Olioa eta zilborra

Asier Artola 2015ko urt. 9a, 10:45

Begizkoak jota hil zen Pello Errota bertsolari asteasuarra. Hala adierazi zion alabari, bere azken urtean sartuta, gaizkitzen hasi zenean. Eta ez hori bakarrik. Madarikazioa edo maldezioa nork bota zion ere jakitun hil zen, madarikazioak eskutik baitakar bere autorea identifikatzeko ahalegina. 

Hala ere, erremediorik ez zion topatu antza, begizko eta madarikazioek beste zerbait badute, hori erremedio aukera baita. Artatu zuen medikuaren diagnosia bestelakoa izan zen ordea, eta hala sinatu zuen 1919ko otsailaren 3ko heriotza-ziurtagirian: debilidad senil.

Mende bat lehenago, erremedio bila, edo hobeto esanda, begizkoari aurre hartzeko, eskualdeko amek Anoetarako erromesaldia egiten omen zuten haur jaio berriak aldean hartuta. San Juan ermita zuten helburu. Ordu hartan uste zabaldua omen zen haur negartiak madarikazio bat jaso izanagatik izan zitezkeela negarti. Honi konponbidea emateko, eta haurrak babeste aldera, olio boteretsua omen zen San Juan ermitako lanparan gordetzen zuena. Bere fama zabalduta zegoen inguruko herri guztietan. Eta ez, hasera batean pentsa litekeen eran, «argi gutxiko» herri xehe «inozo» horren artean bakarrik, baita Tolosa aldeko aristokrazia txit handizkienaren artean ere. Besteak beste, Aranburu Jauregia bizileku zuten Zavalatarren korrespondentzian ikusi ahal izan denez (Ilustrazioaren jarraitzaile, jauregian bertan zientzia ikerketetarako laborategi bat eta guzti eraiki zutenak, besteak beste).

Anoetako olioaren trafikoa ez zen sektore umilenetara mugatzen, jauntxo hauek kanpoko familiari ere bidaltzen baitzizkioten olio honekin betetako botilatxoak. 1814 aldera lur hauetan Napoleonen aurkako gerrak amaitu zirenean, Anoetako Udalak, zorrei aurre egin ezinik, ermita saldu zuen, baina hau gerora baserri bilakatu bazen ere, oraindik ere olio haren bila joateko ohiturak iraungo zuen, gutxienez mende erdira arte, dokumentatutakoaren arabera, eta ziurrenik gehiago. Lanpara hartako olio sakratua haurraren zilborrean igurzten zuten aurrerantzean babes zezan. Era honetan, haurrak, etsaien biktimarik preziatuenak familia hondatze aldera, babesturik gelditzen ziren, ez baitugu ahaztu behar mende hartan jaiotako haurren portzentaje handi bat urte gutxiren buruan hiltzen zirela, horrek zekartzan ondorio anitzekin etxearen etorkizunari begira.

Adibide sinple honek gizarte baten eraldaketa historikoaren berri ematen digu oso lerro gutxitan. Mundu ikuskeraren transformazioa hainbesterainokoa izan da ezen nekez ulertuko baikinatekeen orduko biztanleekin beraien ingurunean bizitzeko paradarik bagenu. Eta ez diogu hau euskarak hizkuntza gisa izan dituen eraldaketengatik. Distantzia kulturalagatik baizik. Gizarte baten baitan pentsamolde desberdinak egon daitezke, baina motibo ezberdinengatik (politikoak, sozialak, ekonomikoak...) batzuek gailentzen dira besteen gainetik. Pello Errotaren heriotzaren bi diagnostikoen artetik bat aukeratzeko galdetuko baligute, gure egungo gizartearen gehiengoa, oro har, eta salbuespenak salbuespen, medikuaren alde lerratuko litzateke. Bestelakoa izango zen erabakia garai hartan ordea. Eta horixe da «euskal mitologia» terminoaren baitan biltzen diren kontakizun askoren inguruan egin ohi dugun akatsa: ez ziren ipuinak. Ez denak behintzat. Haiek ere bazekiten bereizten ipuinen eta benetako kontakizunen artean, fikzioaren eta errealitatearen artean, gezurraren eta egiaren artean. Bestelako kontua da haien egia eta gurea berberak izatea.

Norberaren eskuetan gelditzen da iraganeko jendeak babu inozotzat hartzea. Iritzi kontua da hori, ez analisi historikoaren xedea. Iraganaren azterlariak sinesmen horiek mundu sozial hartan betetzen zuten lekua ikertu behar du, etorkizuneko historialariei gure iritzi eta pentsamoldeak gure testuinguru historikoan ulertzeko erregutuko genieken bezala. Pello Errotak adibide gehiago ematen dizkigu. Hala, behin etxera iluntzez eta korrika izerditurik iritsi zen Mateo Txistu bere bi zakur su-jaurtilariekin atzetik zuelako. Hainbat bidegurutzetan sorginekin topatu zen behin baino gehiagotan. Tolosako azokara bidean 1855eko kolera izurritearen garaian hildako asteasuar baten ahotsa entzun zuen bere atzean. Bere biografiak sorgin famadun emakumeen berri ematen digu Asteasun.

Saludadoreak ere famatuak ziren inguruetan. Pello Errotaren garaian Albizturko batek zuen sona. Zazpigarren anaiak izan ohi ziren, mihiaren azpian gurutze formako marka bat zutenak. Zakur amorraturen batek hozka eginez gero, saludadoreak zauriak mihiarekin garbitzen zizkion kaltetuari, denborarekin sendatuz. Nola sinets daiteke halako kontuetan? «Funtzionatzen» zutelako. «Frogak» zituztelako. Saludadoreak bere mihiarekin zauriak garbitu ostean jendea sendatu egiten zelako. Denak sendatzen ziren? Ez, noski. Baina ezta medikutik pasatzen diren guztiak ere, eta hala ere ez dugu Medikuntza zalantzan jartzen. Saludadorearekin logika antzekoa zen. Noski jendea sendatzen zela, nahiz eta guk ez geniokeen mihiari meriturik egotziko, bestelako prozesu biologiko batzuei baizik. Erremedio magikoek ere ez zuten beti funtzionatzen, baina denak zuen bere «azalpena», baita «ez funtzionatze» horrek ere. Lepoan zintzilikatutako kutun babesle bat alferrikakoa izan zitekeen bekaturik egin bazen, edota atzera begiratuz erritualaren zatiren batean akatsen bat egin zutela pentsatzen bazuten, agian egin ez bazuten ere. Ez ziren «babukeria irensle» soilak. Bere barne logika zuen pentsamendu mota honek, eta hala, beraiek ere juzgatzen zuten batek sorginak ikusi izana ipuin hutsa edota egia ote zen. Iritzi horretan pisu handia izango zuten pertsona horren famak edota gizartean zuen posizioak. Euren erara izanik ere, «sineskeria» hauek «arrazoizkoak» ziren; horregatik funtzionatzen zuten.

Pello Errota madarikazio baten biktima zela pentsatzen hasi zenean gauzak erlazionatzen hasi zen. Edota gauzak erlazionatu ostean hasi zen madarikazio bat zela pentsatzen. Edo dena batera. Dardara pasatu zuen bere azken urtea. Orduan lotu zituen hariak: behin, tabernan, trufa egin zion Atxagari, diruzaletzat salatuz jende guztiaren aurrean. Eritasun baten ondorioz dardara zuen Atxaga hark. Arrazoibideak, beraz, bere logika soziala zuen: begizkoa baldin badut norbaitek bidali dit eta norbait horrek zerbaitengatik. Zein arau hautsi dut hori merezi izateko?

Pertsona baten desohoratze publikoa, zeinak bere gaitza bidali didan ordainetan. Hala, guk haserrealdi soiltzat har dezakeguna, edo erlazio txartzat, hemen begizko iturri bilakatzen da. Hor dago hain justu interesa: begizkoaren jabe zela uste zuenak berarekin erlazio sozial txarrak zituen haietan pentsatzen zuen, haur negartiak zituzten amek euren etsaietan pentsatzen zuten gisan, edota uzta edo ganadua galdu zutenek egiten zuten eran, begizkoek motiboak izaten baitzituzten, motibo sozialak. Askotan pentsamendua konplexuagoa zen. Herri osoan baserri bakar bateko ganadua hiltzen bazen, demagun, behi-izurriz, guk «azalpen zientifiko» deitzen duguna onartzen zuten, eritasun jakin baten ondorioz hil zirela. Baina baserri bakar batean gertatu izanak, guk akaso «kasualitate» deituko genukeena, sorginkeria susmoa hedatzen zuen.

Beti ere posibilitateez hitz egin behar da. Gertakari guztiak ez zituzten zentzu berean ulertzen. Haurrak hiltzea oso ohikoa zen ordu hartan. Desberdina zen ordea haurra besterik gabe hiltzea, eta hala hil zela kontsideratzea, edota haurra hil ostean aurreko astean mezetan gaizki moldatzen zinen emakume batek begirada txar bat bota zizula gogoratzea. «Sineskeriak» bere frogak behar ditu. Pello Errota besterik gabe hil zitekeen. Baina, egi ala gezur, «oroitu» zuen Atxagak «Ikusiko dek!» oihukatu ziola. Eta debilidad senila mendeku bilakatu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!