Hondakin bilketarako sistemen balorazioak

%42ko birziklatze tasara iritsi da Tolosaldea

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko eka. 30a, 14:17
Urtarriletik maiatzera bitarte, 650 tona hondakin gutxiago sortu dituzte eskualdeko herritarrek

Tolosaldeko Mankomunitateak agerraldia egin du goizean, eta Amaia Azkue eta Gemma Ezeizak lehen bost hilabeteotako datuak eskaini dituzte, "oso positiboak" direla nabarmenduz. Besteak beste, %42ko birziklatze tasa azpimarratu dute eta, horrekin batera, "lehen aldiz frakzio guztiak herri guztietan konparatzeko aukera" izan dutela ere azaldu dute, sistema desberdinak izan arren.

Hiru herri mota sailkatu dituzte agerraldian: landa eremukoak, atez ateko bilketa dutenak eta eremu urbanoak. Landa eremuan sekulako aurrerapena nabaritu dutela azpimarratu dute: "Asko zero zabor izateko bidean daude eta, beste hainbat, jada zero zabor herriak dira, sortzen duten hondakin organikoa herrian bertan kudeatuz", azaldu du Amaia Azkuek. Horregatik, %55,7ra iristen da landa eremuko birziklatze tasa, edukiontzi bidezko nahiz atez ateko herriak bateratuta. Gemma Ezeizak argitu du materia organikoa zenbaketa horretatik kanpo geratzen dela, herrian bertan kudeatzen dutelako: "Bestela, tasa %75 ingurua iritsiko litzateke, eta oso datu ona da".

Jarraian atez ateko sistema martxan duten herrien datuak eskaini dituzte; guztira 7 herritan biltzen dituzte hondakinak gaika, eta %77,7ra iritsi da bilketa tasa, urtarriletik maiatzera bitarte. Herritarren lana eskertu eta herritarrak zoriondu dituzte.

Azkenik, eremu urbanoen taldean, Tolosa eta Andoain sartu dituzte. Hondakinen kudeaketan ez dute aldaketarik egin 2014ko lehen bost hilabeteotan, eta, beraz, esperotako bilketa tasa eman dute bi herriek: %30,2. Mankomunitatea, ordea, pozik azaldu da, "bi herriekin lanean ari baikara gure baliabideak eskaini eta sistema iraunkorragoak martxan jartzeko". Horrela, ikasturte berriarekin batera Tolosan abiaraziko duten sistema berria erabili dute adibidetzat.

Datuak datu, prebentzioari pisu handia ematen jarraitu nahi dutela azaldu dute Azkuek eta Ezeizak eta, horrela, lehendik ere badauden 1.200 konpostagailuei sentsibilizazio kanpaina gehiago eskainiko dizkietela azaldu dute: "Ondo ari gara, baina oraindik ere hobe dezakegu herritarren parte-hartzea indartuz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!