Iker Karrera: «Lurraren erabilpena eta eraikuntza motak aldatu egin dira»

J. Miranda / R. Calvo 2014ko mar. 27a, 08:00

Tolomendi elkartean Tolosaldeako landa eremua bizirik mantentzeko egiten dute lan; baserriei zerbitzuak eskaintzen dizkiete, jarduera ekonomikoarekin lagundu...

Iker Karrerak argi du Tolomendin lan asko egiten badute ere, baserritar elkarteekin eta udalekin batera aritzea ezinbestekoa dela, «gu bakarrik ez gara ezer», dio. Baserri paisaiak babesteko eta indartzeko orain bi urte hasitako bidea ere hor kokatzen du elkarteko arduradunak, udalekin, baserritar elkarteekin eta herritarrekin, oro har, egindako lanean.

Non du sorburua egitasmo honek eta zein helbururekin abiarazi zenuten?

Landa garapeneko elkarteak lehenengo sektorea garatzen laguntzen egiten du lan eta horrekin batera herri txikien garapena bultzatzen dugu, eta hori lantzerakoan ingurune batean ari garela, eszenario batean, alegia, ikusi genuen eta hori da gure baserri paisaia. Azken urteotan garapen bat ematen ari da baserri paisaietan, batetik, lehenengo sektorea eramaten ari den garapen horri lotuta, eta bestetik, herri txikien garapenaren araberakoa. Honek baserri paisaia aldatu du. Eta hortik dator lanketa hau. Guk nabarmendu nahi duguna da baserri paisaia hori nondik datorren, eta horrek aktore batzuk dituela. Ingurune honek zein balio dituen ere nabarmendu nahi dugu, eta zer egin beharko litzatekeen balio positibo horiek mantendu edo indartzeko. Aktibo bat dugu, baserri paisaia, garrantzitsua dena, eta hori mantendu eta balioan jarri nahitik sortu da proiektua.

Teknikoek egindako lana herritarren ekarpenekin aberastu duzuela esan duzu, zein jendek hartu du parte prozesu honetan?

Denetatik, baina egia da gai honekin interes berezia duen jendeak hartu duela parte gehienbat; ingurumen gaiekin aritzen den jendea, lehenengo sektorean aritzen direnak... Ingurunearekin sentsibilitatea duen jendeak hartu du parte.

Orokorrean ba al dakigu baserri paisaia baloratzen?

Edozeinek ikusten du zein balio dituen inguruan, bere modura, baina askotan hori da lortzen ez duguna; kaleko edozeinek pentsatzen edo sentitzen duen horretara iristea. Lan hauekin bilatzen duguna da jendeak galderak egin ditzala gutxienez: Nola sortu da paisaia hori? Etxetik atera eta mendi buelta egiterakoan ikusten dugun baserri paisaia naturalki sortu da? Hor lan bat egon da, eta horretaz konturatzea ere bilatzen dugu.

Lehen sektoreak urte hauetan izan duen bilakaerak ere izan du eragina baserri paisaian, zertan aldatu da?

Asko aldatu da, ezinbestean. Pentsa, garai batean eskuz egiten zen lan guztia, modu jakin batean mugitzen ginen, modu batera lantzen ziren gauzak... eta orain makinekin egiten dugu lan, lehenengo sektoreak, jarduera ekonomiko moduan, ez du bilakaerarik onena izan, eta horrek ekarri duena da zenbait esparrutan lur eremu batzuk, ekonomikoki ez direnez horren errentagarriak, ez lantzea eta gaur egun sasiak hartuta egotea. Baso erabilpen jakin batzuk ere nagusitu dira eta guzti honek paisaia moldatu du. Duela urte batzuk belardi oparo bat zegoen lekuan, orain sasia dago, baso mota bat zegoen lekuan orain beste baso mota bat dago, eta beharbada, ez zaigu gustatzen, baina ekonomikoki errentagarriagoa da... Lurraren erabilpenak, alegia, aldatu egin dira. Eraikuntza motak ere aldatu dira, eta gaur egungo eraikuntza sistemak inpaktu gehiago du ingurunean, garai bateko eraikuntzek baino, ez lehenengo sektorean bakarrik, baizik eta edozeinetan. Herrien garapena ere ikusi dugu, urbanistikoki, azpiegiturak zer nolako inpaktua izaten ari diren paisaia horretan. Gure garapenak faktura bat dakar eta lan honekin hori lortu nahi dugu, faktura hori ahalik eta eramangarriena izatea.

Zeintzuk dira herritarrek gehien baloratu dituzten baserri paisaiak?

Zortekoak gara asko ditugulako, Tolosatik bertatik abiatuta baserri paisaia ugari aurkitzen dituzu. Edozein aldetara edo herritarra joanda; Berastegira joanda, Bidania-Goiatzeko bailaran, Amezketa aldean, Zizurkilen, Asteasun... Oso ondo kontserbatutako baserri paisaiak ditugu. Beste kontu bat da mendiko paisaiak; Aralarren, Hernion.. hauetan beste balora batzuk daude. Baina baserri paisaiak bere horretan asko ditugu. Edozein errepide eta baserri bide hartuta oso ondo kontserbatutako eta oso atseginak diren paisaiak topatzen dituzu.

Herritarrok ere ba al gara eragile paisaia horietan?

Denen esku dago. Zuzenen edo zeharka eragina dugu, edo izan dezakegu. Zuzenean hartzen ditugun erabakien bidez, erabaki politikoak eta abar, izan dezakegu eragina, eta baita zeharka ere, bertan ekoizten diren produktuak kontsumituz, esaterako. Hor ekoitzitako produktuak kontsumituz hor abian dagoen jarduera hori mantentzea ahalbidetzen ari zara eta hori da modurik hoberena bertan bizi diren horiei bertan bizitzen jarraitzeko eta jarduera ekonomiko bat egiten laguntzeko. Hori da modurik efektiboena eta merkeena ingurune horiek kontserbatzen laguntzeko.

Ondorioak biltzeko prestatutako txostenean makina bat ekintza bildu dituzue.

Ekintzak oso erraz proposatzen dira, horiek egitea izaten da zailena. Jendea oparo ibili da proposamenak egiten. Horietatik lehentasun batzuk finkatu ditugu, eta horietatik hasiko gara.

Turismoarekin zerikusia duten jarduerak ere hor sartuko dituzue?

Landa eremua eta landa turismoa ezinbestean daude lotuta, paisaiak duen aktibo garrantzitsuenetako bat dira. Jarduerak egingo ditugu hauei begira ere, eta kanpotik datozkigun bisitarientzako, turismorako, leihoa dira eta ditugun baserri paisaien balioak ezagutzera emateko erreminta garrantzitsua dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!