Bertsolari Txapelketa Nagusia

Igor Elortza maisu eta eskualdekoak azken postuetan

Igotz Alkorta 2013ko aza. 11a, 18:34
Igor Elortzak hanka terdi BEC-en du, eta Irazuk eta Agirrek apenas dute aukerarik finalerdien bigarren fasean sartzeko.

Itxura ederrekoa zegoen igandean Usabal kiroldegia igandea. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago bete zen aretoa. Harituz eskualdeko bertso taldea arduratu zen saioaren antolakuntzaz. Hain justu eurak izan zituen gogoan hasierako agurrean Amaia Agirrek: “Saiatuko naiz egiten eurek merezi gisara/ ni soilik nago oholtzan baina ekipo bat gara”.

Tolosan kantatzeak ordea, ez zien zorterik ekarri eskualdeko bi bertsolariei.  Saio ona baina gora- beheratsua izan zen Usabalgoa, kolpe politak, ale gogoangarriak bai, baina bertsoaldi borobilik utzi ez zuena. Inork zalantzan jarri ez duena Igor Elortza nabarmendu zela besteen gainetik, ariketa guztietan erraz eta zuzen aritu zen. Zortziko handian agortuta zirudien bertsoaldiari behin baino gehiagotan eman zion buelta. Zortziko txikian umoretik ere kolpe ederrak jo zituen eta puntu erantzunetan eta kartzelako lanean maisu aritu zen. “Pasiloko argia itzalita lokartzeak beldurra ematen dizu”, zuten kartzelako gaia. Izarren hautsa, hain gustoko duen doinua erabiliz, ilunari beldurra dion haurraren paperean lan bete eta sinesgarria egin zuen. Azken bertsoa honela amaitu zuen. “nire hartzatxoa hor eraman dut pausuz pausu besapean/ sartu beraien logelan eta oraintxe nago bakean/ gustora egingo dut hemen lo-lo/ ahaztuta mamu eta mozolo/ babesleku eder batean/ aita ta amaren artean”.

Mantxiren arratsaldea

Tolosako saioko ezustea Iñigo Manzisidor, “Mantxi” izan zen. Aurreko fasean, Legazpin,  ezinean aritu ostean, bere onena eskaini zuen Usabalen. Umore kolpeak joz publikoa bereganatu zuen. Bereziki puntu erantzunetan eta sei puntuko motzean aritu zen maisu. Lehen puntu erantzuna adibiderako: “Museotan badugu aukera anitza/  ba enaiz inoiz izan ematen det hitza/ Bilbon bat ba omen da, handia, bortitza/ neu piezarik onena sartuko banitza”.

Unai Iturriaga izan zen saioko irregularrena. Zortziko handian eta txikian lan onak egin ostean, poto egin zuen puntu erantzunetan “lagun” hitzarekin. Eztabaida sortu zuen kontuak, batean “lagun” hitzak pertsona esan nahi ote zuen eta bestean adiskide,  baina argi dago epaileek pototzat hartu ziotela. Sei puntuko motzean ostera gora egin zuen baina kartzelako azken bertsoan beste poto bat etorri zen. 93tik hona final guztietan izan da Iturriaga baina bigarren fasean asko asmatu beharko du aurten BEC-en izateko. Miraria ere bada puntu kopuruari eutsi izana.  Etxahun Lekue izan zen, agian, maila bat hartu eta hari eutsi ziona. Ez zen nabarmendu, baina ariketa guztietan zuzen aritu zen larrabetzuarra.

Irazuren kolpeak

Jexux Mari Irazuk ez zuen saio biribila osatu baina kolpe ederrak jo zituen, zortziko txikian eta sei puntuko motzean, esaterako. Sei puntuko motzean Mantxirekin batera, agian Tolosako ofiziorik osoena egin zuten aitona biloben paperean. Irazu biloba lanik gabe geratu eta aitona zaintzeko prest azaldu da. Mantxik, Maitasunagatik edo dirugatik egingo duen galdetu ostean, hauxe larrauldarraren erantzuna: “nik maitasunez arreta/ zuk ere neuri fereka/ eta horrela zainduko dezu nere hipoteka”.  Kartzelako lan sinesgarri batekin amaitu zuen jarduna Irazuk baina ez dio balio izan puntuak pilatzeko.  Sentsazioekin ordea, pozik zen saioa amaitu ostean.  “Gustora eta suelto etorri naiz, Altsasun baino gehiago asmatu dudala esango nuke, ez dakidana eutsi han baino gehiago egin ote dudan. Ateraldietan, sei puntuko motzean, kartzelan… Uste dut gauza politak egin ditudala”. Lortu dituen puntuekin oso zail du bigarren faserako sailkapena. Gure mikrofonoetan ez du ukatu gehiago espero zituela. “Puntu batzuk gehiago espero nituen. Postua ez dakit baina puntu batzuk gehiago bai. Baina onartu beharra dago, hau da txapelketa”.

Agirre, seigarren

Irazurengandik puntu erdira, seigarren izan zen Amaia Agirre. Villabonakoak ondo hasi zuen arratsaldea, zortziko handiko lan ederra eginez Unai Iturriagarekin batera. Adinean aurrera beren gorputzarekin deseroso sentitzen diren bi pertsonen paperean kantatu zuten.  “Lehen futbolean aritzen nintzan ta moldatzen nintzen errez, gaur mitxelinek galtzen gainetik egiten didate ihes, ta zimurrak eztio gezurrik, ta ispiluak ere ez”,  bota zuen lehenengoan. Zortziko txikian eta puntutan ez zuen gehiegi asmatu eta horrek bultzatu zuen puntuazioa behera. Sei puntuko motzean eta kartzelan lan txukuna egin izana ez zen nahikoa izan epaileentzat seigarren postua ekiditeko. Kartzelan, tratu txarrak jasaten dituen emakume baten papera hartu zuen Agirrek. Lan ederra osatu zuen, bigarren bertsoaren amaiera adibiderako: “Dena posible ote da/ hori da nere galdera/ beti esperoan beti beldurrez hola ezin egin aurrera/ nere bizitza itzal daiteke argiarekin batera”. Amaieran sentsazio arraroak zituela onartu zuen Agirrek. “Ez daukat saioa bere orokortasunean buruan. Tentsioa ezin mantendu ibili naiz. Besteak ondo ikusten nituen eta ni epel antzera. Egia da ez dudala sufritu eta lasai noa. Hurrengo batean beharko du”.  Izan ere, ia ziur, Usabalen amaitu da villabonatarraren aurtengo txapelketa baina ezin esan trakets ibili denik. Bertsoaldien hautaketa zabalagoa, elkarrizketak eta informazio guztia Ataria irratian izango duzu asteazkenean arratsaldeko 17:00etan.

Azken emaitza

Igor Elortza 722

Iñigo Manzisidor 667,5

Etxahun Lekue 649

Unai Iturriaga 649

Jexux Mari Irazu 638,5

Amaia Agirre 638

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!