Ohitura osasuntsuak sustatu nahi dituzte gazteengan

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 24a, 16:17
Proiektua bultzatzen ari diren erakundeetako ordezkariak izan dira prentsaurrekoan.

Alegiako eta Altzoko hainbat eragilek bat egin dute gazteek ariketa fisiko gehiago egin eta "ondo" elikatzeko; abenduaren 2an solasaldia izango da gaiaz sentsibilizatzeko.

Proiektuan bat egin dute Alegiako San Juan ikastetxeak eta Aralar institutuak, Altzoko Imaz Bertsolaria ikastetxeak, Alegiako eta Altzoko udalek, Alegiako osasun zentroak eta Tolosa-Goierri Osasun Publikoak.

"Kezkatuta gehiegizko pisua zuten ume eta gazte kopurua handi samarra zela, harremanetan jarri ginen ikastetxeetatik Alegiako osasun zentroarekin, eta egoera horri irtenbidea eman nahi izan genion", azaldu du Andu Martinez de Rituerto Aralar institutuko ordezkariak. "Ikusi genuen aisialdi ohitura sedentarioak zabaldu egin zirela eta elikatzeko ohiturak ere dezente okertu zirela". Bilera horietan Alegia eta Altzoko ikastetxeetako ordezkariak eta Alegiako osasun zentroko langileak ere elkartu ziren.

Hiru helburu jarri dizkiote proiektuari: gehiegizko pisua duten ume eta gazteen kopurua murriztea, aisialdi eta bizitza aktiboa daramaten ume eta nerabeen kopurua handitzea, eta ohitura osasuntsua bultzatzea. Horretarako hainbat ekimen pentsatu dituzte, eta sentsibilizazio kanpaina batekin hastea iruditu zaie egokiena. Horrela, abenduaren 2an, 18:30ean, Alegiako kultur etxean bilera irekia egingo dute. Bertan hainbat datu emango dituzte,  elikadura osasuntsuaren inguruan hainbat aipamen egin eta ariketa fisikoaren inguruan hainbat gomendio emango dituzte.

"Kezkagarria da ematen den paradoxa bat", esan du Martinez de Rituertok. "Gaur egun gazte gehienek eskola kirolan parte hartzen dute, baina bitxia da garai batean baino ariketa fisiko gutxiago egiten dutela. Lehen haurrak kalera ateratzen ziren eta lagunekin jolasean ibiltzen ziren. Hori herri txikietan zerbait mantentzen da, baina galtzen doa eta herri handietan eta hirietan zer esanik ez". Astean bitan eskola kirolera joatea eta larunbatetan partida bat jolastea "ez dela nahikoa" gaineratu du: "Munduko Osasun Erakundearen gomendioa da haurrek txiki-txikitatik gutxienez ordubeteko ariketa fisikoa egin behar dutela egunero, eta ez nolanahikoa, intentsitate ertain edo altukoa izan behar du. Animatu behar dira neska-mutilak kalera ateratzera eta jolas aktiboak egitera".

Osasun zentrotik gehienbat prebentzioa egiten dutela zehaztu du Lierni Agirre pediatriako erizainak: "Umeetatik etortzen dira zentrora eta gurasoekin harremanetan jartzen gara, eta azaltzen zaie zein den elikadura osasuntsuena. Indar asko egiten da txikitatik umeak ikasteko; orduan daude irekiagoak gauzak jasotzeko bai haurrak eta baita gurasoek ere". Erosketak egiterakoan garrantzitsua dela diote "aurretik ondo pentsatzea zer jan behar den eta hori erostea", eta produktu freskoak erostea ere nabarmendu dute. Osasun publikoko Nagore Errasti teknikariak gaineratu duenez, "egunean bost otordu egitea garrantzitsua da, eta bolleria industriala eta freskagarriak baztertzea". Bere aldetik, Tolosa-Goierri oasasun publikoko koordinatzailea den Tomas Plazaolak azaldu duenez, "transbertsalitatea landuz, inportantea da udalak horrelako proiektu batean parte izatea. Eskola ez da bakarrik nahikoa hau aurrera eramateko, gizarte osoa inplikatu behar da ohitura aldaketa hori emateko".

Orain sentsibilizazio fasean daudela azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek. "Gure asmoa da jarraipena izatea eta denon artean ekintza konkretu batzuk zehaztea". Aurrera begira tailer batzuk egingo dira gazteekin gosari osasuntsuen inguruan.

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!