Arnasguneak, ukituta

"Gizartean indarrean dagoen joera orokorra herri txikietara ere zabaldu egiten da"

Ainhoa Oiartzabal 2014ko mai. 30a, 12:21
Mikel Artola Alegian jaio zen duela 24 urte, eta egun, bertan bizi da. Euskal filologian lizentziatua, soziolinguistikako masterreko ikasle da orain. Bertsozale Elkarteko kidea ere bada, eta bertan ari da lanean. Hizkuntzarekin eta haren egoerarekin arduratuta, Alegia bezalako herri euskaldunek duten arduraz gogoeta egin beharra dagoela dio.

Alegia Tolosaldeko euskararen arnasguneetako bat da. Hala bizi al duzue zuek?
Beti bizi izan gara euskaraz hemen. Umetatik, ni eta nire adineko jendea euskaraz aritu gara eskolan, eskolaz kanpoko ekintzetan, lagunartean, familian,... baina ez dakit arnasgunea izatearen kontzientziarik ote dugun. Nik esango nuke ez dugula asko hausnartu Alegiak euskararentzako duen garrantziari buruz. Natural bizi dugu euskaraz bizitzea.


Belaunaldiz belaunaldi natural transmititu dela euskara...
Zortea izan dugu, euskara gehien erabiltzen denetariko zonaldea da gurea. Natural transmititu da hizkuntza, gazteen artean mantendu egin da, eta alde horretatik ez dugu arazorik izan. Kontua da, ordea, orain, gauzak estutzen hasi direla dirudiela. Hau da, orain ari gara konturatzen arnasgune izatearen kontzientzia hartu behar dugula.


Non, zertan ikusten duzu aldaketa hori?
Nik 24 urte ditut eta zaila da aldaketa handirik ikustea baina Xabier Bengoetxeak duela gutxi egin zuen azterketaren arabera, joera ez da ona.
Bestalde, ikusten duzu herrian zenbait tabernetan zerbitzaria ez dela euskalduna, edo kultura kontsumitzeko garaian erdaraz egiten dela asko. Ataria-ren harpidedun gutxi gara, Berria ez duzu ikusiko taberna guztietan,... Nahiz eta euskaraz bizi jendearen ehuneko handi bat, ez da erabat erreala. Bengoetxearen azterketaren arabera, geroz eta erdara gehiago entzuten da, eta etxeetan ere bai.
Zaila da hori neurtzea, baina ikusten duzu nola guraso batzuek elkarren artean erdaraz egiten duten, nahiz eta gero umeari euskaraz egin. Haurrak ere entzuten dituzu elkarrekin erdaraz hizketan, eta seguruenik lehen ere gertatzen zen, baina, beraz, ez da egia denok euskaraz bizi garela. Joera aintzat hartu eta kontzientzia hartzen hasi beharko genuke.


Zergatik joera hori?
Zaila da jakiten, baina etxeraino sartu zaigu. Lehen herri handiagotan ikusten genituen joerak hemen gertatuko zirenik ez genuen usteko, baina gu ez gara mundutik aparte bizi. Hala, sartuta daukagu gaztelera, gure buruan eta gure barruan. Eta bizimodu mota batek, etxean gelditzeko bizimoduak, bihur ditzake herriak lotarako bakarrik, eta ondorioz, gizartean indarrean dagoen joera orokorra herri txikietara ere zabaldu egiten da.
Izan ere, azken urteetan ez da izugarrizko atzerapausorik eman, baina Jon Sarasuak esaten zuen bezala, kontua ez da botila betea dagoen edo ez, baizik eta botilak zuloa duela, eta erabat betetzen aritu behar da, ez bada hustuko. Beraz, eta joerak ez direnez onak, herri mailan kontzientzia hartu eta estrategia bat egin bat behar da naturalki datorren joera horri aurre egiteko. Epe laburrean diagnostiko on bat egin nahi dugu, helburuak jarri, eta pixkana-pixkana hori lortzeko ekintzak egin.


Zer egin da hemen Alegian kontzientzia hori hartze aldera?
Hortxe dago koxka. Nola pizten da kontzentzia ez badugu arazo edo aldaketa ikaragarria ikusten?
Jon Sarasua eta Xabier Bengoetxea herrian hitzaldia ematen izan zirenean esan zuten euskarak iraungo badu bizimodu baten segida izan behar duela. Baina ez etxe barruan soilik, kanpoan, eta horretarako herri bizi bat behar da. Hau da, kultur taldea, kirol taldeak,... egon behar dutela herrian, eta horiek euskaraz funtzionatzea dela gakoa.
Soziolinguistek arrisku mailak jartzen dituzte, eta gu ez gaude arrisku ikaragarriko maila baten, baina beti dago zer hobetua. Adibidez, gurean, euskaraz irakurtzea, kultura euskaraz kontsumitzea, antolatzen diren ekitaldiak euskaraz izatea,...
Herri txiki hauetan hizkuntzarekin ez gara kezkatu, baina hizkuntzaren joera ikusita, aintzat hartu beharko genukeen auzia da, eta udala eta herritarrak inplikatu beharko lirateke.
Esaterako, hemen ez dugu euskara teknikaririk, eta igual ez dugu behar, baina pentsatu egin beharko litzateke behar ote dugun edo ez. Halaber, Alegia inguruko herri txikien bilgune da, eta herriek batak besteari asko eragiten diete. Beraz, inguruko herriek elkarren berri ere gehiago izan beharko genuke kontu honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!