Lan gatazkak

Eskualdean multinazionalek duten eragina eta lan erreformak, itxiera hauen arrazoi nabarmenenak

Mikel Iraola 2013ko abe. 3a, 13:21
Endaki, Marie Brizard eta Antalis urtez urte areagotzen joan den egoera larri baten azken adibideak dira. Izan ere, arazoa lehenagotik dator: Gorostidi, Emusi, Calguinox, Urto, Perot edo Amaroz Paper Fabrika dira beste adibide batzuk. Itxiera horien faktore garrantzitsuena krisi ekonomikoa aipatu bada ere, langileak eta sindikatuak bat datoz, arazoa «politikoa» dela esatean, izan ere, lan erreformak eta enpresa horietako gehiengoaren atzean zeuden multinazionalen jarrerak, erabakiorrak izan direla uste dute.

Azkeneko lan erreforma, 2012ko otsailaren 9an onartu zuen Espainiako kongresuak, baina kaltegarriena aurretik aplikatu diren erreformen batuketa izan dela azaldu du LABek. «Enplegua bermatzeko erabakiak zirela esan zuten onartu zutenean, baina demostratuta geratu da ez dituela lanpostuak bermatzen. Azken bost urteetan 1.600 lanpostu galdu dira Tolosaldean, eta ondorioz, 3.205 langabe daude gaur egun.

Kaleratze guztien kasuan, hogei eguneko konpentsazioa ordainduko lioke enpresak langile bakoitzari. Antalisekoak badu berezitasun bat. Hitzarmenaren arabera, 18 urte baino gehiago lanean daramatzatenek, urtebeteko soldata jaso beharko lukete konpentsazio gisa: «Langile asko dira urte kopuru hori daramatzatenak enpresan lanean».

Marie Brizardeko langileak ere bat datoz lan erreforma arazo honen eragile nagusienetako bat dela esatean: «Erreforma aplikatu zutenean esan ziguten enpresak nahiz eta irabaziak aurreikusi itxi ahal izango zuela. Ez genuen sinisten eta gaur egun ikusi dugu hori horrela izan daitekeela. Egun merkeagoa zaie langileak kaleratzea enpresei, eta multinazionalen kasuan enpresen lana beste leku batzuetara bideratzen dute. Ukrainian adibidez merkeagoa zaie».

Hori da arazoaren beste zati nagusia: multinazionalak eta erabakiak hartzeko gaitasun eza.LABek aspaldi salatu zuen Tolosaldean bizi zen egoera: «Eskualdeko enpresarik handienak, Pasaban, Aralar eta besteren bat izan ezik, multinazionalen esku daude. Inork ez dio jaramonik egin eta orain eskualdeko sare industriala abiadura handiko gainbehera prozesu batean murgilduta dago».

Papergintzan eta metalgintzan nabari izan da gehienbat multinazionalen eragina eskualdean. Papergintzako kasuan, hiruk soilik jarraitzen dute martxan. Metalgintzan gehiago izan dira itxitako enpresak.

LABen ustez, egoera horretara iritsi izanaren arrazoi nagusia, duela urte batzuk egoeraren berri jakin zutenean hartu beharreko erabakiak ez hartu izana da. «Inor ez zen kezkatu egoerarekin, eta ikusi da zer gertatu den. Horren ardura nagusiena, Jaurlaritzarena da, eta ondoren beste erakundeena».

Bada beste arazorik
Itxierez gain, hainbeste baloratzen ez diren beste hainbat arazo ere badirela azaldu du LABeko Mari Mujikak: «Itxieran dira entzunenak eta prentsan gehien ateratzen direnak, baina lantegi askotan, bi, hiru edo lau lanpostu galdu dira eta ez da hain garrantzitsutzat jotzen. Horri ere garrantzia eman behar zaio».

Horretarako, jendeak kontziente izan behar duela nabarmendu dute langile eta sindikatuek: «egoera geroz eta nabariagoa da eskualdean. Ezer espero ez zen uneetan iritsi dira erabaki hauek, eta edonori gerta dakioke. Jendeak informatu egin behar du eta mobilizatu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!