Egungo sistema ekonomikoari alternatibak eraikitzeko aukerak

Imanol Garcia Landa 2015ko ots. 26a, 17:32
Gorka Egia, Lore Agirre eta Joxe Ramon Apalategi, jardunaldien aurkezpenean.

'Ekonomia soziala, ekonomia pertsonen zerbitzura' jardunaldiak antolatu ditu Tolosako Udalak beste hainbat eragilerekin.

«Beste era bateko gizartea nahi dugulako eta alternatiba eraiki nahi dugulako, sistema ekonomikoaren oinarriak birpentsatu eta aldatu behar ditugu». Asmo horrekin antolatu du Tolosako Udalak beste hainbat eragilerekin batera Ekonomia soziala, ekonomia pertsonen zerbitzura izeneko jardunaldiak. Datorren astelehenetik hasita hainbat hitzaldi eta Ekonomia Solidarioaren I. Azoka hartuko dute jardunaldiek.

Lore Agirre Tolosako Udaleko alkateordeak azaldu duenez, «ekonomiak gizartearen eta pertsonen beharrei erantzun behar liekeela uste dugu, logika batean gizarte osoaren ongizatea bilatu beharko lukeela. Azken finean gizartea pertsonek osatzen dugu eta ekonomia bizi kalitatea hobetzeko tresna izan beharko luke». Errealitatean dagoen sistema ekonomikoak ez duela baino logika hori jarraitzen gaineratu du Agirrek: «Gaur egun ekonomiak gutxi batzuen interesei eta hazkuntza terminoei erantzuten die, pertsonen arteko lehian eta ingurumenaren birrinketan oinarrituz; azken finean, pertsonen aurka eginez».

Egungo sistema ekonomikoa «hazkuntza infinitoaren» ideian oinarritzen dela esan du Agirrek, baina jakina dela «baliabide mugatuak» dituen mundu batean bizi garela, eta, beraz, «talka egiten dute egungo sistemak eta bizi garen munduak». Horren adierazle moduan jarri ditu «krisi ekonomikoa, ingurunearen degradazioa, klima aldaketa, indibidualismoaren nagusitasuna...». Hori dela eta, sistema ekonomikoaren oinarriak «birpentsatu eta egokitzea ezinbestekoa» dela dio Agirrek.

Jardunaldietan jadanik gaur egun Euskal Herrian, Gipuzkoan, Tolosaldean eta Tolosan pertsonetan zentratuta dauden proiektu ezberdinak aurkeztu nahi dituzte. Hainbat arlotan lantzen diren proiektuen berri emango da hitzaldien eta azokaren bitartez: kolaborazioa, tokiko garapena, ingurunearekiko errespetua, finantza etikoa, elikadura subiranotasuna, tokiko merkataritzaren sustapena, energia berriztagarriak...

Egitasmoaren aurkezpenean Joxe Ramon Apalategi Fiare banka etikoko kidea izan da eta jardunaldiak aukera moduan azaldu du: «Ikusmira zabala eskaintzeko aukera da, ekonomia arloan eta finantza arloan esperientzia ezberdinek gure eguneroko kontsumo ohiturak zalantzan jarri eta aukera berri batzuen aurrean ipintzeko». Horrez gain, Apalategik uste du jardunaldien bitartez jendea ohartu daitekeela «hiritar eta gizarte bezala dugun garrantziaz eta indarraz, nolabait gobernu eta merkatuek baztertze egoera batera bidali gaituzten horretan».

Bere aldetik, Gorka Egia Guztion Onerako Ekonomia taldeko kideak gogora ekarri du Europako hainbat herrialdeetako konstituzioetan zehaztuta dagoela ekonomiak guztien onerako izan behar duela. Bestalde, eta Orendaingo Udaleko alkate gisa, azaldu du udalerri horrek bat egingo duela ofizialki Guztion Onerako Ekonomia mugimenduarekin datorren astean.

Astelehenean mugimendu horren inguruko jardunaldia izango da Lehiberrin eta bertan izango da, besteak beste, Christian Felber mugimenduaren sortzailea. Lehiberrira gonbidatu dituzte enpresariak, udal ordezkariak, elkarte eta norbanakoak, eta garapen agentzietako teknikariak. Hain justu, Felberren hitzaldiaren ondoren, taldeka banatuko dira Guztion Onerako Ekonomia hainbat arlotan nola garatu daitekeen azaltzeko.

Egitaraua

Martxoak 2, astelehena

18:30. Christian Felber-en hitzaldia, Guztion onerako ekonomia. Ekonomiaren balore berriak, Lehiberri zentroan.

Martxoak 4, asteazkena

19:00. Finantza etikoak, sorrera eta egungo alternatibak (+Fiare) hitzaldia, Cristina de la Cruzen eskutik, Tolosako kultur etxean.

Martxoak 6, ostirala

19:00. Bide berriak: elikadura burujabetza Euskal Herrian dokumentala eta horren inguruko solasaldia, Bizi Lur-en bitartez, Tolosako kultur etxean.

Martxoak 7, larunbata

10:00-14:00. Ekonomia Solidarioaren I. Azoka, Tolosako Trianguloa plazan. Kultur etxean, hitzaldiak, bideo emanaldiak eta topaketak...

Martxoak 9, astelehena

19:00. Ekonomia sozial eraldatzailea, tokiko garapenerako alternatiba hitzaldia, Gorka Julio eta Leire Udaberekin (Olatukoop), Tolosako kultur etxean.

Martxoak 11, asteazkena

20:00. Txantxia, Oñatiko moneta osagarria hitzaldia, Iosu Lizarralde Aiastui Oñatiko sozioekonomia zinegotziaren eskutik, Tolosako kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!