kulturaren ikerkuntzaren berreskurapenean aitzindari. Frankismo garaian hil zen zuten Hernanin.

Duela hamaika urte Aranzadiko ikertalde ezberdinek Gerra Zibila eta giza eskubideen urraketa aztertzeari ekin zioten, eta Aitzolen inguruan saiakera handiak egin dira, bai dokumentazioan baita bere gorpuaren bilaketan. Hernaniko hilerrian indusketa arkeologiko bat abiatu zuen horretarako Aranzadik. Bildutako dokumentazioarekin eta egindako aurkikuntzekin, dokumental bat ekoiztu du Zientzia Elkarteak.

Aitzol da dokumentalaren izenburua eta 38 minutuko iraupena du. Bertan, Jean Pelletier frantsesaren testigantzetatik abiatuta tolosarraren bizitza eta euskal pizkundeak egindako lana kontatuko dira. Pelletierrek Galerna itsasontzia hartu zuen 1936an Baionatik Bilbora bidean, eta bertan ezagutu zuen Aitzol. Dokumentalean beste hainbat pertsonen testigantzak bildu dituzte: Juantxo Agirre, Ramon Labayen eta Martxelo Otamendi tolosarrenak; Nena Pelletier, Aitzolen lagunaren alabarenak; Mikel Aizpuru eta Iñaki Egaña historialarienak; Lourdes Otaegi euskal filologarenak; Juan Pardo, euskal Marinan adituarenak; Josebe Goya, Hernaniko enterradorearenak; Aitzol Azpiroz, familiartekoak; eta Jose Maria Setien, Donostiako elizbarrutiko apezpiku emerituarenak.

Film honen egileak, Eider Conde, Iñago Egia eta Juantxo Agirre tolosarra izan dira, azken honen zuzendaritzarekin. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia; Tolosa, Donostia eta Hernaniko Udalak; Sabino Arana Fundazioa, HABE-Aitzol Udal Euskaltegia, Galtzaundi, Lizardi Elkartea, Berria, Euskadi Irratia, Ikastolen Elkartea eta Tolosaldeko Ataria izan dira, besteak beste, proiektu honen laguntzaileak.

Estreinaldia, datorren asteazkenean

Dokumentala datorren asteazkenean, hilaren 16an, aurkeztuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:30ean. Aitzol. Bizitza bati omenaldia gisa bataiatu dute ekitaldia. Estreinaldia baino haratago joango da asteazkenekoa, izan ere, Aitzol berari omenaldia egin nahi zaio. Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren eskutik kantaldia izango da, eta Harkaitz Canok ere poemak errezitatuko ditu. Ekitaldi honetara joateko sarreren salneurria 4,6 eurokoa da.

Dokumentalaren sinopsia eta trailerra

Jean Pelletier frantsesak Galerna itsasontzia hartu zuen 1936ko urriaren 15ean, Baionatik Bilbora bidean. Gerra Zibila hasita zegoen orduan eta frankistek gogor altxatu ziren garai horretan. Galerna itsasontzian Jean Pelletierek Jose Ariztimuño Aitzol ezagutu zuen. Bere testigantzak oinarri hartuta, Aitzol ezagutuko dugu dokumentalean zehar. Aitzolen bizitza eta euskal kulturan, bereziki euskal pizkundean egindako lana eta gerra zibilean bizitako esperientziei buruz hitz egingo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!