Hondakin arriskutsu eta bereziak biltzeko etxolak jarri dituzte Tolosan eta Villabonan

Ataria 2014ko mai. 15a, 16:43

Tolosan Emeterio Arresen jarri dute eta Villabonan Mintzola eraikinaren ondoan. Orain arte, hondakin arriskutsu eta bereziak egun zehatz batzuetan jasotzen zituen furgoneta batek, eta Garbigunera ere eraman ahal ziren. Orain ordea, etxolak jarri dituzte leku finkoetan eta furgoneta zerbitzua kendu egingo dute. Helburua herritarrei erraztasunak ematea da Tolosaldeko Mankomunitateak azaldu duenez. "Hondakin arriskutsuen kudeaketa hobetzea lortuko dugu ere", esan dute.

Etxolek hainbat zulo dituzte herritarrek produktu bakoitza dagokion tokian botatzeko. Zulo bakoitzak forma desberdina izango du eta irudi zein testu bidez lagundurik egongo dira guztiak.

Etxolez gain, herritarrek San Blasko Garbigunea erabili ahalko dute.

Tolosaldeko Mankomunitateak azaldu duenez, mankomunitateko gainontzeko udalerrietan oraingoz ez dituzte etxolarik jarriko, baina udaletxe gehienetan dago aukera Garbigunera eraman beharreko tamainu txikiko hondakin arriskutsuak uzteko. "Herritarrei adierazi nahi diegu, oso garrantzitsua dela guk sortzen ditugun hondakinei kudeaketa egokiago bat emateko aukera badugu, ematea. Ohiko edukiontzi berdera botatzearekin, arriskuan jartzen da ingurumena eta biztanleen osasuna. Herritarrei aukerak zabaltzea da helburua, guztion artean ahalik eta kudeaketa egokiena emateko hondakin mota hauei ere", esan dute etxolen aurkezpenean.

 

 
 

Etxoletan bilduko diren hondakin berezi eta arriskutsuak:

  • Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak: batidorak, plantxak, patrikako telefonoak, ordenagailuetako teklatuak...
  • Kotxeko bateriak
  • CD eta DVDak
  • VHS bideo zintzak eta musika kaseteak
  • Merkuriozko termometroak (plastikozko poltsa itxietan)
  • Pilak: alkalinoak, botoi-pilak eta bateria txikiak
  • Erradiografiak
  • Aerosol beteak edo erdi beteak
  • Disolbatzaileak eta garbiketako produktuak (ondo itxitako ontzietan, isuririk egon ez dadin)
  • Tinta eta toner kartutxoak
  • Margoak eta brotxak (ondo itxita)
  • Motore olioa (plastikozko bidoietan eta ondo itxita)
  • Fluoreszenteak, kontsumo baxuko bonbilak eta halogenoak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!