Hitanoaren etorkizuna gazteen ikuspegitik begiratuta

Maier Ugartemendia 2015ko ots. 1a, 13:40

Zein da hitanoaren egoera gure eskualdean? Ez da erraza galdera horri erantzutea, eta ziurrenik erantzuten duen pertsonaren errealitate linguistikoaren arabera, erantzuna bera oso desberdina izango da.

Josu Ozaita baliarraindarra antropologoa da, eta hain zuzen ere, pasa den abenduan Bat Soziolinguistika aldizkarian Hurbilpen bat: Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten pertzepzio, diskurtso eta praktikara izeneko artikulua kaleratu zuen. Bertan 18 eta 28 urte bitarteko gazteek hitanoari buruz duten pertzepzioa, diskurtsoa eta praktika aztertu ditu. Ozaitaren esanetan hitanoa «gutxietsia» izan da. «Garrantzi gutxi» eman zaiola dio: «Prestigio gutxi dauka eta baztertu egiten da». Bere esanetan, azken hamarkadetan euskararen alde lan handia egin da, eta «izugarrizko bultzada» izan du; baina ez da gauza bera gertatu hitanoarekin. Eta bere ustez horren erakusle da, hitanoaren inguruko ikerketarik ez egotea. Adibide bezala aipatzen du, eskualdean hitanoaren erabilera zenbatekoa den ez jakitea. Guzti horrek, hitanoaren prestigioan zeresana du Ozaitaren uste.

Hala ere, berak hainbat gazte elkarrizketatu ditu bere lanerako, eta jasotakoaren ondoren, eskualdean hitanoaren egoera zein ote den galdetutakoan, Tolosaldean hitanoak «indar handia» daukala eta «presentzia nahiko nabarmena» duela aipatzen du. Hala ere, aldagai ezberdinek hitanoaren egoera asko aldatzen dute batetik bestera. Ozaitak bi arlo eragin handia dutela aipatzen du. Batetik, generoarena: «Emakumeek gutxiago erabiltzen dute hitanoa, eta mutilek gehiago». Bestetik, berriz, herri txiki eta handiagoen arteko bereizketa egiten du: «Herri txikietan transmisio bat eman da, eta jakintza edo ezagutza handiagoa da. Herri handietan, berriz, transmisiorik egon ez denez, gazte batzuk erabiltzen dute, baina erabilpena ez da hain zabala».

Bereizketa horiek eragiten dute zenbait gaztek hitanoa erabat hurrenekotzat ikustea, eta aldiz, beste batzuk «beraien identitatearen parte bezala» sentitzea. Hitanoa momentu informaletarako «tresna egokia» dela uste dute gazteek, diskurtsoari «indar berezi bat» ematen diola uste dute, eta horrek hitanoa mantentzen jarraitzean zerikusia handia duela uste du Ozaitak: «Adibidez, taberna batean bazaude futbolaz hitz egiten, hitanoaren diskurtsoak adierazkortasun handiago hartzen du, eta batuari lekua irabazten dio. Batua ez delako hain adierazkorra, hotzagoa delako».

Aipatu bezala, herri txikietan gazteek hitanoaren transmisio naturala jaso dute. Aldiz, herri handiagoetan transmisio hori ez da egon: «Azken hamarkadetan gaztelerak indar handia eduki du eremu horietan, eta euskara berreskuratu da, baina hikaren transmisiorik ez da egon». Horren ondorioz, herri handiagoetan gazte askok hitanoaren berri lehen aldiz herri txikiagoetatik ikastera edo kirola egitera joaten direnen gazteei entzutean izaten dute Ozaitaren arabera. Orduan hasten dira gazte horiek hitanoarekin «harremana edukitzen».

Arauak eta formak aldatzen

Hitanoaren erabilerari dagokionez, Ozaitak eremu artean ez ezik, generoan ere nabaritu du desberdintasuna. Antropologoaren esanetan noka «ez da transmititu» eta hortaz, «jende gutxi» dago dakiena eta erabiltzen duena. Emakume batzuk erabiltzen duten arren, transmisiorik ez da egon. Eta gainera ikerketa lana egiterakoan Ozaitak harrituta utzi duen fenomeno batekin egin du topo: «Berastegi eta Berrobi inguruan neska batzuk hitanoa erabiltzen dute, baina beraien artean mutilen forma erabiltzen dute». Ozaitaren ustez, hori berdintasunarekin lotuta dago. Bere esanetan gizartea egun «berdinzalegoa» denez, ez dute «beharrik ikusten neska eta mutilena bereizteko». Helduagoek agian hori «astakeria» bezala ikusiko dutela uste du Ozaitak, baina badirudi gazteek ez dietela «horrenbesteko garrantzia» ematen. Hala ere, badirudi gazteen artean ere gai honekiko ikuspuntu desberdinak aurkitu dituela Ozaitak. Batzuek «pena» izango lukete bi formak, toka eta noka, galduko balira, eta beste batzuek, berriz, gizartea aldatzen doan heinean hizkuntzak eta hizkerak aldatzen doazela zioten, eta «bakarra» sortzea posible ikusten zuten.

Nokaren galeraren zergatietara joz gero, Ozaitak uste du nokak «prestigio falta» izan duela, «sorginkeriarekin eta bekatuarekin» identifikatzen zelako, eta horrek emakumeek hitanoa ez erabiltzea eragin zuela uste du. Oraindik «arrastaka» daramagun zerbait dela pentsatzen du.

Formarena ez da gazteen artean hitanoak jasan duen aldaketa bakarra. Hitanoan badira gizarte maila ezberdinei lotutako arauak. Esate baterako, gazteek helduagoei ezin diote hika hitz egin, ezta apaizei ere... Baina, orain Ozaitak dio arau horiek «pixka bat» aldatzen ari direla, gazteek adierazitakoaren arabera «ez dute uste hainbesteko desberdintasunak egon beharko luketenik hizkuntzaren barruan»; hemen ere, «berdintasunera» jotzeko joera dute gazteek. Hala ere, arau horiek herri txikietan «indar gehiago» dutela nabaritu du Ozaitak, herri horietan arauen transmisioa egon baita; aldiz, herri handiagoetan transmisio hori egon ez denez «agian ez dakite arau horiek daudenik ere».

Testuinguru horretan, Ozaitak aipatzen du 1571 urtean Joanes Leizarragak euskaraz idatzitako Itun Berrian emakumeak Jainkoari hika hitz egiten diola eta baita semeak amari ere. Hortaz, badirudi egun ezbaian dauden arau horiek ez daudela «betidanik», eta lehen ere aldatutakoak direla.

"Non ikas daiteke hitanoa?"

Ozaitak bere lanean aipatzen du gazteek hitanoa jorratzea eta lantzea faltan botatzen dutela. Naturalki jasotzen ez dutenek, eskolan aditz-taularen bitartez izaten du lehen kontaktua batzuetan, eta horrek «aspergarria» izatea eragiten du. Horregatik, hezkuntzak ere hitanoaren erabileran zeregina baduela uste du. Azpeitian, esate baterako, lanketa berezi bat egiten ari dira ume eta gazteekin hitanoa lantzeko, euskarri desberdinak erabiliz, eta «dinamikoagoa» eginez. Aisialdiaren eremua da garrantzitsua Ozaitaren ustez, hitanoari bultzada emateko: «Modu informalago batean, gero hitanoa ere modu informal batean erabiliko baitute, kale giroan edo lagun giroan». Kirol taldeak edo aisialdi taldeak izan daitezke horretarako egokiak; nahiz eta arazo handiena entrenatzaileek edo arduradunek hitanoa ez ezagutzea izango den ziurrenik arazorik handiena: «Irakasleek beharko dute mintzapraktika edo ikastaroa, gero beraiek gazteei transmititzeko».

Bestalde, hitanoaren erabilera bultzatzeko «egokiena» euskararen inguruko eragileak bildu, hausnartu eta eskualderako plan bat egitea litzateke Ozaitaren ustez; zeren askotan gazteak «kritikatzen ditugu ez dutelako zuzen hitz egiten», baina transmisio zuzena jaso ez duenak, «ez du ikasteko aukerarik izan». Ozaitaren ustez, eman zaion «garrantzia gutxirekin» iraute hutsa harrigarria da, eta hori «indar berezi bat» duelako da. Ozaitak, hitanoa gazteek bilatzen duten kolokialismo hori emateko aproposa ikusten du, eta horrek euskararen erabileran ere eragina izan dezakeela uste du.

Edonola ere, hitanoaren etorkizuna gazteengan utzi beharrean, orokorrago landu beharreko zerbait bezala ikusten du Ozaitak. Eta erabaki horiez gain, egunerokotasunean, euskararen erabilerarekin bezala, norberaren esku egon daiteke pauso bat gehiago eman, ausartu eta hitanoa gure egunerokotasunean txertatuz.

 

Hika praktikatzeko taldea osatu du Galtzaundi euskara elkarteak

 

Galtzaundi euskara elkarteak hika praktikatu nahi duen edonorentzako ekimen bat jarri du martxan. Hain zuzen ere, astero talde bat bilduko da horretarako. Duela bi aste egin zuten lehen bilkuran erabaki zuten asteartero biltzea, 17:00etan, Tolosako Bidaiarien Txokoan. Hika praktikatzeko edota naturaltasuna bilatzeko interesa duen edonork bertara gerturatzeko gonbitea egin diete.

Astero bilduko den talde honetan dinamizatzaile lanetan ariko dira eskualdeko lau pertsona: Josu Iztueta bidaiaria, Ebaristo Elduaien euskaltzalea, Balentin Dorronsoro txirrindulari ohia eta Mattin Amundarain euskaltzalea. Guztiak txandaka ariko dira taldea dinamizatzen, baina Ataria-k lauak bildu ditu beraien esperientzien berri izateko.

Jendea taldean parte hartzera animatu nahi dute laurek. «Etor daitezela, lasai!», esaten du Ebaristo Elduaienek. «Dakiguna ahal den modurik onenean erakutsiko diegu», Balentin Dorronsorok; bere esanetan ikastolan edo aukeraren bat izango balu jendeak hitanoa ikasteko, ez lirateke horrelako ekimenak beharko, baina egun hika praktikatzeko «aukeretako bat hau da».

Lau dinamizatzaileek, ordea, txikitatik ezagutzen dute hitanoa, batzuek etxean bertan hitz egiten zutelako eta besteek gertu egokitu zaielako. Mattin Amundarainen kasuan, esate baterako, «etxean senide guztiek» egiten zuten hika, eta berari bakarrik egiten omen zioten zuka. Horregatik, berak ere ez du «ohiturarik» hika aritzeko, eta emakumeei «inoiz ez»; nahiz eta forma ezagutu. Hala ere, amezketarra izanik hitanoa «betidanik» izan du gertukoa.

Elduaien adunarra da, eta berak ere dio bere kidekoen artean «ezinezkoa» zela zuka hitz egitea, «denek» hika egiten zuten. Etxean zuten amonari berorika egiten zioten Elduaienen etxean, gurasoei zuka eta senideen artean, neska edo mutil, hika. Mailaketa hori «oso markatua» zegoen, «adinagatik eta errespetuagatik». Bere ustez, hika egitean «konfiantza handia» dagoela ikus daiteke.

Josu Iztueta tolosarra da, baina gaztetan Berastegin asko ibilia da, bertako lehengusuekin, eta bertan hika egiten zuten. Erabilerari dagokionez, Tolosan hika giro jakinetan egiten dela uste du, berak zenbait jenderekin egiten du, hala ere. Eta gehienetan gizonezkoekin, nahiz eta orain noka amarekin «praktikatzen» ari den.

Balentin Dorronsorok ere betidanik egin du hika; bai eskolan, senideen artean ere bai (arrebarekin izan ezik, berarekin zuka), eta baita herrian ere. Hori bai, helduagoak direnekin neska eta mutilekin egiten du hika, baina gazteagoak direnekin neskei zuka egiteko ohitura du.

Lauek bat egiten dute Josu Ozaitaren teoriarekin, eta beraiek ere bereizketa bera egiten dute. Batetik, nezakal guneetan edo euren herrietan hika praktikatzen jarraitzen dela ikusten dute. Bestetik, neskekin edo emakumeekin hika ez dela praktikatzen aipatzen dute, etxean bertan beraiek egin duten «bereizketa bat» dela onartzen dute, eta «aztertzekoa dela» iruditzen zaie. Arauei dagokienez ere, «ez zaie burutik pasa ere egiten», esate baterako, apaizari hika egitea. Elduaienek, berriz, dio aurrean daukan pertsonarengan daukan irudiaren baitan erabakitzen duela pertsona horrekin hika aritu ala ez. Hala ere, egun arauak aldatzen ari direla ikusten dute egunerokotasunean.

Hika egiten ez dutenentzat Amundarainentzat «errebeldea» izan da betidanik, eta Elduaienek ere erabiltzen ez dutenentzat «gogorragoa» dela pentsatzen dutela uste du.

Etorkizunari, berriz, egungo egoeraren antzeko ikusten dute. Dorronsorok uste du orain artean bezala, herri txikietan umetatik ikasiko dutenak «mantendu» egingo dutela, eta ikasi nahi dutenek ikasteko aukera izango dutela, lagunei entzunda edo, zeren ez zaio iruditzen hika ikasteko «beste modurik» sortuko denik. Amundarainek dio «poztu» egingo litzatekeela, hika «erraz» ibiliko balitzateke, baina «egoki».

Ez dakiten horiei edo gehiago ikasi nahi dutenei laguntzeko prest daude edonola ere Amundarain, Elduaien, Iztueta eta Dorronsoro, eta aipatu bezala, asteartero, eurekin bildu eta tarte on bat pasatzeaz gain, hika praktikatzeko ere aukera zabalik dago orain eskualdean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!