Eskualdeko hondakin sistemaz aritu dira Madrilen

Iñigo Terradillos 2014ko eka. 17a, 14:20
Tolosaldeko ordezkaritza bat Madrilen izan berri da, probintzia hartako herri batzuetan eskualdean dauden hondakinak kudeatzeko eredu desberdinak azaltzen. Bertako ordezkariek interes handia azaldu zuten, eta Tolosaldekoek hango egoera bertatik bertara ezagutu eta ideiak elkarbanatzeko aukera izan zuten.

Madrilgo probintzian, Guadarrama mendilerroan kokaturiko El Boalo, Cerceda eta Mataelpino herriek osatzen duten udaletxean izan ziren Amaia Azkue Berastegiko zinegotzia eta Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkaria, Josu Amilibia Adunako alkatea eta Jexux Peñagarikano Ibarrako alkatea. 7.100 biztanle batzen dituzte dituzte hiru herriek, eta Tolosaldeko ordezkariek hondakin sistema desberdinak azaldu zizkieten, bertan ingurugiro azoka ospatzen zutela baliatuz.
Adunak Conama saria irabazi zuenean ezagutu zuen Josu Amilibia alkateak El Boalo, Cerceda eta Mataepinoko alkatea. Honi «oso interesgarria» iruditu zitzaion eskualdean aurrera eramaten ari diren proiektua, eta bertara gonbidatu zituzten, hondakinen kudeaketaren berri herritarrei emateko.
Bada, azokaren barruan, hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia antolatu zuten, eta bertan hitz egin zuten Amaia Azkuek, Jexux Peñagarikanok eta Josu Amilibiak. Azkuek mankomunitatearen jarduera  azaltzearekin batera Berastegiko eredua ere ezagutarazi zuen. Peñagarikanok atez ateko bilketaren berri eman zuen, eta Amilibiak, Azkuek Berastegiko kasuarekin egin bezala, landa eremuko herrien ereduetako bat azaldu zuen. Hitzaldian, herritarrekin batera, udal ordezkariak, teknikariak eta batzorde buruak izan ziren.
Tolosaldeko Mankomunitatetik adierazi dutenez, «Tolosaldean herritarrekin batera egindako lanak geroz eta interes handiagoa du, eta hori azken urtean egindako aldaketei esker lortutako emaitzen ondorioa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!