Asuncion klinikaren kudeaketa goraipatu du EAJk

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 9a, 10:09
Klinika eta Osakidetzaren hitzarmena babesten duela esan du, eta publiko eta pribatuaren arteko uztarketa babestu

Tolosaldeko EAJk Asuncion klinikaren eta Osakidetzaren arteko hitzarmena babesten duela azaldu du. Alderdiaren ustez, publikoaren eta pribatuaren arteko uztartzearen beharra «inoiz baino gehiago geratu da agerian eta baita bere osagarritasuna ere» Tolosan egindako ibilbideari erreparatuta.

«Tolosaldeko Asuncion klinikaren zerbitzuari erreparatzen badiogu, zerbitzu erabat publikoa da, nahiz eta bere kudeaketarako hitzarmena izan finantzatzeko aukera», gaineratu du. EAJk argitu duenez, Asuncionen gaixoek ez dute aparteko kosturik, anbulatorioan bezala, gaixoarekiko harremana berdina delarik, «ikusi besterik ez dago», nabarmendu du.

Donostiarekiko gertutasuna

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak behin baino gehiagotan egindako kritikaren harira, hau da, Tolosaldea dela eskualdeko ospitale publikorik ez duen bakarra, Tolosaldeak Gipuzkoako beste bailarekiko beste desberdintasun bat ere baduela esan du: Donostiarekiko gertutasuna. «Baina gertutasun hau mesede egiteaz gain, inoiz ez dugu aitzaki izaten utzi gure eskualdeko zerbitzuaren kalitatea galtzeko. Horregatik bere garaian udaleko alderdi politiko guztiak herriko kaleetan aldarrikatu zuten Asuncion klinikaren jarraipena», zehaztu du alderdiak.

Horiek horrela, Tolosaldeak zerbitzu publikoa duen ospitalea du alderdiaren ustez, hori ez dutelarik Euskal Autonomia Erkidegoko eskualde guztiek, eta hainbat zerbitzutan «beste eskualdeetan ez dituzten aukerak ditugu eskuragarri, etxeko ospitaleratzea kasu. Gainera, Donostiarekin dugun gertutasunak ematen digun segurtasuna ere hortxe dugu».

 

Era berean, klinikaren zerbitzu publikoa zalantzan jartzea arduragabekeriatzat jo du, eta «herritik sortutako plataformari errespetu osoa» badiote ere, bailarako alkateek azaroaren 29an eskainitako prentsaurrekoan Asuncioneko zerbitzua zalantzan jartzea arduragabekeria dela esan du. «Hobe lukete bere agintarien irizpide politikoei jarraitu baino, herritarron benetako eskaintza publiko horren kalitatea hobetzen jarriko balute indarra, demagogia politiko merkeak eraginkortasun gutxi baitu».

Zentzu honetan Bildu alderdiko alkateek aurkezten dituzten gaiak, zenbait herritako medikuaren kontsulten maiztasuna esaterako, Asuncioneko hitzarmenarekin zerikusi gutxi dutela iritzi dio EAJk, «hitzarmena baita kalitatezko zerbitzu publikoaren bermea». Herritarren babeserako neurriak Bailarako alkateen agerraldiarekin jarraituz administrazioak «egoerari aurre egin eta herritarren babeserako politikak» bultzatu behar dituela esan du alderdi jeltzaleak, krisi ekonomikoak prekarietate egoerak bultzatzen baititu.

Hau guztia dela eta, EAJko ordezkariek Asuncion klinikaren funtzio publikoa aldarrikatzen dute, Osasun sailaren hitzarmenaren bidez «nahitaezko zerbitzua eskaintzen baitu gure bailaran». «Adierazi gainera, Osakidetzako beste ospitaleekin alderatuz, gaixoen asebetetzea neurtzen duten inkestak Asuncion klinika leku onean uzten badute ere, adi jarraitu behar duela administrazioak zerbitzuaren kalitatea zaintzen eta sustatzen. Hori da bereziki administrazioaren eginbeharra», gaineratu du.

Bukatzeko, agintari politikoek kritika egiterakoan jendea ez dutela nahastu behar uste du alderdi jeltzaleak, «ez dugu osasungintza politikerietan murgildu behar. Eztabaida egon liteke, eta baita desadostasuna ere, baina ez da onargarria aitzakia hori erabiliaz zerikusirik ez duten gaiak nahastea dena kakazteko, eta hori da egin dutena Tolosaldeko zenbait alkatek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!