Urtez urte handitzen joan den elur bola

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko urt. 23a, 09:00
2010eko saioko irudia

Tolosaldeko bertsozaleen urteroko hitzordua iritsi da. Bihar izango da garai batean Txolarre irratiak, eta orain Ataria komunikazio taldeak antolatzen duen bertso saioa. Sarrera guztiak agortu dira.

Aurten ere Tolosako Leidor lepo beteko da 18:00etatik aurrera, Andoni Egaña, Miren Amuriza, Angel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen etorriaren lekuko izateko.

2008. urtera egin behar da atzera saioaren sorburura jotzeko. "Txolarrek euskarazko beste edozein komunikabide bezala bertso munduarekin bazeukan lotura bat. Saio berezi bat egiten hasi zen 'Zortziko aldrebesa' izena zuena. Bertsolaritzari jarraipen berezia egiten zion, eta astero-astero tarte bat eskaintzen zion bertsolaritzari. Txapelketei ere jarraipen berezia egiten zien, elkarrizketak egiten genizkien bertsolariei, saioetara joaten ginen...", gogoratu du Txolarreko Igotz Alkortak.

Urte hartan, 2008. urtean, Txolarre nahiko egoera onean zegoen jende aldetik, "saio libre dezente zeuden" eta kalea hartu behar zutela pentsatu zuten, "egiten genuena kaleratu behar genuela", alegia. "Pentsatu genuen modu bat izan zitekeela herrietara joatea saioak antolatuz, eta horren bidez jendearekin  harremana eduki. Kantu saioak antolatu genituen helburu horrekin, eta horretaz gain hiru herritan bertso saioak antolatu genituen: Zizurkil, Tolosa eta Alegian. Saio bakoitzean eskualdeko bertsolari bat jarri genuen; Zizurkilen Amaia Agirre jarri genuen orduan 11 Bertute izena zuen bertsolari gazte batzuekin saioa egin zuena, bertso saio musikatua, hain zuzen, gerora horrenbeste zabaldu den formatua. Alegian Aitor Mendizule eta Iker Zubeldiarekin egin genuen saioa eta, Tolosan Iurre elkartean egin genuen eta bertan Irazu, Peñagarikano eta Bixente Gorostidi egon ziren. Dena oso ondo atera zen, saioen bidez bertsolariekin geneukan harremana gehiago sendotu zen", azaldu du Alkortak.

Txolarreren 10. urteurrena
Esperientzia horiek eta gero, Txolarreren 10. urteurrena iritsi zen. 2010. urtea zen. "Amaia Agirrek komentatu zigun nola Tolosak galdu zuen lehen urrian Leidorren egiten zen bertso saio bat. Saiatu ziren berreskuratzen baina ez zen ondo atera. Horri heltzea pentsatu genuen, zalantzekin, hala ere", esan du.

Bihar Leidor beteko duen bertso saioak, beraz, Txolarrere 10. urteurrena du abiapuntu. "Hasieran pentsatu genuen aurreko ildoari jarraituz eskualdeko hiru bertsolari jartzea, alegia, Amaia Agirre, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia, eta beste hiru aukeratzea. Eta Amaiak esan zigun 800dik gorako sarrerak saltzeko bertsolari ezagunak behar zirela, lehen urtea izanik gehiago... Bera prest azaldu zen gai jartzaile jartzeko. Orain oso ohituta gaude, baina Amaiaren lehen saioetako bat izan zen lan horretan. Gure ezustekorako dena saldu zen. Baina ez orain bezala, orain hartu duen sona urteetako saioen ondoren etorri da. Orduan dena saldu zen, baina egunean bertan".

Handitzen joan den saioa
"Nik esango nuke gerora urtez urte elur bola handitzen joan dela. Bai esan behar dela lehen urte hartan kristoren ahalegina egin genuela. Eta baita hurrengoan ere. Kartelak Gipuzkoa osoan jarri genituen, Txolarreko guztiak ibili ginen horretan. Komunikazio aldetik ere lan asko egin genuen, eta hortik dator oraingoa. Gaur egun ahalegin handiegirik gabe saltzen dira sarrerak", esan du Alkortak.

Bitxikeria ugari ere baditu saioak. Nola aukeratzen da data? zergatik larunbat arratsaldean? Horren erantzunak kazetariak ditu: "2010ean gure asmoa zen saioa igandean egitea, egun bat jarrita geneukan, eta bertsolariak ere lotuta genituen, eta Leidorren zerbait bat egon zen eta ez ziren konturatu edo, eta saioa ezin zen igandean egin. Bertsolariek ezin zuten hurrengo igandean... eta lehen urtean larunbatean horregatik egin zen. Garai batean ohituagoak geunden igandean egitera, baina orduan konturatu ginen larunbatak aproposagoak izan zitezkeela", gogoratu du.

Data ere ez da kasualitatez aukeratzen: "Garrantzitsua da ere data finko bat izatea. Beti egin dugu Bertso Egunaren aurreko astean. Horrek ere lagundu dio".

Tolosako saioa gauza batzuetan aitzindari ere izan da. Esate baterako, gaur egun dezentetan egiten bada ere, lehenengotarikoa izan zen gai bezala bideoak eta horrelakoak txertatzen.

Saioa oso garrantzitsua da Txolarrerako lehen, eta Atarirako orain, baina hori baino gehiago ere bada: "Ekarpen bat ere bada Tolosaldeko bertso munduari, eta baita Tolosako kultur munduari ere. Urte batzuetarako hor geratuko den lana da, gauzak txukun samar egiten badira behintzat eta Atariak saiori eustea lortzen badu. Erreferente bat izatea lortu da, bertso munduan gogoan edukiko den hitzordua izatea, eta hori ez da erreza".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!