Guztiek, txapelaren lehian, aurkari bakarra izango dute: Floren Nazabal faborito handia. Finalean egin beharreko lana ondorengoa izango da: 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako launa enbor moztea. Finalerdietan denborarik onena Nazabalek lortu zuen, eta bigarren, ezustekoa emanaz, Unai Otaño gelditu zen. Jon Irazu finaletik kanpo gelditu zen, baina Jon Rekondoren lesioa medio, zizurkildarrak txapelaren lehian aritzeko aukera izango du etzi.
Shanti Trofeoan, izen ematea
Tolosan, Eguberrietako XXXII. Shanti Trofeoa jokatuko da alebinetan eta benjaimetan. 2002tik 2005era jaiotako haurrak ibiliko dira areto futbolean, eta izena eman nahi duten taldeek abenduaren 10era bitarte zabalik dute epea. Lehian atera nahi duten neska-mutilek euren taldearen izena emateko Tolosako Shanti Kirolak dendara joan behar dute.