Eusko Jaurlaritzak %14 murriztu dio diru laguntza ‘Berria’ egunkariari

Igor Agirre 2014ko urr. 21a, 19:27

‘Berria’ sortu zenetik ez zaio sekula horren diru laguntza txikirik esleitu egunkariari.

Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzako urtero esleitzen ditu diru laguntzak. Berria egunkariak 210.00 euro gutxiago jasoko ditu aurten, pasa den urtean baino %14 gutxiago, alegia.
Diru laguntzak ematerako orduan  kontuan izan dituen irizpideak aldatu ditu Jaurlaritzak eta inoiz baino diru laguntza txikiagoa emango dio euskarazko egunkari nazionalari, 1,3 milioi euro hain zuzen ere. Euskaldunon Egunkaria-ren azken urtean, orain Berriak jasoko duen diru laguntza baino 350.000 euro gehiago jaso zituen orduko egunkari nazionalak.

Irizpide berriak zituen Jaurlaritzaren deialdiak. Oraindaino, diru laguntza eskatzen zuen hedabidearen «zabalkundea eta produktuaren kalitatea» izan ohi ziren sostengu ekonomikoa mantentzeko giltzarriak. Aurten, aldiz, «irismena» bihurtu du gako laguntzak banatzerako orduan Patxi Baztarrikaren sailburuordetzak. Azken balioa hau neurtzeko «hedabide bakoitza irits litekeen herritarren artean zenbatengana iristen den» hartu dute kontuan Jaurlaritzakoek. Aldaketa hau sektorearekin adostu gabekoa izan da.

Tokiko hedabideak nahiz hedabide nazionalak maila berean jarri dituzte aurten eta «irismena» gako bilakatzeak kalte izugarria eragin die eremu nazionala jorratzen duten hedabide nagusiei, horien artean, Berriari. Aurretik aipatutako gakoak puntuazioaren %70 balio izan du Jaurlaritzaren balorazioan, hedadura handiko hedabide izateak hamar puntu eman dituen bitartean.

Eskualdeko komunikabideak
Tokiko hedabide gehienen mesedetarako izan da balorazio irizpideen aldaketa hau eta gure eskualdeko komunikabide ia guztietan ere horrela izan da. TOLOSALEKO ATARIA-k eta Aiurri-k ez dute jaitsierarik izan aurtengo diru laguntzetan, 28 Kanala-k interneteko argitalpenarengatik bezalaxe. Azken honek, tokiko telebisten diru laguntzan 6.775 euro gutxiago jasoko ditu, ordea.

 

EUSKARAZKO ESKUALDEKO HEDABIDEENTZAKO JAURLARITZAREN DIRU LAGUNTZAK:

TOLOSALDEKO ATARIA.
• Egunerokoa: 74.469 euro.
• Internet: 25.949 euro.
Aiurri.
• Astekaria: 14.000 euro.
• Hamaboskaria: 12.508 euro.
28 kanala.
• Telebista: 40.928 euro.
• Internet: 10.652 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!