Bizikidetza landu asmoz antolatu du Hirukidek Giza Eskubideen Astea

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 27a, 10:05
Hirukide ikastetxeak Giza Eskubideen Astea antolatu du. Atariak Xabi Gomez eta Zoila Larrañaga irakasleak gonbidatu ditu irratira eta bertan eskolaren ardatzetako bat bizikidetza dela gogoratu dute eta Giza Eskubideen Astea dela bizikidetza teorian garatzetik, praktikara eramatera.

Giza Eskubideen Astea gaur hasi eta urtarrilaren 31 arte luzatuko da. Batetik, ikasleek hainbat gai landuko dituzte (gizakia eta natura, hezkidetza, haur esklabutza...) eta bestetik, mahai inguru irekiak egongo dira.

Lehenengoa bihar izango da, hilak 28, 19:30ean kultur etxean "Urrutiko esperientziak hizpide" izenpean. Joana Zubelzu eta Yon Gonzalez (irakasleak eta Argentinan egondakoak), Miguel Legarra (medikuntzako ikaslea eta Marokon egondakoa),  Miriam Sagarna (Gizarte Hezitzailea eta pedagogo eta Ekuadorren egondakoa), Irati Lanceta (medikuntzako ikaslea) eta Nerea Caminos (enpresen administrazioko eta zuzendaritzako graduduna eta Kenyan egondakoa) izango dira hizlariak.

Ostegunean aldiz, 19:00etan, kultur etxean "Egungo errealitatea" izango da mahai inguruaren izena eta hizlariak hauek:  Rafa Sainz de Rozas (Arartekoaren aholkulari), Caritas Gipuzkoako ordezkaria, Iñaki Gomez (Tolosako Gurutzeko Gorriko boluntarioen arduraduna), Pedro Arteaga (Tolosako Abegi-Hogar del transeunteko arduraduna), Aitor Jimenez eta Jenifer Calvo (Tolosako Txolarte-Atzegiko ordezkariak), eta Jone Otermin eta Pepe Jimenez (Caritas Tolosako ordezkaria).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!