Tolosaldeko EAJren ustez, Bilduk "estilo mafioso samarra" darabil hondakinen kudeaketan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urt. 31a, 12:33
Tolosako Batzokian eskainitako prentsaurrekoan Tolosako Mankomunitatearen kudeaketa "txarra eta gardentasunik gabea" dela azpimarratu dute jeltzaleek.

Hondakinen kudeaketaren harira agerraldia egin du Tolosaldeko EAJk, eta, besteak beste, Bilduk jarrera "mafiosoa" darabilela nabarmendu dute, mankomunitatearen "gardentasun falta" salatzearekin batera. Olatz Peon Tolosako zinegotziak eginiko adierazpenei, eskualdeko hainbat zinegotzi jeltzaleek eman diete babesa Tolosako Batzokian.

Hondakinen auziaren inguruan bi urte baino gehiago "kontuak eskatzen" daramatzatela azpimarratu du Peonek, erantzunik jasotzen ez dutela gaitzetsiz: "Premiazkoa da jakitea, Bilduk daraman kudeaketak ekonomikoki tolosarrei nola eragiten dien". Bide horretan, Europatik datorren birziklatzeko agindua jarraituz urteak daramatzaten bitartean, "hekatonbea organikoa bereiztearekin batera" etorri dela diote jeltzaleek.

Bilketa sistemek azken urteotan sortu dituzten desadostasunen harira, Tolosako EAJren ustez Bildu "tematuta dago aurrekoek hartutako bidetik desberdintzen" eta, horren aurrean, "munduko lurralde gehienetan era normalizatuan egiten ez den atez ateko sistema inposatu" egin nahi dutela diote. Era berean, herritarren hitzari jaramonik ez dietela egin salatu dute: "7.000 sinadura bildu ziren, manifestazio erraldoi bat egin zen eta antolatutako parte-hartze prozesuak boikoteatu egin nahi izan zituzten".

 

Jeltzaleek azpimarratutako "inposaketa" horren aurrean, gainera, hainbat kexa plazaratu nahi izan ditu Olatz Peon bozeramaileak. Batetik, gaur egun Tolosaldeko Mankomunitatea kudeatzen dutenek binomio bat erabiltzen dutela azaldu dute, berau gaitzetsiz: "Atez atekoaren aldeko jarrera dutenak dira birizklatzearen alde dauden bakarrak, eta 5. edukiontziarekin hondakinak kudeatu nahi dituztenak, berriz, ez daude birziklatzearen alde". Hori guztia "gezurra izateaz gain maltzurra" ere badela nabarmendu du alderdiak.

Aipaturiko binomio horren bide beretik, gainera, Tolosaldeko EAJk bestelako salaketak ere egin nahi izan ditu, hondakinen auziaren inguruan. Izan ere, eskualdeko zazpi herritan atez ateko sistema "herritarren zilegitasunik gabe eta gezur handi baten pean" ezarri dutela uste dute: "Hondakin guztiak bereiziz hondakin guztia desagertu egiten dela diote, errefusaren tratamendua desagerraraziz".

Bide beretik, hondakin organikoa kudeatzeko jarritako auzokonpostagailuen inguruko sistema "diskriminatzailetzat" dute jeltzaleek, hobariei dagokienean: "Denek  ez dute horretan parte hartzeko aukera bera, eta parte hartzen dutenek bakarrik jasoten dute hobaria". Gainera, Tolosako auzokonpostagailuen mantenuari begira ere "desadostasuna" azaldu du Olatz Peonek: "12.000 euroko kostua dute eta aurrekontu hori enplegiu planekoa da". Azkenik, konpostagailuak etxeetatik gertuegi  daudela diote, eta "organikoaren inguruan osauinak eta animaliak" sortzen direla.

Landa eremuetan ere "desados"

Hiriguneetako hondakinen kudeaketaz gain, landa eremuetako bilketaren inguruan ere kezka azaldu du EAJk, galdera bat jaurtiz: "Bildu edukiontziak kendu eta zintzilikarioak inposatzeko asmotan al dabil? Mankomunitateak onartu egin du herri bakoitzak biztanle kopuruaren arabera ordaintzeaz gain, edukiontzi kopuruaren arabera ordaintzea. Ez al da hau estilo mafioso samarra?".

Finean, Tolosaldeko jeltzaleei ez zaie egokia iruditzen bilketa sistema desberdinez osatutako mankomunitatea izatea, eta horren harira estatutuak aldatu beharko liratekeela diote: "Mankomunitatea osatzen dugun herri guztiok geure osoko bilkuran onartu beharko genituzke, gainera".

Horrenbestez, beren jarrera berretsi dute bosgarren edukiontziaren aldem "eredu sostengarri eta arduratsua delako eta hori delako Tolosaldeko bizilagun gehienek nehi eta eskatzen dutena".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!