Dantza taldetik dantza konpainiara

Imanol Garcia Landa 2014ko eka. 6a, 17:11
Iazko Alurr Eguneko irudia
Asteburu berezia da honakoa euskal dantzak maite dituztenentzat. Batetik, bihar Alurr Eguna izango da, eta bestetik, Haatik dantza konpainiak 'Ilargiaren malkoa' lana estreinatuko du gaur, Tolosako Leidor aretoan.

Garai hauetan beti egiten du Alurr dantza taldeak ikasturte amaierako emanaldia, baina aurten bereizi egin dituzte haurren eta gazteen saioak. Haurrentzako Dantzari Txiki Eguna izan zen maiatzaren 10ean, eta gazteek Alurr Eguneko emanaldia eskainiko dute. Ikuskizuna bihar izango da, 19:00etan, Ibarrako plazan. «Beste urtetan talde bakoitzak prestatzen ditu bere urte guztiko dantzak, eta aurten ere horrela izango da, baina bakoitzak gai bat izango du eta gero horri guztiari Aiert Beobidek eman dio berezitasuna», azaldu du Eli Nosellas Alurr dantza taldeko koordinatzaileak.

Iazko emanaldiaren ondotik sortu zen Alurr Eguneko ikuskizunari beste itxura bat ematearena, Aiert Beobide Alurr dantza taldeko irakasleak esan duenez: «Ikasturte hasieratik jarri genuen martxan hau, eta talde bakoitzari eman zitzaion gaia, emanaldi guztiak lotura izan zezan». Ofizioak izan zen aukeratutako gaia, Beobidek gaineratu duenez: «Jostunak, arrantzaleak, laborariak,... Hemen hainbat ofizio landu dira beti, galtzen ari dira asko, eta horiek berreskuratu nahi genituen, gure tradizioaren barruan daudelako, eta horiek irudikatu dira».

Formatu horrek saioaren erakargarritasuna handitzen duela dio Beobidek, eta, bide batez, «zerbait kontatzen da, zerbait gogorarazten da, eta gaztetxoek ere ikusi dezaten zer zen hemen egiten zena eta nola egiten zen». Musika eta arropak zainduak izango direla gaineratu du Nosellasek: «Saio bakoitzak bere ofizioarekin lotura izango du, eta musika eta dantza aldetik nahiz eta batzuk ezagunak izan, koreografiak izango dira eta bere berezitasuna ere izango dute».

Dantzariek emanaldia gustura hartu dutela dio Nosellasek: «Beti zerbait berria denean, ilusioarekin eta gogoarekin hartzen da». Ikasturte guztian aritu dira emanaldia prestatzen, baina beste hainbat gauza ere egin direla dio, besteak beste, udan egingo dituzten emanaldiak prestatu. Biharko saioan zortzi talde ariko dira eta guztira 123 dantzari, 14tik 20 urte bitartekoak.

Alurr Eguneko emanaldiarekin ez dira, baina, entseguak amaituko gazteentzat. «Urte guztian prestatu dutena erakusten hasiko dira», dio Nosellasek. «Orain datoz emanaldiak, herriko festak... Eta orain hasiko dira entsegu bereziak, prestaketa bereziak...». Alurr ez dela gelditzen gaineratu du Beobidek: «Orain hasten dira emanaldiak, dantzatzeko garaia, eta beraz, gazteek jarraitu egiten dute».

Asteburuan Alurr dantza taldeko haurrek ere parte hartuko dute Ibarrako Izaskungo festetan. Izan ere, astelehenean dantza saioa egingo dute ermitaren ondoan. «Guretzako, gure umeentzako eta jendearentzat tradizio handikoa da», esan du Nosellasek. «Hor ikasturtea bukatutzat ematen dugu eta urte guztian horren zain egoten dira. Badakite gero festa izaten dela, eta merienda prestatzen dietela jatetxean».

Hiru zatiko ikuskizuna

Tolosako Leidor antzokian egingo du Haatik dantza konpainiak Ilargiaren malkoa lanaren estreinaldia, gaur, 20:30ean. Aiert Beobide da konpainiaren zuzendaria, eta Leidor antzokia aukeratzearen arrazoia eman du: «Hainbat aukera aritu gara aztertzen, eta azkeneko garaian konpainiara hemen inguruko dantzariak joan zaizkigu gehitzen, Ibarra, Villabona, Irura, Tolosatik, eta iruditu zitzaigun geneukan aukeretatik goxoena zela».

 



Irati Sorondo tolosarra, Itziar Doyharzabal ibartarra, Amaiur Luluaga eta Ane Jauregi anoetarrak, eta Jon Arsuaga eta Nerea Ezenarro billabonatarrak daude Haatik konpainian. Beobide Alurreko irakaslea izateak inguruko dantzariak konpainiara gehitzea ekarri du.

Irati Sorondok Ilargiaren Malkoa ikuskizunean parte hartzen du. Bere lehenengo emanaldia izango da Haatik konpainiarekin. Alurr dantza taldean ere jarraitzen du, eta bien artean dagoen ezberdintasuna galdetzean, metodologia aldetik, eta entseguak egiteko moduagatik, antzekoak direla dio: «Bietan Aiert ari da gidari, beraz, lan egiteko modua antzekoa da. Haatiken ardura gehiago duzu, dantzari gutxiago izanik». Geroz eta urduriago sentitzen da estreinaldia gerturatu ahala: «Tolosakoa izanik eta Tolosan izanik estreinaldia, badu zerbait berezia, gertukoa da, badakigu ezagutzen dugun jendea etorriko dela, eta horrek ere sortzen du urduritasun estra bat. Bestalde, ilusio berezia egiten dit estreinaldia hemen izateak».

Nosellasek dioenez, «herriko dantza taldeak berpiztu egin dira, eta gazte asko erakarri dituzte. Beti dago norbait aurrera egin nahi duena, prestakuntza gehiago nahi duena, dantza klasikoarekin uztartu nahi duena. Eta aukera izatea horrelako dantza konpainia batera joateko sekulakoa iruditzen zait, eta asko pozten naiz beraiengatik».

Sorondorentzat «opari bat» izan da Haatik konpainian sartzea: «Gustatzen zaidana egiteko aukera eskaintzen dit, gehiago ikasten jarraitzeko, dantza estilo ezberdinak lantzeko, eta proiektu berrietan parte hartzeko erronka izatea».

Ilargiaren malkoa ikuskizuna hiru zatik osatzen dute. Lehenengo zatian Ilargiaren sukar galdua koreografia dantzatuko dute, Beobidek sortua. «Mikel Laboaren musika baliatuz, bere lana, eta berak guri sentiarazi digun guzti hori adierazten saiatuko gara», esan du. Beobideren familiak Mikel Laboarekin harreman estua izan du eta horrek bultzatu dio lan hori osatzera.

Bigarren zatian ikus-entzunezko bat erakutsiko dute. «Gogoa nuen bideo-dantza bat egiteko», dio Beobidek. «Dantza bat ikusiko da, espazio ezberdin batean, eta bideoek duten aukera guztiak baliatuta». Hori egiteko aukera izan zuen konpainiak Pasai Antxo eta Donostia artean dagoen eraikin zahar batean, Luzuriaga laborategia zena. «Ekimen bat sortu zen eraikin hori berreskuratu eta herritarren erabilerarako jartzeko, eta dantzarekin lotuta zerbait egiterik bazegoen ikusteko gonbidatu zidaten. Lekua ikusi orduko, bideo bat egiteko gogoa piztu zitzaidan. Eta horrela sortu da Lur Zuri Aga».

Hirugarren zatian, Bejart Ballet konpainiako Vitali Safronkine dantzari eta koreografoak sortutako koreografia landuko dute. «Proposatu zigun bazuela gogoa hemengo istorio bat kontatzeko eta hemengo konpainia batek lan hori aurrera eramateko, eta horrela sortu da Malko Isuria koreografia: Manu Badiola mendigoizalea hil zen Makalu mendian eta horrek familian izan zuen eragina azaltzen du», esan du Beobidek. Haatikentzat «oso berezia» izan da koreografia hori lantzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!