TOPA, manifestazioa, ekainak 7

«Herritarren inplikazioa da geratzen zaigun bide bakarra»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko eka. 4a, 18:40
Ekainaren 7ko manifestaziorako deia egin du TOPAK; 29 alkatek ere deitu dituzte herritarrak

Azken hilabeteotan eskualdeko osasun zerbitzuaren inguruan hartutako erabakien harira, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak helburu garbi bat zehaztu du bere egitasmoen agendan: Tolosaldeko osasun mahaia osatzea. Horixe da Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu zutena, eta baita datorren larunbateko eskualdeko manifestazioan aldarrikatuko dutena ere. Horrela, beraz, osasun-eskualdeko eragile, ordezkari politiko nahiz herritarrei dei egin diete parte hartzera, «geratzen zaigun bide bakarra Tolosarren inplikazio eta parte-hartzea baita».
Koordinakundeko kideek nahiz hainbat eragilek egindako agerraldian mezu garbia helarazi nahi izan dute: «Kudeaketa publikoa duen osasun-sistema bat defendatzen jarraitzen duzuenoi dei egin nahi dizuegu manifestazioan parte hartzeko».
Izan ere, TOPAren ustez, eskualdeko osasun-sistemaren auzia «pribatizaziotik harago» doa. Horrela, beren borroka marko zabalago baterako bidea dela uste dute: «Elkartasunezko Euskal Herriaren eraikuntzarako bidea, langabezia nahiz osasun eta hezkuntza murrizketak erauziz. Era berean, pentsioen izozteak, pobrezia, lanpostuen prekarietatea nahiz ustelkeria ere deuseztatu daitezke bide honetatik».
Baieztapen horiek guztiek, ordea, ez diete Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin biltzeko balio izan, eta horixe salatu nahi izan dute koordinakundeko bozeramaleek: «Gure aldarrikapenek ez dute jaurlaritzaren erantzun positiborik jaso, eta geratzen zaigun bide bakarra honakoa da: Tolosaldeko herritarren inplikazioa. Arazo honen behin betiko irtenbidea martxan jartzea eskatu nahi dugu». Eta, azken asteotako sinaduta bilketek erakutsi duten moduan, irtenbide horren lehen pausotzat dute Tolosaldeko osasun zerbitzuaren lan-mahaia.
Behin sistemaren arazoak plazaratu eta horiek konpontzea eskatu ondoren, TOPAk Asuncion klinikaren inguruko auzi ekonomikoa ere mahai gainean jarri nahi izan du: «Gure osasuna eskubide bat da eta ez negozio bat. Guztiz onartezina da Auncionen moduko klinika pribatu bateko Administrazio Kontseiluak eta bazkideek onurak banatzea, gure osasun arretaren kalterako».
Bide horretan, gogora ekarri nahi izan dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, urtero, Asuncioni ematen dion 20 milioi euroko diru-laguntza.
Herritarrei dei egitearekin batera, beraz, larunbatean, 12:00etan, Trianguloa plazatik irtengo den manifestaziorako eskualdeko zenbait atxikimendu bildu dituzte. Oraingoz, honakoak dira osasun zerbitzuko auzian TOPAri babesa azaldu diotenak: LAB, Amarotz Auzo Elkartea, 15 M, Stop Kaleratzeak, Bai Euskal Herriari, Ezker Anitza, Bilgune Feminista, CC.OO., Ernai, Berdinbide, Tolosa Zero Zabor, ESAIT, Jatorkis, Bonberenea, Sortu, Alurr dantza taldea, Eusko Alkartasuna, Bildu, Arpegi, Beti Gazte Amarotz, Zahartzaro duinaren aldeko plataforna, Tolosaldeko Foro Errepulbikanoa eta Euskal Herria Sozialista.

Babes politiko zabala
Herri-mugimenduaz gain, Tolosaldeko osasun zerbitzuaren aferan eskualdeko alkate gehienek ere beti erakutsi izan dute babesa, 2011z geroztik.
Horrela, larunbateko manifestazioarekin ere bat egin nahi izan dute, «atxikimendu osoa» eskainiz. Osasun eskubidea aldarrikatu dute,  publikoa eta kalitatezkoa izan behar duela esanez, eta eskualdeko herritar guzti-guztien osasuna jokoan dagoela ere ohartarazi dute: «Alkateontzat beti izango da lehentasun, beraz». Modu horretara, kalitate gorena bermatuko duen osasun zerbitzua publikoa dela nabarmendu dute.
Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Andoain, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Beizama, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Legorreta, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo alkateek, gainera, «erabaki politiko sakona» somatzen dute Asuncionen inguruan: «Eskualdeko honetan pribatizazio-plan pribatua egin nahian dabiltza». Horren adibidetzat azaldu dute sistema publikoak jada eskaintzen zituen espezialitateak deuseztatu eta klinika pribatu bati «oparitu» izana: «Benetako kontzertazio batera itzuli nahi dugu, beraz, 2011 aurreko hartara».
Horrenbestez, «dei zuzena» egin diote Osasun Sailari, lan-mahaia osatzeko: «Ezinbestekoa da Tolosaldeko osasun arreta jasatzen ari den beherakada eteteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!