Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu dute Hernion

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 22a, 16:41

Bai Euskal Herriari ekimenak beste behin elkarretaratzea egin du Hernioko tontorrean, "Euskal Herriaren nazio izatea aldarrikatzeko". Tontorrean izan ziren, iraileko hirugarren igandea aprobetxatuz, eta bertara euskal ikurrak eraman zituzten. "Euskaldunak gara, ez espainiarrak ezta frentsesak ere, eta gure geroaren jabe izan nahi dugu", zehaztu zuten mendiaren gailurrean egindako ekitaldian. 

Naziotasuna lantzen dihardutela azaldu zuten Bai Euskal Herriari ekimenetik, eta nazio izatea ez dela "paper batek asetu dezakeen gosea" azaldu zuten: "Naziotasuna eremuz eremu eta egunerokoan erein eta landu beharrekoa fruitua da, euskal herritar gisa onartzen ez gaituzten bitartean borrokatu beharreko eremua". Horretan oinarrituta, dei egin zuten "antolatzera eta egunerokoan garen bezala agertzera: euskaraz bizitzera, gureak diren ikurrak erabiltzea, Euskal Herria ezagutu eta ezagutaraztera eta gure herria maitatzera". 

Euskal Herria "eraikitzen" jarraituko dutela gaineratu zuten: "Eraikitzek askatzea esan nahi duelako eta aske izateak erabaki ahal izatea dakarrelako". Eskozia eta Kataluniaren ondoren, "hurrengoa" Euskal Herria izango dela zehaztu zuten, "behar bezala borrokatzen badugu". 

Iazko mendi martxaren aurretik ikurrin handi bat jarri zuten, baina hainbatetan haizeak bota egin du. Bestalde, jakitun direla esan zuten, mendietan jarritako oroigarriak sortzen ari diren arazoaz, eta horregatik Herniopeko udal ordezkariekin bildu nahi dutela azaldu zuten, "gaiaz hitz egiteko eta datorren urtean ekimen bateratu bat egiteko elkarrekin". Ekimenaren asmoa ez dela Euskal Herriko mendi tontor guztietan ikurrak, plakak edo bestelako oroigarriak jartzea azaldu dute, baina zenbait mendi naziotasuna aldarrikatzeko bereziak direla esan zuten, eta horietako bat Hernio dela zehaztu zuten. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!